Gaztetxeak kortsarioen aurrean

Txupinazo alternatiboa egin zuten Donostiako Piratek Flamenkan: hiriko lau gaztetxeak omendu nahian, haiek hasi zituzten festak, Traganarrua kofradiako kideekin batera.

Donostiako Piraten txupinazoan Flamenka jendez beteta. JON URBE / FOKU.
June Romatet Ibarguren.
Donostia
2019ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Parte Zaharreko kaleetan, txarangaren musikari jarraituz, Donostiako Piraten kalejirara batuz joan ziren herritarrak. Hamar kofradia eta hamaika txaleko, hamaika bandera. Talde bakoitzak bere erara apaindutako orga zeraman: adibidez, Eskifaia kofradiak itsasontzi bat egin zuen. Inguruan, festan zebiltzan haur, gazte eta helduak, baita hankapalodun piratak ere.

Portura heldu zirenean, ongietorria egin zieten txalupan iritsi berri ziren Mattiri eta Ezkilari. «Gora Donostiako Piratak!» oihukatuz eta txarangak jotako Karibeko Piratak filmeko abestiaz inguratu zituzten.

Kaia atzean utziz, Flamenkako txosnagunera gerturatu ziren, saltoka eta dantzan. Han zegoen jendeak utzitako pasabidea erabilita iritsi ziren kofradia guztiak oholtza aurrera.

Txalo artean jaso zituzten oholtzara igo ahala: kofradia bakoitzeko pirata bat, Ezkila eta Matti eta aurtengo txupinazoa bota behar zutenak, Donostiako lau gaztetxeetako bozeramaileak.

Kortsarioen Donostia

Lehenengo, Kantauri kofradiakoek egindako bertsoa bota zuen pirata batek, jai autogestionatuen aldeko aldarrikapena egiteko: «Jaiei traba jarri nahiean/ dabiltz betiko tentelak/ ez dakite gure indarra/ herritikan sortzen dela».

Oihu eta txaloen ondoren, gaztetxeetako kideek hartu zuten hitza. Lehenago egondako gaztetxeengatik eta orain daudenengatik hitz egiten zutela esan ostean, Arrotxapeko gaztetxei elkartasuna adierazi zieten: «Egun hauetan arriskuan dagoen Arrotxapeko gaztetxea ere bagara!».

Gipuzkoako hiriburuan hainbat aldaketari erreparatu zieten, aldarrikapenez beteta: «Noria bezala, etengabe biraka dabilen zapalkuntzaren Donostian bizi gara: hiri honetan pirata gara».

Pirata asko zeuden oholtzara begira, suziria noiz botako zuten zai. Horien artean zegoen Eneritz Genua, Ubarroiak kofradiako kidea. «Urtebete daramat taldean: jai herrikoiak aurrera eramateko laguntza beharra zegoela nabaritu nuelako sartu nintzen», azaldu zuen. Genuak Flamenkako giroa euskalduna izaten dela esan zuen: «Horrelako giroa gustuko izanez gero, animatu eta gerturatu Flamenkara».

Hitz horien ostean, gaztetxeko kide batek suziriaren metxari su eman zion: zuzen abiatu zen zerura, eta txosnen gainean lehertu. Berehala hasi zen txaranga piraten abestia jotzen, eta oholtzako eta beheko piratek dantzatu bitartean bigarren suziria lehertu zen.

Flamenkan behin eta berriz entzun eta irakur zitekeen jaiak antolatzen ari ziren piratak kortsarioen aurka zeudela, hori hartu baitute aurtengo lelotzat, eta bertsoa ere aldarrikapen horrekin amaitu zuten: «Bukatzeko altxatu kopak eta entzun dezatela, kortsarioen Donostian, pirata asko garela!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.