EBren funtsak. Europako Batzordea

Brusela:«Bi behar dira tangorako; herrialdeek beren lana egin behar dute»

Next Generation funtsa finantzatzeko bidea eztabaida iturri da oraindik EBko kideen artean

Johannes Hahn komisarioa, atzo Bruselan eginiko agerraldian. JOHN THYS / EFE.
Irune Lasa.
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Europak uztailean eta irailean nahi lituzke lehen bonu jaulkipenak egin merkatuetan, Next Generation funtserako dirua lortzeko. Baina hamar herrialderen berrespena falta da oraindik. Eztabaida piztu da zor hori pagatzeko dirua nola bilduko den zehaztearen inguruan ere. Zer litzateke bizitza drama pixka bat gabe? Zer litzateke Europa azken minutura arte iristen ez diren adostasun eta erabakien inguruko dantzarik gabe?

Next Generation funtsen tangoak aurrera segitzen du Bruselan, eta, orain, Europako Batzordeak gerritik estu heltzen die herrialdeei, bere erritmo eta pausora eramateko. Bestela arriskua ikusten baitu, ez ote den atzeratuko suspertze funtserako erabakigarrienetakoa izan daitekeen garaietako: merkatura diru bila jotzeko ordua.

«Uztailean egin nahiko genuke lehen finantzaketa saioa kapital merkatuetan, eta irailean bigarrena, abuztuan oporraldia izaten delako merkatu horietan. Egun horietarako dena prest egongo da gure aldean, baina bi behar dira tangorako, eta herrialdeek ere euren lana egin behar dute». Johannes Hahn Europako Batzordeko aurrekontu komisarioak dei garbia egin zien atzo herrialdeei, diru bila merkatura joateko bere estrategia aurkezterakoan. Mugitzeko esan zien, berretsi dezatela Baliabide Propioen Erabakia (ORD Own Resources Decision) euren parlamentuetan, hori gabe Europak ez baitu baimenik merkatuetara jotzeko. «Konfiantza ekintzen bitartez sortzen da».

Pandemiatik suspertzeko eta Europaren ekonomia transformatzeko zorpetze bateratuak, Next Generation funtsak, iazko urte bukaeran lortu zuen Europar Kontseiluaren, Europako Batzordearen eta Europako Parlamentuaren oniritzia; baina Batasuneko kideek berretsi egin behar dute finantzatzeko bide berri hori, zeina baliabide propioen erabakian dagoen jasota. Hamar herrialderen berrespena falta da. Eta horien artean bik eragiten dute kezka handiena: Poloniak eta Alemaniak. Poloniari dagokionez, eskuineko gobernuko koalizioko alderdietako batek, Polonia Bateratuak, esan du ez diola berrespenik emango erabakiari, besteak beste, EB «superestatu» bihurtzeko urrats bat delako.

Hala ere, kezka handiagoa eragiten du Alemaniak, eta ez bere parlamentuarengatik, Auzitegi Konstituzionalarengatik baizik. Martxo amaieran eman zuen agindua, parlamentuari behin-behinean eragotziz berrespena, haren kontrako azken orduko helegite bat aztertzen duen bitartean. Johannes Hahn horri begira zegoen atzo, bere aurkezpenean azpimarratu zuenean Next Generation behin-behineko instrumentu bat dela. Komisarioak uste du hori argi geratzen dela ORDn, eta Alemaniako Auzitegi Konstituzionala ez dela oztopo izango ekainean gauzak lotu eta uztailean zorra jaulkitzen hasteko.

Zorra nola ordaindu

Egia da Next Generation behin-behinekoa dela. 2021-2026 urte artean egongo da Europaren berreskurapena laguntzen, 806.000 milioi eurorekin. Horietatik 407.000 izango dira laguntza zuzenak, eta gainerako 386.000 euroak mailegu gisa banatzea da asmoa. Diru hori guztira lortzeko, Europak aurreikusi du kapital merkatuetan egongo dela zorra jaurtitzen aurtengo uztailetik 2026. urte bukaerara arte.

Asmoa urtero 150.000 milioi euro lortzea da: batetik, bonuak jaulkiko ditu, hiru eta 30 urte arteko epe mugekin (hiru, bost, zazpi, hamar, hamabost, hogei, 25 eta 30 urtekoak); bestetik, letrak, hamabi hilabetetik azpirako epemugekin. Kostu efizientzia handiena bilatuz, enkanteez gain operazio sindikatuak ere aurreikusten ditu Batzordearen estrategiak.

Jaulkiko dituenen artean, bonu berdeak ere merkaturatuko ditu Europako Batzordeak. 250.000 milioi euro, zehazki «ingurumenarentzat positiboak izan daitezkeen ekimenak» finantzatzeko balioko dutenak. Hala ere, hor aurrena taxonomia adostu behar dute estatu kideek Bruselan, egitasmo berdeak zein diren eta zein ez zehazteko, eta ez da lan makala izango. Bonu berdeen lehen jaulkipena udazken honetan egin nahi luketela esan du komisarioak, eta taxonomia garaiz egotea espero duela.

Next Generation sei urtez egongo da indarrean, baina hura pagatzeak luze joko dio Europari, 2058. urtera arte. Egingo dituen zorrak kitatzeko, Batasunak urtero 50.000 milioi euro beharko dituela kalkulatu du Batzordeak, eta hor beste drama-dantza bat hasiko da, diru gehigarri hori nondik atera adosteko. Johannes Hahnek arrasto gutxi eman ditu Batzordearen gurariei buruz, gaiaz behin eta berriz galdetuta ere. Zerga digitala izan daiteke? Tobin tasa bat? Karbono eskubideak? Komisarioa mugatu da esatera diru iturri berrien inguruko proposamen bat egingo dutela ekainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.