Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Zuzenean

2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Arratsaldero entzuten nuen. Esatariak eszena bat azaltzen zigun: pertsonaia batzuk egoera batean zeuden, eta entzuleek asmatu behar zuten zer gertatu zen une horretara heltzeko. Deitzen zuenak galdera bat egiteko aukera zuen, eta esatariak esaten zion ea horrek zerikusia zuen gertatu zenarekin ala ez. Eta banan-banan, bat bestearen atzetik, erratutako erantzunek balio zuten gerta zitekeena osatzen joateko, hau da, izan ez zenaren azalpenak sortzen zuen istorioa bera. Zaila zen lehenengoan asmatzea, eta amarru bat zegoen beti ezkutatuta eta, aldi berean, agerian (soluzioarekin ikusten zen), eta batzuetan asteak pasatzen ziren inork asmatu gabe. Kontakizunak harrapatuta, Lauretan babel saioaren sintonia entzun bezain pronto Susana Mujikak egiten zuen laburpena entzuten nuen autoaren barruan, semeak ikastolatik noiz atera zain. Entzuleen eta saioaren gidarien arteko solasaldien bidez aurrera zihoan kontakizuna, eta horrekin batera, gertatzen zenaren inguruko jakin-mina...

Ez nuen inoiz deitu, baina ezagunak egiten zitzaizkidan kontakizun koral horren ahotsak. Antzeko zerbait gertatzen zitzaidan ere goiz-goizean lanerako bidean irratira deitzen zutenen eta esatariaren arteko elkarrizketekin. Bilbo inguruan bizi garenontzat oso garrantzitsua zaigu zerbitzu-informazioa deitzen dena, bereziki trafikoa, auto ilarak saihestu ahal izateko. Beraz, eskertzen nuen entzuleek deitzea eta momentuan istripu edo intzidentziaren berri ematea.

Orain, berriz, Whatsapp-eko mezuek, audioek, ordezkatu dituzte telefono solasaldi horiek (bizitza errealean bezalaxe). Ez da berdina, antzekoa bada ere, euskarri bera erabili arren. Ez dago elkarrizketarik, noranzko bateko bakarrizketa da, ahots korala osatu arren. Bizkorragoa da, ez da beste aldean norbaitek telefonoa eskegi dezan itxaron behar, ez komunikatzen ari den soinurik; saioaren gidarientzat ere erosoa, gainera, ez dago huts egiterik ezta isilune deserosorik.

Aurreko astean, Nafarroa Behereko irratien (Irulegi eta Amikuzekoa) aldeko sustengu-kanpaina hasi zen Donapaleun, zuzeneko batekin, eta entzuleak deitu eta abestiak dedikatzera gonbidatu zituzten... Lataraturiko podcastak aditzen ohitzen ari gara, baina goza dezagun irratiak ematen duen zuzeneko xarma hori, eta telefonoa hartu eta solas dezagun audioak bidali ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.