Brasil. Ekonomia

Merkatuek nahi duten irabazlea

Inbertitzaileak limurtuta dauzka oraingoz Bolsonaroren errezeta liberalak, eta ez entzunarena egin diote faboritoaren mezu eta jarrera autoritarioari.

Merkatuek nahi duten irabazlea.
Ivan Santamaria.
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Esan ohi da diruari gustatzen zaiola hauteskundeetan bozkatzea. Merkatuen eskuetan balego, honezkero presidente berria izango luke Brasilek, gaur bozkalekuak berriro ireki behar izan gabe. Xanpain botilen kortxo ateratze sinboliko batekin erantzun zioten Jair Bolsonaro hautagaiak lehen itzulian botoen %46 lortu izanari. Bozketaren biharamunean, %5 igo zen Sao Pauloko burtsa.

Inbertitzaileak limurtu ditu Bolsonaroren errezeta ekonomiko liberalak. Brasilgo hurrengo presidentea izateko faboritoarenkeinu autoritarioak, gutxiengoenganako erdeinua, edo diktadurari dion miresmena baino gehiago axola zaie, behintzat. Lehentasun kontuetan merkatuak ez daude bakarrik. Ia 50 milioi brasildarrek babestu zuten lehen itzulian militar ohiaren eskuin muturreko erretorika gordina.

Hauteskundeen atarian gutxi aipatu dira arazo ekonomikoak botoa erabakiko duten faktoreen artean. Ustelkeriaren hedapenak edo delitu tasen gorakadak hartu dute nagusitasuna, baina krisiaren itzala badago guzti horren atzetik. Brasilek arazo sakonik gabe gainditu zuenorain dela hamar urteko krisi globala, baina gainbehera beranduago iritsi zitzaion, eta bortitza izan zen. 2015. eta 2016. urteeko atzeraldietan barne produktu gordina %7 uzkurtzera iritsi zen, historiako erorketarik handiena, lehengaien prezioaren jaitsierari lotuta.

Krisi ekonomikoari krisi politikoa gehitu zitzaion, Dilma Rousseff agintetik kanporatzeko prozedurarekin. Ustelkeria kasuek alderdi tradizional gehienak ez ezik konpainia handienetako batzuk —Petrobras eta Odebrecht, esaterako— zipriztindu dituzte.

Txinaren eta gorabidean dauden beste herrialde batzuen loraldiak mesede egin zion Brasili. 2003. eta 2014. urteen artean 29 milioi lagun atera ziren pobreziatik eta desberdintasun sozialak murriztu ziren, Luiz Inazio Lula Da Silvaren agintaldian. Horregatik erorketa oso gogorra izan da, hazkunde tasa eta garapen erritmo handi batera ohitzen hasia zen gizarte batentzako. Haserre giro horrek bidea ireki dio Bolsonarori. Orain arte ibilbide nahiko eskasa zeraman kongresuko diputatua izatetik herrialdea gidatzeko aukera argia izateraino bultzatu duen erregaia da.

Ekonomiaz ez daki

Elkarrizketetan ekonomiari buruz galdetzen diotenean, hautagaia ez da ezkutatzen. Zuzenean onartzen du berak ez dakiela ezer gaiari buruz, eta argi uzten du politika ekonomikoa gidatzeko ardura haren aliatu Paulo Guedesen eskuetan geratuko dela. Chicagoko unibertsitatean hezitako inbertitzatilea da Guedes, eta eskola neoliberalaren programa klasikoa defendatzen du. Hala jaso dute hauteskunde programan: pentsio gastua mugatzeko erreforma, banku zentralaren independentzia handitzea, gastu publikoan murrizketak, zerga arintzeko politika eta tasa finkoa, pribatizazioak, lan erreforma, muga zerga gutxiago, merkataritza itunak, eta beste batzuk. Beste kontu bat da, noski, gai izango den plataforma hori aurrera eramateko, eta zer dagoen benetan iragarritako ideia bakoitzaren azpian.

Rousseff kargugabetu ondoren, Michel Temerrek hartu zuen Brasilgo lehendakaritza. Austeritate politika martxan jarri zuen Temerrek, produkzioa hondoratuta bazegoen ere. Gastu publikoari muga bat ezarri zion, eta herrialdeko inbertsio bankuak eskainitako mailegu subsidiatuei amaiera eman nahi izan die. Kontu publikoek sufritu egin dute. Defizita %8ren bueltan dago, eta zorpetzea %84raino igo da. Brasilen zorpetze horrek ezaugarri propioak ditu. Gehiena ez dago, Argentinan edo Turkian gertatu den bezala, dolarretan edo atzerriko inbertitzaileen eskuetan. Inflazioa ere nahiko kontrolpean du gobernuak, gorabidean dauden beste herrialde batzuekin alderatuta. Dolarretan erreserba handiak ditu oraindik, halaber.

