Lan handia erreskate zail baten atzean

Hamazazpi egunez Thailandiako koba batean harrapatuta egondako hamahiru gazteak ospitalean dira jada, erreskate lan zail eta konplexu bati esker. Adituek diotenez, giltzarria izan da gazteek sorosleengan izan duten konfiantza.

Lan handia erreskate zail baten atzean.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Mundua hunkitu du Thailandia iparraldean izandako ezbeharrak. Ekainaren 23an, 11 eta 16 urte bitarteko hamabi gazte eta 25 urteko entrenatzailea haitzulo baten barruan harrapatuta geratu ziren, irteeratik lau kilometrora, euriteak bidea oztopatu zielako. Futbol entrenamendua amaitu eta gero,abentura saio bat egiten ari ziren koban, eta hamazazpi egun egon dira ezin atera. Herenegun azkenak atera ziren, eta guztiak jada ospitalean daude, onik eta osorik.

Hala ere, hori hamazazpi eguneko lan gogorraren ondorioa da, ehunka boluntariok egindakoarena. Javier Aginaga Buceo Euskadiko kide den urpekariak dioenez, «erreskate oso konplexua eta zaila izan da, baina lortu dute euren helburua: haitzulo barruan harrapatuta zeuden guztiak ateratzea».

Baina zergatik izan da hain erreskate zaila eta konplexua? «Egin duten erreskatearen zailtasun handiena ur azpian dauden tarteak zeharkatzea izan da; horietan zegoen arriskurik handiena», esan du Alex Ulek, Inguru Abenturako koordinatzaile lanetan dabilen espeleologoak. Izan ere, hamahiru gazteak kobako irteeratik lau kilometrora zeuden, eta bidearen zati ugari oso estuak dira; eta gehienak ur azpian daude. Horregatik, ezinbestekoa izan da urpekarien lana.

Enrike Camarero Hondarribiko Gurutze Gorriko patroi eta erreskate urpekari ohia da —egun irakasle lanetan dabil—. Haren arabera, «Thailandiako hamahiru gazteei ez diete ur azpian igeri egiten irakatsi, haitzulotik ur azpian irteten baizik». Nahiz eta hedatu den gazteei ordu gutxian ur azpian igerian irakatsi dietela, Camarerok dio benetan «urpekariengan konfiantza izaten ikasi behar izan» zutela. Gazte bakoitza bi urpekariren laguntzarekin atera da haitzulotik, bi horien tartean. Gazte bakoitzari aurpegi osoa estaltzen zion maskara moduko bat jarri diote, eta, horri esker, ahaleginik egin gabe arnastu eta hitz egin ahal izan dute ur azpian zebiltzan bitartean. Gazte bakoitzaren maskara loturik zegoen aurretik zihoan urpekariak bizkarrean zeraman aire konprimatuko botilari. Horrela, erraz arnastu zezaketen, eta ez zuten pisu handirik eraman behar gainean. Gainera, gazte horiek ez dute ur azpian igeri egiten ikasi behar izan —ia ezinezkoa, gainera,hain denbora urrian eta hain egoera kritikoan—, aurreko urpekariari arnes batekin loturik zihoazelako.

Konfiantza giltzarri

Camarerok dioenez, «lokatza da haitzuloen arazoa: leku batzuetan ez da ezer ikusten, eta ur zikin horren azpian zaudenean ez dakizu non dagoen ez ezkerra, ez eskuina, ez ezer». Urpekariak ohituta daude ezer ikusten ez den uretan igeri egiten, eta, horregatik, gazte horiek laguntzaileengan konfiantza izan behar zuten, hori baitzen handik irteteko aukera bakarra.

Gainera, kobazuloko hainbat lekutan erreserbako aire konprimatuko botilak jarri dituzte. «Itsasoan airerik gabe geratzen bazara, gora igo zaitezke, baina kobazulo batean ez da hori gertatzen» esan du Camarerok. Horregatik, urpekariek aukera izan dute euren botila husten ari zela konturatzerakoan erreserbakoa hartzeko.

Erreserbako aire konprimatuzko botila horiez koba hornitzen ari zen urpekari bat hil egin zen lanean zebilela, airerik gabe geratu zelako. Zoritxarrez, heriotza hori izan da erreskate lanen zailtasunaren adierazle nagusia.

Erreskate lanak abian jartzeko protokoloa ere nahiko konplexua da. Alex Ule espeleologoaren esanetan, «kobako bide ezagunenak aztertzen dira taldeka, harrapatutako gazteak egon ahal diren lekuetara joanez, koba ondo ezagutzen duten espeleologoak espedizioetan izaten baitira normalean. Leku horietan ez badaude, beste aukera batzuk aztertzen dituzte». Guztia era koordinatu batean egiten da, eta kanpoaldearekin komunikatzeko sistemak ezartzen dira. Ez da komenigarria horiek kobako leku guztietan ezartzea, eta, horregatik, bi kontrol gune ezartzen dira: bata, gertuen dagoen herrian, udalak utzitako lokalen batean; eta bestea, haitzuloaren ahoan bertan. Erreskatean parte hartuko duten sorosle guztiek bi kontrol gune horietatik pasatu behar dute, erregistro bat izateko.

«Sorosleak taldeka banatzen dira esperientziaren arabera, eta, lanak banatuta, leku jakin batean kokatzen da bakoitza, bere zeregina egiteko: galdutakoak bilatzea, soken instalazioak jartzea...», esan du Ulek. Thailandiako kasuan ere, gazte horiek aurkitu eta lokalizatu ondoren, Ariadnaren haria esaten diotena ezarri zuten. Kable luze bat da, galdutako taldea eta kobako irteera lotzen dituena. Horri jarraitzea besterik ez dute urpekariek haitzulotik irteteko. Bidearen zatirik handiena ur azpian egin beharra gutxi ez, eta oso gune estuetan nahiko komeriak izan dituzte. Pasabide horietan, urpekariek aire konprimatuko botilak bizkarretik kendu eta buru gainean jarrita lortu dute beste aldera pasatzea, eta gero gazte bakoitzari igarotzen laguntzea. Argi du Aginagak: «Lan bikaina egin dute sorosleek!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.