Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Amodioaren kimika

2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Hasteko, barkamena eskatu nahi dizuet maiteminduen eguna gustuko duzuenoi, agian zuentzat egun horrek duen magia zapuztuko baitizuet.

Ez da erraza maitasuna azaltzea. Maiteminduta gaudenean, gure kontroletik at geratzen diren sentimendu atsegin bezain mingarriak bizitzen ditugu. Zer dela eta emozioen gorabehera bizi hori? Maitemintzean askatzen diren neurotransmisoreek eta hormonek zerikusi handia dute zurrunbilo emozional horretan. Maitasun erromantikoan hiru fase bereiz daitezke: desira, erakarpen erromantikoa eta atxikimendua.

Hasierako desira fasean, helburu nagusia sexua izatea da, ez horrenbeste konexio emozionalak sortzea. Lehen fase hori batez ere sexu hormonek, hots, estrogenoak eta testosteronak gidatzen dute. Tradizionalki, estrogenoa eta testosterona emakumezkoen eta gizonezkoen sexu hormonatzat jo ditugu, hurrenez hurren. Hala ere, gizabanako guztiok ekoizten ditugu sexu hormona horiek.

Adibidez, estradiolak, hau da, estrogenorik ugarienak, emakumezkoen sexu ezaugarriak finkatzeaz gain, ezinbesteko funtzioa du gizonezkoen libidoaren erregulazioan eta zakilaren zutitzean. Bestalde, gizonezko zein emakumezkoengan, testosterona maila altuek sexu desioa pizten dute. Baina desira fasean, emakumezkoen testosterona mailek gora egiten dutenean, gizonezkoenak behera egiten du, beren oinarrizko hormona maila oso altua baita.

Desira fasean, feniletilamina (PEA) neurotransmisoreak ere parte hartze handia du. Amodioaren fase goiztiarrean bestearenganako desira sentiarazten digun molekula da. PEA garunak ekoizten duen anfetamina natural bat da, maitasunaren molekula izenez ezaguna. Jai giroan batzuek kontsumitzen duten MDMA anfetamina sintetikoak PEAren antz handia du. Baina MDMA debekatutako droga bat da, kontsumitzaileen gizartekoitasuna eta besteenganako gertutasun sentimendua sustatzen duena.

Amodioaren bigarren fasean, hots, erakarpen erromantikoaren garaian, euforia sentimenduak gailentzen dira; antza, garunean gertatzen den dopamina eta noradrenalina neurotransmisoreen askapenari esker. Dopamina plazerarekin erlazionatutako neurotransmisorea da. Garuneko gune bereziak kitzikatzen ditu maiteminduta daudenengan, eta, horri esker, amodioa esperientzia atsegina dela sentitzen dute.

Noradrenalina ekoizten denean, berriz, garunak adrenokortikotropina hormona askatzen du odolean, eta, ondorioz, giltzurrunek adrenalina askatzen dute gorputz osoan. Noizbait sumatuko zenituzten tximeletak sabelean. Adrenalina askatzeak eragiten du. Baina adrenalina estres hormona denez, batzuek estresarekin lotutako sintomak ere pairatzen dituzte amodioaren fase horretan: lo egin ezina, goserik eza eta bihotz taupaden zein arnasketaren gehiegizko abiadura.

Erakarpen faseak badu lotura serotonina neurotransmisorearen jaitsierarekin ere. Oro har, nahaste obsesibo-konpultsiboa dutenek serotonina maila oso baxuak dituzte. Horrek azal dezake fase honetan dauden askok izaten duten jarrera obsesiboa.

Azkenik, atxikimendu fasea dator, egonkortutako bikotekidearen ondoan sentitzen den barealdi eta batasun emozionalaren garaia. Garuneko oxitozina eta basopresina neurotransmisoreen mailek gora egiten dute. Oxitozinak egonkortasun, segurtasun eta poztasun sentimenduak pizten ditu. Basopresinak pertsona jakin batekin egoteko desira sortzen du, eta epe luzeko harreman monogamoak izatea laguntzen.

Maitasun sentimenduen atzean makina bat konposatu kimikoren arteko elkarrekintza dago. Hala ere, ezin da ukatu sentimenduak kimikatik harago doazela, eta magiatik ere badutela zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.