Urrezko bi domina sei orduan

Maritxu Housset ezkerparetako eta trinketeko munduko txapeldun izan da egun berean. 37 urterekin, bi jokamoldeetan jardutearen «erronka» jarri zion bere buruari, eta arrakastaz gainditu du.

Maritxu Housset, pilota astintzeko prest, Bartzelonan jokaturiko trinket partida batean. FFPB.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Iragan larunbatean, pilotaren historian sartu zen Maritxu Housset (1981, Arbona, Lapurdi). Aurretik ere ondo merezia zuen tokia arbonarrak, bost aldiz izan baita nagusi mailako munduko txapeldun, baina, larunbatean, paleta gomako bi modalitatetako finalak irabazi zituen ordu gutxi batzuen tartean. «Xantza ukan nuen, final bat goizean zelako eta bestea arratsean. Bitartean, jateko eta atseden hartzeko denbora izan nuen», gogoratu du, umil. Goizez, lehenbizi, 10:00etan, ezkerparetako finala irabazi zuen, Aizkoa Iturrinorekin, eta, 16:00etan, Stephanie Leizarekin, trinketekoa. Ospakizunetarako tarterik ez bien artean. Emakumezko pilotari batek halakorik lortu duen lehen aldia da. Bartzelonako izarra izan da.

Urriaren 20ko balentria duela bederatzi hilabete hasitako prozesu baten amaiera izan zen. Housset aurretik hiru aldiz izana zen trinketeko munduko txapeldun (2002, 2006 eta 2014), eta, iaz, ezkerparetako txapeldun izan zen Munduko Kopako proba batean. Emaitza horrek konfiantza eman zion bere buruari «erronka» hori jartzeko. «Urte gogorra izan da; astean bitan entrenatu naiz ezkerparetan, beste hainbestetan trinketean, eta saio fisiko bat. Duela lau urte eskaini izan balidate, ez nukeen onartuko, baina, iaz, hirugarren aldiz ama izan ondoren, sendo nabaritu nuen gorputza, eta baietz esan nion eskaintzari». Lanarekin uztartuz egin du hori, Housset gimnasia irakasle baita Donibane Lohizunen (Lapurdi).

Bartzelonan sei partida jokatu zituen astebetean; pilotaleku bakoitzean, hiru. «Ordezko onak eraman genituen, eta lehen fasean ez nituen partida guztiak jokatu. Bana jokatu nuen, bi finalerdiak eta bi finalak», gogoratu du. Trinketean faborito handiak ziren, eta urre hori zen bere lehentasuna, baina garbi zuen ezkerparetean lehiakor izan zitezkeela. «Final gogorra genuen, baina iruditu zitzaidan Amaia Irazustabarrena eta Maider Mendizabal nekatuta iritsi zirela [15-7 eta 15-4 irabazi zieten]. Nik badakit zenbat jokatzen duen Mendizabalek; urte hauetan guztietan elkarren aurka aritu gara, eta ez zuten beren jokoa erakutsi. Mexikoren aurka finalerdi gogorra ukan zuten, eta finalean sumatu zuten nekea».

Laugarren munduko txapelketa du, eta azkenekoa, Houssetek nazioartean jokatzeari utziko baitio. 2022ko Munduko Txapelketa Miarritzen (Lapurdi) izango da, baina urrun ikusten du han jokatzea. «Oraingoz, bai, lanarekin eta familiarekin zaila da eustea. Egia da gertuan izatea beti dela lagungarria, baina adinean gora ere banoa. Azken urtea gogorra izan da, eta astebete kanpoan egite hori bukatu da. Frantziako eta etxeko txapelketetan jarraituko dut».

Bartzelonan Frantziako selekzioarekin aritu da, eta etorkizunera begira zail ikusten dute euskal selekzioarekin aritzea. «Gaia asko hoztu da. Oroitzen dut 2002an, Iruñean, argazkia-eta atera genuela euskal selekzioaren elastikoekin. Bartzelonan ez da ezer entzun. Nik onartzen dut ez dudala gaiaren inguruan indar handirik egin. Garbi dut polita litzakeela selekzioa edukitzea, baina Nazioarteko, Espainiako eta Frantziako federazioak aurka izanda zaila da onartua izatea.Txapelketa asko hobetuko litzateke; beste selekzio indartsu bat litzateke».

Esku-huska ez

«Nik maite dut esku-huska jokatzea. Telebistaz ematen dituzten partida guztiak ikusten ditut. Nire aita herriko pilota elkarteko entrenatzailea zen, eta umetan eskuz bakarrik jokatzen nuen, elkarteko mutilekin, baina gero palaz hasi behar izan nintzen, eta oso pozik jarraitu izan dut». Housseten pilota sustraiak esku-huskan hondoratzen dira, eta oraindik ez ditu atera. Izan ere, eta bizitza guztian palaz jokatu ondoren, esku-huska lehiatzeko aukera izan du azken urteetan, hala frontballean nola ezkerparetan pilota gogorrarekin.

Ezkerparetari dagokionez, Emakume Master Cupen binakako txapelketan parte hartu zuen iaz, eta finalerdietara arte iritsi zen. Gozatu zuen, baina gogorra egin zitzaion. «Eskuetatik oso gaizki bukatu nuen, sobera min izan nuen. Polita da, baina eskuetatik hainbeste sufrituz ezinezkoa da, ez dut usaiarik. Agian gaztetatik hasi izan banintz...». Frontballean, aldiz, pilota biguna da, gomazkoa, eta bera da munduko txapelduna. «Jokatzeko aukera badut, baietz esango dut. Asko gozatzen dut jokatzen; han eskuek ez dute batere sufritzen».

Arazoa pilota gogorrak badira, trinketak tarteko bide on bat eskaintzen du. Trinketeko pilotak ez dira ezkerparetakoak bezain gogorrak. Zergatik ez? «Iaz egon zen saiakera bat, jokatu zen partida bat Makeako bestetan, baina nik ez nuke nahiko. Nik nahiago dut palaz jokatu, gauza gehiago egin ditzakegu. Ikusteko ere nik nahiago dut emakumeak palaz ikusi». Eta, etorkizunera begira, posible al da Ipar Euskal Herrian? «Zail ikusten dut; kulturalki, batez ere. Mutilek eskura jotzen dute, eta neskek, palara; hori aldatu egin beharko litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.