Petronor, beste 50 urteren bila

Findegiaren mende erdia ospatzeko ekitaldia egin dute Muskizen. Trantsizio energetikoak dakarren transformazioari erantzuteko erronkan buru-belarri dabil konpainia.

Findegiko buruzagiak eta agintari politikoak, tartean Espainiako erregea, atzoko ekitaldian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Irune Lasa.
Muskiz
2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Egun handia zuten atzokoa Petronorren. Agerikoa zen: Muskizko (Bizkaia) petrolio findegira hurbildu ahala, gero eta segurtasun indar gehiago zegoen, Felipe VI.a Espainiako erregeak bertaratu behar zuen seinale. Findegiko aparkalekuan, berriz, goi gamako auto garbi-garbiak ugari, eta horien barruan gidariak, garraiatu beharreko enpresaburuak noiz aterako zain.

Findegiko biltegian zeuden enpresaburu horiek, finantza, berrikuntza, unibertsitate eta beste hainbat esparrutako ordezkariekin eta agintari politikoekin batera, Petronorren 50. urteurrena ospatzeko asmoz eta findegiakherrialdeko ekonomian duen garrantziaren erakusgarri: Petronorrek urtean hamabi milioi tona petrolio prozesatzeko ahalmena du; 940 langile ditu zuzenekoak, eta beste 6.200 lanpostu eragiten ditu zeharka. Findegitik edo findegira egindakoak dira Bilboko portuko joan-etorri guztien %40. Bizkaiko esportazioen %18,2 ateratzen dira Muskiztik; eta han sortzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekoizpen guztiaren balioaren %9,7. Findegiko zuzendaritzak beti azpimarratzen duen moduan, urtero Bizkaiko zerga bilketa garbiaren %10 inguru Petronorretik dator —700 milioi euroko ekarpena urteko, batez beste—.

Espainiako erregea ez ezik, ospakizunean izan ziren, besteak beste, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Jaurlaritzako Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburua eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburua; inguruko udalerrietako alkateak... 300 bat pertsona ziren, eta haiekin zeuden Petronorreko langile mordoska bat ere. Petronorren akziodun nagusien —Repsol %85,98 eta Kutxabank %14,02— ordezkariak ere hantxe ziren: Petronorreko buru izandako Repsoleko kontseilari nagusia, Josu Jon Imaz, Repsoleko presidente Antoni Brufau eta Kutxabankeko presidente Gregorio Billalabeitia.

Urte osoan 50 urteen harira egin diren ekitaldietan azkena izan zen atzokoa. 1968ko urte hartan Petronorren sortzaile nagusia izan zen Enrique Sendagorta gogora ekarri zuen Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak bere hitzaldian. Aurtengo urtarrilean zendutako Sendagortak eta haren belaunaldiak industriaren alde egindako apustua goretsi zuen, «belaunaldi haren ikuspegi estrategikoa, adorea eta erabakimena».

Petronorreko presidenteak behin baino gehiagotan erabili izan duen Bernat Etxepareren aipua egin zuen atzo ere: «Ogirik eztakusat bilzen hazi erein gaberik».

Horren harira, azaldu zuen «belaunaldi hartatik jasotako ondarearen ardurarekin» Petronorrek ikusmira hurrengo 50 urteetan jarrita daukala. «Gaitasun teknologiko handiko ekosistema daukagu», esan zuen, eta gaineratu gaitasun horiek «trantsizio energetikoak ekarriko dituen eskakizun berrietara eramateko apustuan» dihardutela. Trantsizio horrek, Lopez Atxurraren ustez, «erabat irauliko du energiaren eta mugikortasunaren merkatua», eta Petronorreko presidenteak Europako industriaren berpizkunde teknologikoaren aktore izateko beharra azpimarratu zuen.

Ospakizunez betetako urteari amaiera emateaz gain, atzo findegiko kontrol gela berriaren inaugurazio ofiziala ere egin zuten. Horretaz gain, besteak beste, ingeniaritza, segurtasun eta ingurumen sailak hartuko dituen eraikuntza berriaren lehen harria ezarri zuten. Guztira 39 milioi euroko inbertsioa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.