Bilboko Aste Nagusia

Tortilla beste errezeta

Bilboko Areatza sukaldaritzazalez bete da beste behin, patata tortilla nork hobeto egingo lehiatzera. Tipularekin edo gabe, piper berdeekin, kuiatxoekin edo berakatzak lagunduta: bakoitzak etxean erabiltzen dituen osagaiekin egin du.

Betekada. Aurkeztutako bakoitzari zati bat kenduta, tortilla jan galanta egin zuten epaileek.  MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Patatak, arrautzak eta gatza. Tipularik ez, ez zait gustatzen eta». Mungiako (Bizkaia) Aimar Larrabeitik argi ditu bere gustuko patata tortillak behar dituen osagaiak. Eta horiek erabilita egin zuten Bilboko Aste Nagusiko txapelketan atzo aurkeztu zuten tortilla. 8 urte ditu, eta etxean ez ditu berak egiten. Baina, atzokoan, sukaldariaren laguntzaile lanetan ibili zen, aitaren esanak betetzen. Zartagin bi erabilita, berak eman zion buelta, erortzeko beldurrik gabe. «Anaia nagusiari ikusita ikasi dut egiten».

Areatzako gunea lepo bete zuten dozenaka kuadrillak; guztira, 345 tortilla aurkeztu zituzten, lehen saria zeinek irabazi. Han elkartutako guztien zentzumenek gozatu ederra hartu zuten, usaina Areatzatik kanpo ere nabaritzen baitzen. Epaimahaiko kideek ez zuten erraz izan erabakia hartzen, tortilla bakar batek ere ez baitzuen beste baten antzik. Bilbon geratu zen txapela: Potato izeneko taldeak irabazi zuen. Konpartsen artean, berriz, Txinbotarrak-ekoek egin zuten tortillarik onena —betiere, epaimahaikoen ustez—.

Sukaldari beste tortilla egiten dira Bilbon. Esaterako, Bizkaiko Pentsiodunen Koordinakundeko kide Marisa Galeari kalte egiten dio tipulak, eta kuiatxoa botatzen dio tortillari. «Gaur [atzo] ere horrela egingo dut. Uste dut lehiaketako baldintzetan kuiatxoa ez dagoela osagai modura onartuta. Ezin badut aurkeztu, ez da ezer gertatzen». Koordinakundeko kideek mahai luze bat atondu zuten, txapelketan parte hartu,bazkaldu eta, bide batez, euren aldarrikapenen berri emateko. Afixak, eranskailuak eta txapak banatu zituzten eurenera gerturatzen zirenen artean. 30 lagun inguru elkartu ziren, baina bazkalordurako gehiago batu zitzaizkien, abisatu gabe etorritako lagunak. Denen gosea asetzeko, bederatzi tortilla handi egin zituzten. Hogei kilo patata baino gehiago zuritu behar izan zituzten, goizean goiz hasita.

Goiztiar, lekua hartzera

Ordiziako (Gipuzkoa) Aritz del Riok piper berdea ere erabiltzen du. Haren errezetak badu tortilla erakargarriago egiteko beste osagai bat: baratxuria. «Olioa berotzen denean, zartaginera botatzen dut, patata bota aurretik. Aparteko zaporea ematen dio». Durangokoa (Bizkaia) du neska laguna, eta Bizkaian bizi da orain. «Azken urteetan hemen ibiltzen gara Bilboko jaietan, hutsik egin gabe. Aurten sukaldaritza lehiaketan parte hartzera animatu gara. Zergatik ez? Ederra litzateke hainbeste bizkaitarren artean gipuzkoarrak irabaztea».

08:30erako Areatzan zegoen Del Rio, lekua hartzera joanda.«Guretzat berria da, eta ez genekien zein den ordu egokia. Asmatu dugu, eta badakigu hurrengorako». Erdi-erdian zeuden. Itziar Belmontek eta bere kuadrillako neskek, berriz, bazter batean atondu zuten euren txokoa. 11:30 aldera agertu ziren Areatzan, dagoeneko dena mukuru beteta zegoenean. Haien ahotsurratua entzutea aski zen jakiteko zergatik zebiltzan berandu. «Etorri garen lehen urtea da. Aspaldian ez dugu kuadrilla guztia elkartzeko aukerarik izan, gaur arte. Pentsatu dugu hona etortzea ospatzeko modu ona dela». 12:00etan hiru lagun zebiltzan lehen patatak zuritzen. Gainontzekoak geroago batu zitzaizkien.

Inmaculada Larrearen taldean, berriz, dagoeneko hamaiketakoa ere eginda zeuden. Gazta, txorizoa, bakailaoa... Denetarik eraman zuten, bazkaria iritsi arteko orduetan goserik ez pasatzeko. «Niretzat hamaiketakoa ia tortilla bera baino garrantzitsuagoa da. Sarri, bazkalordurako pasata izaten dut gosea, aurretik bapo jan dudalako». Alboko taldekoekin elkartu ziren, haiek nahi beste ardo ekarri zutelako, baina jatekorik ez. Galder Iglesias zen haietako bat: «Tortilla apaintzeko ergelkeriak ere ekarri ditugu, eta hamaiketakoa ahaztu!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.