Mikel Larrañaga. Aizkolaria

«Txapela irabazteak aurtengo urtea borobilduko luke»

Igandeko finalaren atarian, Mikel Larrañagak uste du garrantzitsua izango dela epaiekin asmatzea eta sasoi onean egotea. Lan ona egin nahi du: «Etxean egindakoa eginda, ez naiz urrun ibiliko».

IHINTZA ELUSTONDO / UROLA KOSTAKO HITZA.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Mikel Larrañagak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1989) ilusioz begiratzen dio igande eguerdian Gasteizko Iradier Arena pabiloian jokatuko duten Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finalari. Lehen hiruren artean sartutakoa da lehendik ere, baina emaitza onak eskuratu ditu aurten, eta badaki «gauzak ondo eginez gero» irabazteko lehian egon litekeela. Hala ere, argi du Iker Vicente dela txapela janzteko hautagai nagusia.

Hiru egun eskas falta dira igandeko finala iristeko. Nola heltzen diozu?

Azken egunetara iritsi gara, eta, dagoeneko, ez dugu zertan askorik hobetua. Lehen egindakoari eustean, final txukun bat egiten saiatzean jarri behar dugu pentsamendua.

Zer asmo dituzu finalaren aurreko egunetarako?

Azken egunetan, lasai egotea, egurren bat edo beste ebakitzea, eta gorputzak orain arte bezala segi dezala. Horiek dira egin beharrekoak.

Osasunez ondo iristen al zara?

Bai. Nahiko gustura. Baita aizkoran ere; ondo nagoela esango nuke.

Azkenaldiko emaitzak ere lagun dituzu. Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga irabazi zenuen hilaren 12an.

Bai. Azken finean, horrek aurrealdean ibiltzeko motibazioa gehitzen du, eta bada laguntza pixka bat.

Iker Vicenterekin batera lehen postuetan aritzeko hautagai zara. Iritzi horrekin bat egiten duzu?

Azken hilabeteetan egindakoa eta finalerako kanporaketan gertatu zena ikusita, biek antzera aritu beharko genuke, eta normala iruditzen zait biok hautagaitzat jotzea. Halere, niri horrek ez dit inolako kargarik gehitzen.

Behin hor egonda, ordea, irabazi nahiko duzu.

Ez da erraza izango, baina, behin finalean egonda, nahi nuke lehia pixka bat sortu eta, ahal baldin bada, irabazi.

Azken hiru urteetan hirugarrena izan zara, eta azken urtean gerturatu egin zara aurreko postuetara. Beste pauso bat eman beharrean zaude?

Tira, iazko finala ikusita... Azken bi egurretan pixka bat atzean geratu nintzen, baina ordura arte hor egon nintzen. Gero, Donostiako [Urrezko] Kopan ere horiekin ibili nintzen justuan, eta uste dut egin dudala jauzi bat. Hemendik aurrera aurreko postuetan ibiltzeko moduan izan naiteke.

Aitzol Atutxaren falta nabarituko da finalean?

Harritu egin nintzen. Normalean, egun ahul samarra izanda ere sartzeko moduan ikusiko nuke, baina hala suertatu zen. Pena izan zen, beste aldetik. Hurrengoan izan beharko da.

Koska bat gora egiteko aukera ematen dizu horrek?

Aitzol azken bost aldietako txapelduna da, eta, barruan izan balitz, aurreko postuetan egongo litzateke aurten ere. Hura ez egoteak, agian, postu bat aurrerago amaitzeko aukera emango digu.

Zer esan nahiko luke igande honetan irabazteak?

Txapel hau irabazteak urtea borobilduko luke. Lehiaketa honekin amaitzen dira urteko txapelketa nagusiak, eta egokia litzateke horretarako.

Irabazi nahiak presio pixka bat gehitu diezazuke?

Ez dut uste. Iruditzen zait Iker Vicente dela faboritoa, eta, nahiz eta agian lehia horretan egon, nik presio gutxiago dudala. Lan on bat egitera joan nahi dut, eta, ahal baldin bada, saiatuko naiz irabazten. Halere, lan txukun bat eginda konforme geratuko nintzateke.

Vicente da gainditu beharreko aurkaria?

Beste guztiei ezertxo ere kendu gabe, orain artean berak erakutsi du gehien, baita kanporaketan ere. Berriz diot, besteak baztertu gabe, baina uste dut hura izango dela gainditzen zailena.

Zer moduzko seikotea osatu duzue?

Final polita izango da. Gainera, Azpeitia inguruko hiru aizkolari izango gara, eta hori ere polita da. Finalean edozeinek izan dezake egun ona, eta inori ezin zaio ezer kendu; guztiak dira ezustekoa emateko gai. Aizkolari asko gazteak dira, gainera, eta horrek ere polita egiten du finala.

Hamabi enbor ebaki beharko dituzue finalean. Zuretzat egokia da?

Lan handiak dira. Hasi eta bukatu, neketsua da. Nik urte batzuk badaramatzat lan hori egiten, eta, gutxi gorabehera, badakit zer den. Lan horretarako prestatuz gero, lan politak dira.

Zer arlo zaintzea izango da garrantzitsua?

Emaitza on bat ateratzeko, garrantzitsua izango da epaiekin ondo asmatzea, eta egun horretan dena ondo ateratzea. Fisikoki ondo egotea, eta halako gauzak. Etxean egindakoa egiten badut, ez naiz oso urrun ibiliko.

Gasteizko Iradier Arenan jokatuko duzue finala. Zer giro espero duzu?

Zezen plaza bat da; toki handi bat, esaten dutenez, eta lagun asko sartzen omen da bertan. Jende pixka bat joaten baldin bada,jaialdi polita izango da. Komeni da jendea joatea; bestela, halako lekuak, hutsik egonda, pixka bat hilak geratzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.