Mirari Martiarena Iraola.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Egokitzea

2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Xabier Doncel Gazteako zuzendaria elkarrizketatu du Urtzi Urkizuk aste honetako BERRIAn. Gaztea irratiak bisualagoa izan behar duela izan zen lerroburura ekarritako esaldia. Irratia eta bisuala binomio horretan baditut nire kontraesanak, irratiaren magia hori, ez ikustean badagoelako. Baina era berean oso gertutik jarraitzen diet Gazteak egiten dituen ikus-entzunezkoei. Gertutik jarraitu bakarrik ez, ikusi ere bai. Iruditzen zait azken hiruzpalau urtetan sekulako lana egin dutela ahalegin horretan eta asmatzen ari direla formulan. Nabari da, irratian sortzen den edukiak sarera igotzeaz gain, badagoela eduki berriak sortzeko gogoa eta irrika lantalde osoaren partetik. Eta entretenimendu moduan iristen zaizkigun horiek badutela jolasetik bezainbeste lanetik eta hausnarketatik.

Eskolara Salgai entzunda joaten nintzenetik naiz Gaztearen entzulea, bueno, orduan Euskadi Gaztea zen eta urteotan gehiago edo gutxiago entzun izan dut. Baina egia da, pandemia hasi zenetik ia beste irratirik ez dudala entzun, zurrunbilotik aldentzeko balio izan didan frekuentzia izan dela. Aktualitateak eta informazioak badute bere lekua, baina garai hauetan eskertzen da umorea eta entretenimendua irratian.

Goizeko irrati entzulea naiz gehienbat eta Dida saioak lortzen du ia lau orduz entzulea irribarretsu egotea, barre eginaraztea eta harrituta uztea. Azken hilabetean bereziki eskertu dut, gainera, Andrea Aranburu saioaren hasieratik entzutea. Edurne Garmendia bederatzietan zuzenean sartu arte, faltan botatzen nuelako zuzeneko emakume ahots bat. Nahiz eta Julen Telleria, Xabin Fernandez, Antton Telleria eta Jon Gotzon Aldaparenaren solasaldi eta ateraldiak gustura entzun. Baina Aranburuk ahots hutsetik harago egin du bere lekua uhinetan eta saioari ekarpen politak egiten dizkio bere izaera eta ahots propioarekin.

Aktualitateari lotutako elkarrizketek ere beti dute formaletik eta ganberrotik eta badakizu Dida-n ez dela ohiko elkarrizketa bat izango. Dituzten kolaboratzaileen proposamenek ikaragarri aberasten dute saioa. Ez dut ukatuko Haitz Errazkinen fan amorratua naizela: egiten dituen telefono deiena eta erabiltzen dituen euskarazko esamoldeena.

30 urteren ondoren, heldutasun eta oparotasun betean dagoen irratia da Gaztea. Haitz Errazkinek esango lukeen bezala, aurrerapideetara etengabe egokitzen ari den gaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.