Jaime Oraa Gonzalez. Espejoko okin erretiratua

«Gariaren kalitatea asko aldatu da, laborantzaren beharretara egokitzeko»

Nerabe zela labe artean hasi zen lanean Oraa, Espejon (Araba). Ogia egiteaz gain, herriz herri ere banatu zuen, eta, lan hori eginez, bizi izan ditu hamaika aldaketa: bailara jendez hustea, ogibidearen aldaketak, teknologia...

Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Irin artean emandako bizitza baten eskarmentuaz mintzatzen da Jaime Oraa Gonzalez (Espejo, Araba, 1944). 1959tik duela gutxira arte egon da lanean. Asteko zazpi egunetan, urteko 363 egunetan: Eguberri eta Urteberri egunetan baino ez du atseden hartu. Gaur egun, «erretiro aktiboan» bizi dela aipatu du. Gaubeako familietako hainbat belaunalditakoei saldu die ogia, hamarkadetan Espejoko Oraa okindegian egina. Hantxe erantzun ditu galderak, saltokiaren atzeko gela batean. Edozein etxetako gela bat emango luke, alde batean saltokia izango ez balu, eta bestean, labeak eta ogia egiteko makinak. «Goizetik iluntzera arte zabalik gaude, eta eroso egoteko leku bat behar dugu», azaldu du. Okintzarekin lotutako ehunka liburu eta aldizkari ditu apaletan.

Esan ohi da okina izatea ez dela ogibide samurra.

Bizimodu bat da, eta, are gehiago,Espejo moduko herrietan. Gasteizko okinen lan karga jatsi egiten da asteburuetan eta jaiegunetan. Guk, ordea, egun horietan dugu lanik gehien. Abuztuan, lan karga erdira jaits daiteke Gasteizen, baina hein berean handitzen da hemen.

Zenbatek lan egiten duzue Espejoko Oraa okindegian?

Jende askok: ogia egiten, hiru pertsona daude; Espejoko saltokian, Maribel Bolinagak egiten du lan; asteburuetan eta oporretan, beste neska bat dago han, laguntzen; Mirandan, beste saltzaile bat; bi banatzaile... Baina ez ni. Erretiratuta nago... Urte hasieran utzi nion lan egiteari. Erretiro aktiboa dela esan daiteke, baina. Okindegiaren kontu guztiak nire izenean daude, eta...

75 urterekin erretiratu zinen, beraz. Eta okin gisa lan egiten hasi zinen 15 urterekin.

Aita okina zen, eta ikasketak amaitu nituenean bertan hasi nintzen lanean, lehenengoz. Aurretik Batxilergoarekin buru-belarri egon nintzenez, ezinezkoa zitzaidan ezertan laguntzea.

Nolakoa zen garai horretako okindegia?

Gaur egun, badugu saltzeko leku bat. Orduan, ez. Dendetara eramaten genuen, nagusiki. Ogia egiteko lekua txikia zen. 100 metro koadro, egurrezko labe batekin, borobila. Labe endai bat erabili behar genuen. Lan nekagarria zen, baina bazuen alde ona.

Adibidez?

Garai horretan, ez zen ogirik egiten igandeetan. Hori askoz geroago heldu zen.

Zergatik?

Okindegien arteko lehiaren ondorioz. Gasteizen, igandeetan hasi ziren ogia egiten. Ohitura kutsu bat du ogia erosteak: norbaiti ogia igandeetan erosiz gero, lanegunetan ere erosiko dio. Bezeroak joaten zaizkizu, eta... azkenean igandeetan ere lan egin behar.

Gasteiztik urrun dagoen eskualde batean egonda ere?

Arazo gehigarri bat genuen. Ordurako, jende asko zetorren asteburua pasatzera hona, eta bi egunetatik batean ogia ez eskaintzea... Garai horretan, Mirandan [Burgos, Espainia] ere hasi ginen ogia saltzen. Farmazietan bezala, okinak txandakatzen ginen ogia igandeetan emateko. Ordea, batzuk hasi ziren erabaki propioak hartzen, eta...

Espejon garia ehotzeko errotak zeuden. Inoiz baliatu izan zenuten okindegian?

Irina kanpotik erosten genuen. Errota horiek etxean ogia egiteko balio zuten, ez beste ezertarako. Errota horiek ez ziren nahikoak gu irinez hornitzeko.