Hego Amerikako ekonomia handiena kontraesan handiko lurraldea da. Horren erakusgarri da politika fiskala. Ogasun Ministerioak berak iazko abenduan egindako azterketa batean «Robin Hood, alderantziz» deitu zaio zergek eta gastu publiko federalak daukaten egiturari: «Txiroei emateko aberatsak zergapetu beharrean, denak zergapetzen ditu, banatzerakoan populazioaren erdi aberatsenaren mesederako, erretiro eta pentsioen bidez».

BPG barne produktu gordinaren %32 biltzen du Brasilgo Gobernuak. Gutxi gorabehera, OCDEko batez bestekoetan dago. Gauza bera esan daiteke pentsioen eta bestelako transferentzietan herritarrei itzultzen zaien diruari buruz. Orotara, BPGaren %23 da. Haatik, eztabaida ez da horrenbeste bilketari buruz, baizik eta bildutako dirua banatzeko moduari buruz. Aipatutako txostenak zer pentsatu ematen duten adibide batzuk jasotzen ditu. Gastu horren ia erdia (%48,5) %20 aberatsenek eskuratzen dute, eta soilik %4,8 jasotzen dute %20 txiroenek. Pentsio gastuan bereziki nabarmena da banaketa hori: %20 aberatsenek diruaren %53 lortzen dute. %60 aberatsenek pentsioetan gastatutako bost eurotik lau jasotzen dituzte.

Egitura horren ondorioz, Brasil da desberdintasun sozial handiena duen herrialdea, OCDEk erabiltzen duen Gini adierazlearen arabera. Desberdintasun handiena du bai gordinean, bai estatuaren diru transferentziak kontuan hartu ondoren. «Zaila da justifikatzea Brasilgoa bezalako sistema erregresibo bat, errenta handiena duen %20ak pentsio ordainen erdia baino gehiago eskuratzen baitu», diote egileek. Gainera, uste dute politika fiskalak ez duela betetzen aberastasuna birbanatzeko funtzioa.

Pentsioak jopuntuan

Pentsio gastua dela-eta, errieta egin izan diote nazioarteko ekonomia erakundeek Brasili. Ziur asko, hori izango da lehen erronka Bolsonarorentzat, agintea lortzen badu. Temer saiatu da pentsio sistemaren erreforma bat egiten, gastua jaisteko, baina horrek herrialdeko historia demokratiko laburrean presidente gorrotatuena izatera eraman du. Pentsio ordainetan BPGaren %12 gastatzen du Brasilek. Bereziki eskuzabala da goi funtzionarioekin, epaileekin, militarrekin edo segurtasun indarrekin.

Bolsonarok agindu du erreforma egin, egingo duela, baina Temerrek planteatu duena errefusatu du, goitik behera, argitu gabe nolako alternatiba defendatuko duen. «Ezin ditugu zigortu honezkero eskubideak lortu dituztenak», zehaztu du hautagaiak.

Enpresa publikoen pribatizazioari buruz ere tentuz mintzatu da, eta iradoki du Petrobras petrolio konpainia nazionala edo Electrobras argindar enpresa plan horietatik kanpo geratuko direla. Ez du erraza izango ezta ere zerga hobarien sistema eskuzabala aldatzea. Zerga bidez bildutako diruaren bosten bat bueltatzen da kenkari horiekin. Onuradun handienak enpresa ertain eta txikiak dira, baina industria sektore handietara ere hedatzen dira, eta presioak egongo dira aldaketarik gerta ez dadin. Abeltzain talde handien babesak protekzionismora are gehiago lerratuko duen susmoa ere badago.

Ironikoki, gutxien espero zen lekutik iritsi zaio kolperik bortitzena plangintza ekonomikoari. Fiskaltza ikertzen ari da ea Guedesek iruzur egin ote zuen estatuak bere inbertsio funtsetan jarritako 200 milioi euro baino gehiagorekin. Inolako ustelkeria kasurekin loturarik ez izatea bihurtu da Bolsonaroren aurkezpen txartel gogokoena, eta presidente izateko lehen postuan jarri duen gako nagusia. Ez dirudi, ordea, ikerketa hori nahikoa izango denik hautagaia geldiarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.