Arrauna

'Esperantza'-k fedeari heldu dio

Herriko arraunlari gazteek osatzen dute Getariako taldea, «kuadrilla bakarra» izateraino. Lortutako emaitza onei esker, KAE 1 ligako lider dira getariarrak, eta amesten hasiak dira.

Jokin Idiakez Getariako arraunlaria eta Unax Eizagirre Getariako patroia. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Getaria
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Getaria kostaldeko herria izanik, arrantzarekiko bakarrik ez, arraunarekiko duten usadioa ere ongi errotua dute getariar gehienek euren etxeetan. Bai behintzat Jokin Idiakezen (Getaria, Gipuzkoa, 1992) familiak. «8 urterekin, nire aitak patroi sartu ninduen. Gero, arraunean hasi nintzen, seniorretara iritsi eta gaur arte». Unax Eizagirrek (Getaria, 1998), aldiz, arrauna beste kirol diziplina batez ordezkatu zuen, lagunartea faltan sumatzen zuela eta. «Futbolean hasi nintzen ni, baina nire kuadrillako zenbait lagun arraunean zenbiltzan, eta haiengana batu nintzen ni ere». «Txikia» eta «arina» zenez, patroi aritu zen. Egun, Esperantza ontzia osatzen duten taldekideetako bi dira.

Seniorretara heltzen den arraunlariak lan nekeza izan ohi du traineruan sartzeko; are gehiago ontzi bakarra uretaratzen bada. Eizagirrek lehen urtea ekarri du gogora: «Gure adineko sei lagun ginen, eta, inork jokatzen ez zuenez, lehorrean ez ginen bakarrik geratzen». Hala, arraunean segitzeko «elkarren babesa» zuten, eta orain esfortzu horren fruituak jasotzen ari dira. «Gure ordua iritsi da».

Eizagirrek, besteak beste, Ander Etxegoien San Pedroko egungo patroia eta Xabier Eizagirrerengandik edan du patrontzarako eskarmentua, eta Esperantza ontzia arraun luzearekin gobernatzeko ardura dauka 2018tik. Traineruaren txopan ongi moldatzea ez da egun batetik bestera ikasten. «Errespetua ematen du, eta, emaitza txarrak direnean, gehienetan gazteenari botatzen zaio errua; agian, konfiantza faltagatik edo». Emaitza onak direnean, ordea, aurpegian irribarrea nagusitu ohi zaio Eizagirreri. «Gozatu egiten dut».

2019an, Jon Larrañagak bere herriko taldea zuzentzeko ardura hartu zuen, eta, Idiakezek azaldu duenez, bai Larrañagak bai klubak etxeko arraunlarien aldeko apustu sendoa egin zuten. «Aurretik arraunean aritutako bakan batzuk itzuli ziren, baita hasiberriak ere, tartean Andoni [Galarraga, lan istripuan hil zena]». Aurten, Getariako taldean hiru ez beste guztiak etxeko arraunlariak dira; «oinarri getariarra», bien esanetan. Errealitate horri balio handia eman diote biek. Idiakezek hartu du hitza: «Adin ezberdinekoak garen arren, getariarrak gara, eta guztiok kuadrilla bakarra osatzen dugu». Eizagirrek honakoa gehitu du: «Gure egunerokotasuna arraunaren inguruan egiten dugu, baita planak egin ere; adibidez, TKEko estropadak ikustera joaten gara». Gainera, egoerak hala behartuta, aitortu dute «hobe» dutela modu horretara ibili. «Iaz esperientzia txarra izan baikenuen». Itxialdian egon ziren denboraldi erdian, taldean positibo kasuak egon zirela eta.

Talde lehiakorra

Klub apala izateak betikoa du: urtero ontzia uretaratzeko zailtasunak edukitzea. «Gazte asko dabilen arren, seniorretara oso gutxi iristen dira», esan du Idiakezek. 29 urte ditu, eta jada beteranoen zakuan sartuta dago, «gaztea sentitu arren». Ez du beste erremediorik. «Arraunean segitu beharko dugu». Bada, tostartean jarraitzeko arrazoiak badituzte. «Txalupa ondo dabil». Sekretua, hau: «Hiru urte daramatzagu oinarri berarekin, eta jauzi kualitatiboa eman dugula igarri dugu».

San Pedroren eta fitxaketekin indartu diren Kaiku eta Pedreñaren brankaren pare bakarrik ez da jarri Getaria, baita jokatu diren zortzi estropadetatik hirutan nagusitu ere. «Horrelako egitasmo bat esku artean genuela kontuan hartuta, ez genuen espero haiei behin baino gehiagotan irabaziko genienik». Idiakezen aitortza da. Eizagirrek, bestalde, honako datu hau bota du: «Talde horiek izena eta historia handia dute, baina Getaria aurreneko lau postuetan ibili da borrokan azken zazpi edo zortzi urteetan. Borrokalariak gara».

Denboraldi erdia bete dute, eta getariarrak KAE 1 ligako lehen postuan dira. «Igoerako kanporaketak jokatu ahal izateko, lehen bi postuetan amaitzeko esperantza handia dugu», atera zaio barrutik Eizagirreri. Ez dute baztertu aldageletan ere sarriago hitz egiten dela horretaz. «Horri heldu behar zaio». Idiakezen lagun batek esandakoa: «'2007an, KAE 1eko liga irabazi zuen Getariak, eta handik zazpi urtera bigarrenez. 2021ean gaude, eta aurten tokatzen da hirugarrenez irabaztea'. Hori gehiegi eskatzea da, baina badago amestea». Hasteko, Eizagirreri eta Idiakezi bizipen gozoa ekartzen dien estropada eremu batean jokatuko dute bihar (16:45), Pedreñan; duela bi urte han irabazi baitzuten bandera, biak Esperantza traineruan zirela. «Lorpen hura berriz egitea ederra izango litzateke», diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.