Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Samarkandako bilera

2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Uzbekistanen, Samarkanda hiri zoragarrian, Shanghaiko Lankidetza Erakundeko herrialdeek egin duten goi bileran, Ukrainako gerra mahai gainean izan dute. Ezinegon handia eragin du gerrak, eta Errusiako presidente Vladimir Putini lagunak urruntzen ari zaizkiola agerian geratu da. Bilera oso garrantzitsua zen Errusiako presidentearentzat. Aliatuekin batera argazkiak ateratzea ezinbestekoa du nazioartean bakartuta ez dagoela erakusteko. Dena den, Indiako presidente Narendra Modik gerra amaitzeko eskatu dio. Txinako presidente Xi Jinpingek ez dio publikoki espero zitekeen harrera beroa egin. Ukraina dela eta, Errusiaren aliatu garrantzitsuenarekin, Txinarekin, desadostasunak daudela onartu behar izan du publikoki Errusiako presidenteak. Xirekin batzartu eta gero Putinek esan du bilera normala izan dela, beti izaten den modukoa.

Ukrainaren inbasioaz geroztik, gauzak aldatu egin dira Txinan eta berarekin muga egiten duten Asia erdialdeko errepubliketan. Azken horietan Errusiak duen eragin diplomatikoa murriztu egin du gerrak. Goi bileran, Txina, Kirgizistan eta Uzbekistanen arteko trenbide lotura bultzatzea adostu dute. Orain dela 20 urte hasi ziren negoziazioak, eta, orain, Errusiaren aurkako zigorrek beharrezkoa egiten dute garraio lotura alternatiboak sortzea. Azpiegitura berri honek Txina eta Europa azkarrago lotuko lituzke Errusiatik igaro gabe. Eurasiako merkataritzarako azpiegitura estrategikoak estuago lotzen ditu Txina eta Asia erdiguneko herrialdeak, eta Errusia alde batera uzten du. Ukrainako gerrak Asia erdialdera eraman dituen aldaketetako bat da. Sobietar Batasuna desagertu zenetik, Asia erdialdean eragina partekatu egin dute Errusiak eta Txinak: Mosku da egonkortasun militar eta politikoaren bermatzailea, eta Pekin elkarlan ekonomikoarena. Txina kezkatuta dago orain arte, Moskuk bertan bermatu duen egonkortasuna arriskuan egon litekeelako Ukrainako gerraren ondorioz. Aste honetan, liskarrak egon dira berriro Kirgizistan eta Tajikistan arteko muga gatazkatsuan. Azkeneko albisteen arabera, 24 hildako egon dira eta 130.000 pertsonak euren etxeetatik alde egin behar izan dute. Asia erdialdeko gunerik pobreenetarikoan gertatzen ari dira borrokak. Ukrainako gerrak pobreak pobreago egin ditu. Moskuri ezarritako zigorrek egoera ekonomikoa okertu dute. Errusian lan egiten duten Asia erdiguneko zortzi milioi langileek etxera bidaltzen duten dirua ezinbesteko diru sarrera da. Shanghaiko Lankidetza Erakundearen goi bilera hartu duen Uzbekistanen, migratzaileen diru bidalketak BPGaren %11 dira. Errubloak behera egiten duenean, Asia erdialdeko banku zentralek neurriak hartu behar izaten dituzte euren txanponak egonkortzeko.

Oro har, errepublika sobietarrak izan zirenetako gobernuek eta iritzi publikoek mesfidantzarekin ikusten dute Errusiaren inbasioa. Asia erdialdeko herrialderik boteretsuenak, Kazakhstanek, hasieratik esan zuen inbasioaren aurka dagoela eta Ukrainaren independentzia babesten duela.

Bestalde, Moskuk bere eragin militarra sendotzeko sortu zuen CSTO Segurtasun Komunerako Itunean ere tirabirak daude kideen artean. Egun hauetan, Azerbaijanen eta Armeniaren artean izan diren borroka larrien ondorioz, Erevanek tropak eskatu dizkio CSTOri. Inork ez dizkio eman, ordea. Errusiak nahiko lan dauka Ukrainan. Putin Samarkandan zegoela, su etena lortu da EB Europako Batasunak egindako bitartekaritzarekin. Karabakh Garaiko gerra 2020an amaitzeko bake akordioan Mosku izan zen ahalegin diplomatikoen protagonista. Ordudanik, Bruselak hartu du iniziatiba. Txinak bezala, EBk aukerak eta arriskuak ikusten ditu egoera honetan. EBk behar duen energia Asia erdialdetik eta Kaukasotik ekarri nahi dute. Bertan egonkortasunik ez badago, hornidura arriskuan egon liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.