Zure aitak errota baten ondoan zegoen okindegi batean lan egin zuen, Omecillo ibaiaren parean, ezta?

1929an joan zen aita leku horretara, bai. Han, garia ehotzeko harri handiak zituzten, metro eta erdikoak. Ibaiak eraman zuen dena, gerora. Bi errota zituzten: bat garitarako, eta bestea beste laboreetarako. Baina gerraren ostean debekatuta egon zen garia ehotzea.

Zergatik?

Apenas zegoen garirik, eta estatuak kontrolpean zuen. Norbait garia ehotzen ari zela jakinez gero, Langraizko presondegira bidaliko zuten. Eta hantxe amaitu zuten hainbatek.

Beraz, jendea arriskatzen zen?

Egoera ez zen batere erraza. Labore guztia eman behar zioten agintariei, eta, gero, errazionamendu liburuxkaren bitartez itzultzen zieten horren parte bat. Beraz, entregatu aurretik zerbaitekin geratzeko tentazioa handia zen. Ordea, hori ehotzeko, errota bat behar zuten, eta horiek guztiz kontrolatuak zituzten. Eta hori guztia... [barre egiten hasi da].

Zergatik barre?

Hori guztia egiten zuten irin integrala lortzeko! Benetako ogi integrala egiteko! [Jarraitu du barre egiten] Gaur egun, araudiarekin dauden gorabehera horiekin...

Bilakaera handia egon da horren inguruan, ezta?

Ehun kilo gari ehoz gero lortzen duzuna da: 72 kilo irin zuri, eta 28 kilo zahi. Hori, garai horretan, ez zen bereizten: zenbat eta kilo gehiago, orduan eta ogi gehiago. Eta garai horretan jendeak ogi zuria nahi zuen. Begira nola aldatu den...

Beste aldaketarik antzeman duzu, lanean emandako urteetan?

Gariaren kalitatea bera asko aldatu da, laborantzaren beharretara egokitzeko.

Adibidez?

Garai batean, galsoro bateko laborearen erdiak etzanda amaitzen zuen, zurtoina tolesten zelako. Hori ez zen arazo idiek tira egiten zioten makinentzat, baina makina berriekin... Gariak zurtoin sendoagoa izan dezan, barietate ezberdinak nahastu dituzte, eta, agian, kalitatean eragin du.

Horrek nola baldintzatzen du okinaren lana?

Hornitzaile berari erosita ere, batzuetan aldeak daude. Horregatik, irin mota ezberdinak ditugu: bi hornitzailetik bina irin mota, zuzenketak egin ahal izateko.

Ogia egiteko modua aldatu da?

Oso mekanizatuta dago dena. Ogi txikiei eskuekin forma ematea oso nekagarria da; denbora asko eskatzen du, eta horrek garestitu egiten du produktua. Orain, makinek egiten dute hori. Garai bateko ogiak handiagoak ziren: bi kiloko ogi biribilak egiten genituen! Egun, kilokoak egiten ditugu, eta demasak direla ematen du.

Ogia egiten duzue, baina gozoren bat edo beste ere baduzue, ezta?

Kontu gutxi, ez pentsa. Kokoak, gantz tortak, madalenak... Beste leku batzuetan gehiago dituzte, badutelako nori saldu: ikastetxetik ateratzen diren umeak... Dena den, halako gozoak egitea ogia baino are teknifikatuagoa dago. Zaila da. Guk egiten duguna erraza da, sinplea.

Gaur egun, zenbat lekutan saltzen duzue ogia?

Ea... Bi pertsona daude ogia herriz herri saltzen: bat Villalba de Losara heltzen da [Espainia], eta bestea Bovedara [Araba]. Dena den, ezin gara herri txiki guztietatik egunero-egunero pasatu.

Zergatik?

Herri asko dira, eta, horietako batzuetan, oso bizilagun gutxi daude. Corro herria bera [Araba] nahiko handia da, baina neguan ez da inor geratzen. Errepide ondoko errotan bizi dena bakarrik dago han, nekazaritza turismoko etxe bat duelako. Bestela, hutsik dago. Herriz herri banatzen nuen garaian, ehun biztanle edo gehiago izango zituen.

