Inigo Astiz
Durangoko 54. Azoka. ARAZOKA

Bere burua kontsumitzen duen su bat

2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
XX. mendeko eskeletoarekin egiten du aurrera XXI. mendeko Durangoko Azokak. Imanol Ubeda musikariak egin zuen oharra aurreko egunean egunkari honetan bertan. Azokak musikagintzaren azken urteetako transformaziora egokitzeko duen ezintasuna kritikatzea zen berez haren asmoa, baina erreskatatu daiteke gogoeta begirada orokorragoetarako ere. Kulturaren salerosketa eta kontsumo ia guztia erabat immateriala bilakatu den sasoiotan, ehunka kilometro egitea erabakitzen baitu milaka pertsonak oraindik ere, lau egunetan, zertarako eta Landako guneko pasilloetan jendez inguratuta egon, kontzertuetan inor ukondoz ukondo sentitu, idazleak hezur-haragitan ezagutu, zinema aretoko iluntasuna ezezagun saldo batekin konpartitu, eta, noski, antzokian, ikusleen gorputzez inguratuta, oholtzan izerditzen diren bi gorputz ikusteko.

«Dena doa beherantz, eta, aldiz, azokak eutsi egiten dio». Harridura puntu batekin egin dute baieztapena eguerdian lagun eta erreferentetzat ditudan bi kultur kazetarik, baina ez dugu jakin erantzuna argi identifikatzen. Akaso, inprobisatzen nabil, musikagintzan bezala, kulturgintza orokorrean ere, gero eta jende gutxiago biltzen da astean zeharreko kontzertuetan, eta, kontrara, hazten eta biderkatzen jarraitzen du jaialdien formatuak. Baina orain ez nago hain ziur.

Hiltzen senti daiteke azoka igandea gerturatu ahala, eta XIX. mendetik nire koadernoraino heldu diren Nietzscheren hitzetan topatu dut bihartik aurrerakoak ulertzeko giltza. «Bere burua kontsumitzen duen su bat [da salbuespena], gainontzeko guztia ikusgarri bilakatzen duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.