Julen Gabiria.
Esukal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Michael

2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Horrelakoa da Michael Goolaerts: jakin-mina datorkio derrepente, nor izan ote zen Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen azken flandriarra, eta badoa palmaresean behera, 1929ra heldu arte; duela ia 100 urte, pentsa. Gauzak sinplifikatzearren, ondorioztatzen du lasterketaren aro modernoan (horrela deitzen dio 1969tik aurrerakoari) ez dela irabazle flandriarrik egon. Nahiko luke lehenengoa izan, baina zail dauka: Verandas Willems-Crelan taldea desagertu zenetik, noraezean dabil, dinbi-danba talde batetik bestera, mailan gorago batzuetan, apalago osterantzean, eta horrela ez dago talde handien arreta erakartzerik. Ez dirudi bera izango denik Itzulia irabaziko duen hurrengo flandriarra.

Disimulatu ezineko inbidiaz begiratzen die Verandaseko taldekide ohiei: hor dago Dries De Bondt, adinean aurrera baina gauza distiratsuak egiten; hor dago Tim Merlier, esprinterren olinpo betean; eta hor dago, nola ez, hor dago batez ere bere lagun handia, Wout van Aert, zer esan hari buruz, aipatze hutsarekin dena esanda badago. Irabaziko ote du inoiz Woutek Euskal Herriko Itzulia, ala errazagoa izango da Michaelek talde on bat lortzea behingoz, eta mundu osoari erakustea nolako talentua duen?

Oraingoz ezin duenez besterik egin, telebistaz ikusiko du gaurko etapa, eta datorren astean ere berdin: Paris-Roubaix, zer erremedio, telebistaz. Horrelakoa da Michael: talde handiagoekin amets egiten jarraituko duen modu berean, ez du berehala onartuko duela bost urte hil zela, atzoko egunez hain justu, Viesly eta Briastre herrien arteko harbideko bihurgune batean, Paris-Roubaix korritzen ari zela, 23 urterekin bihotzekoak emanda. Eta berak ez: beste flandriarren batek irabazi beharko duela Itzulia, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.