Beraz, gaztetan ogia banatzen ere aritu zinen?

Hala da! 18 urterekin atera nuen gidatzeko baimena, okindegiko furgonetarekin. Autoeskolara joan gabe: aldapa gora atera, ezkerretara, atzera aparkatu, eta beste probaren bat. Horrekin, gaindituta. Garai hartan, ez gintuzten errepidera ere ateratzen.

Urte horiek guztiak Espejon eman dituzu?

Tira, teknikoki Gasteizen jaio nintzen. Zesarea egin zioten amari. Munstro bat omen nintzen. Haurdunaldiaren zortzigarren hilabeterako lau kilo pasatxo nituen, eta behartu egin zuten erditzea. Bestela, Espejon jaioko nintzatekeen, garai horretan egiten zen bezala. Garai horretarako,sendagilea bazegoen jadanik.

Garai horretan, Gaubeak 3.000 biztanle inguru zituen, egungoak halako hiru.

Edo gehiago. Gasteizen Michelin lantegia egin zutenean, jendetza joan zen inguru honetatik. Garai horretan, nekazaritza ere aldatzen hasi zen. Lursail txikiak zituztenek alde egin behar zuten, derrigor. Eta egoera mantendu da urteen joanarekin.

Horrenbeste nabaritzen da?

Garai horretan, 1950eko hamarkadan, Espejon nesken eta mutilen eskola zegoen, eta bien artean 50 ikasle izango ginen. Gaur egun, dozena erdi bat egongo da eskolara joateko adinean. Uribarri Gaubeara joaten dira orain.

Zer moduzko ikaslea zinen?

Batxilergoa ere ikasi nuen hemen, irakaslearekin: laugarren maila, eta errebalida. Gasteizen egin genituen azterketak, Ramiro de Maeztu institutuan, egun Eusko Legebiltzarra den eraikin horretan.

Beraz, fina zinen...

Beti gainditu genituen ikasgaiak, baina lan handia eginda. Maisuak kultura orokor harrigarria zuen, eta lan egiteko gaitasun handia. Eskoletan ez geundenean ere haren etxera joaten ginen, ikasten jarraitzera. Sartu genituen orduak... Latina ere gogoratzen dut, gaur egun ere, pentsa. Gizon bitxia zen...

Zergatik?

Garai horretan, akzioak erosten eta saltzen zituen. 1955ean, pentsa! Herriko telefonogunera joaten zen, eta burtsan zuen lagunen batekin egingo zuen... Eta bitartean, irakatsi egiten zigun. Aurkeztu ginen biak gainditu egin genuen dena.

Eta ez zenuen ikasten jarraitu?

Errebalida gainditu ondoren, ez pentsa gogo handirik nuenik. Ordura arte egindako ahaleginaren ostean... Horrez gain, azkar bideratu ninduten okindegira.

Nolatan?

Arreba nagusiak irakasle ikasketak hasi zituen, eta, beraz, ni hasi nintzen familiaren okindegian. Aldiz, nirekin errebalida gainditu zuenak anaia nagusi bat zuen, eta nagusia hasi zen familiaren harategian. Beraz, ikaskideak ikasten jarraitu zuen, eta ingeniari kimiko izatera heldu zen.

Aipatu duzu azken hamarkadetan jende asko joan dela eskualdetik. Zer egin daiteke biztanleak erakartzeko?

Zaila da, zaila... Ez dago lanposturik eskainiko duen enpresarik inguruan. Enpresa handiena Tuestako Labea zen, Donutsak egiten zituzten tokia, eta itxi dute. Gure bailarako hogei bizilagun inguruk egingo zuten lan bertan. Villanañen kanpina dago, eta, itxita ez dagoenean, langile asko ditu... Eta gu izango gara hirugarren enpresa handiena! Edo Salazar tailerra... Hori argigarria da.

Amazonen egindako erosketak jasotzeko lekua ere ba omen zarete...

Baina ez guk erabakita; mezulariak, etorri, eta hemen uzten dizkigu! [barre] Goizetik iluntzera arte gaude zabalik, beraz... Are, gero eta pakete gehiago uzten dizkigute. Bezeroari mesede bat egiteko modua da... eta logikoena litzateke gero hark ogia guri erostea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.