Ainitze Labaka. Erizaina, psikobiologian doktorea

«Erakutsi behar dugu gugan inbertitzeak halako etekin bat duela»

BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Hantura periferikoa depresio eta antsietate sintomekin batera bularreko minbizia gainditutako emakumeetan. Izen hori du Ainitze Labakak Ikergazten aurkeztu duen lanak. Azaldu du gaur egun bularreko minbizia duten gehienak bizirik ateratzen direla, baina horietako %30-40k depresioa eta antsietatea dituztela. «Bularreko minbiziak inpaktu handia du itxura fisikoan, lanera berriz hasteko orduan, familia inguruan...», azaldu du Labakak. Eragin psikosozialaz gain, gaur egun depresioaren inguruan gehien lantzen den teoria hanturarena dela esplikatu du. «Hantura orokor bat egon daiteke garunean eragin dezakeena». Galdetegi bidez ohartu dira babes sozial gutxien duten pazienteek inflamazio gehiago eta depresio gehiago dutela; horregatik, etorkizunera begira planteatu dute emakume bati minbizia aurkitzean, minbizia gainditu duen eta psikologikoki ongi dagoen beste emakume baten laguntza soziala eskaintzea. «Genetika ezin da aldatu, baina bakoitzaren ingurunea alda daiteke», laburbildu du Labakak.

Doktoretza aurreko Eusko Jaurlaritzaren beka batekin egin zuen tesia, eta horrek eman zion soldata. Labakak gogorarazi du Espainiako Estatuan gatazka dagoela ikertzaileen egoerarekin, eta baldintzen duintasuna zalantzan jarri du. «Nire kasuan beka bat nuen, eta moldatu naiz horrekin, baina Donostia batean 800 eurorekin ez dago asko egitekorik».

Haren iritziz, Ikergazte «ate bat» da kolaborazioak lortzeko eta gai komunak ikertzen dituen beste jende bat ezagutzeko. Lanak ezagutarazteko aukera modura ere ikusten du. «Erakutsi behar dugu gugan inbertitzeak halako etekin bat duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.