Sokatira. Munduko Txapelketa

Pareak bai, urrezko dominak

Euskal Herriko selekzioa bi mailatan nagusitu da Munduko Txapelketako nazioen arteko lehiako lehen jardunaldian: emakumezkoen 500 kilokoan eta gizonezkoen 560 kilokoan

Urrezko dominak irabazitako euskal tiratzaileak, atzo, Getxoko Fadurako zelaian. LUR GIL.
Lur Gil.
Getxo
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Bi aldiz altxatu zuten ikurrina atzo podiumaren gorenera Getxon (Bizkaia), Lur Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketako hirugarren egunean, selekzioen arteko lehen jardunaldian. Behin bakarrik gertatu zen halakorik Munduko Txapelketa batean: 2016an, Malmon (Suedia), Lur Gaineko Munduko Txapelketan. Atzoko arratsaldeak uzta bikaina eman zuen, jokoan egon ziren bi txapelak eskuratuta: emakumezkoen 500 kilokoan eta gizonezkoen 560 kilokoan. 2014an ofizialtasuna lortu zuenetik hiru urre ditu orain Euskal Herriak.

Tiratzailerik beteranoenetariko bat da Jose Antonio Goirigolzarri Litri (Gatika, Bizkaia, 1960). Bizitza osoa darama sokari lotuta, eta atzokoa modu ezin hobea izan daiteke kirol ibilbideari amaiera emateko, 61 urte dituela: «Seguruenik, nire azkeneko Munduko Txapelketa izango da. Atzetik jende ona dator, gazteak, eta haiek dira etorkizuna».

Inoizko Munduko Txapelketarik onena da Gaztediko tiratzailearentzat. Bi urre irabaziak ditu jada: ostegunean, bere taldearekin, eta atzo Euskal Herriko selekzioarekin. Emozioari eta malkoei eutsita zegoen atzo, urrea jaso berritan: «Nire kirol ibilbideko momenturik politena da gaur [atzo] bizi izan dudana; gehiegi izan da. Ametsetan ere ez nuen imajinatuko ostegunean taldeka hiru domina lortzea, eta nazioen arteko lehiako lehen egunean beste bi urre lortzea».

Tiraldi latzak egin behar izan zituzten txapelaren bidea urratzeko. Finalerdia gerora hirugarren izan zen Alemaniaren aurka izan zuten, eta finala, Suitzaren aurka. Tiraldi gehienetan bi falta pilatuak zituztela, tiraldia luzatu eta hirugarrena ez egiteko emozio handia sortu zen, baita finalean ere: «Sufrimenduak ekarri digu garaipena. Ia galduta izan dugu lehen tiraldia, baina burugogor eutsi diogu, haiek baino gehiago sufritzen jakin dugu, eta azkenean gure aldera etorri da soka».

Gaztediren izaera nabarmendu zuen: «Talde batean denek landu eta irabazten dute; giltza, Gaztedi da, osotasuna, elkarrekin egiten den lana». Izan ere, urte borobila suertatzen ari zaio Laukizko (Bizkaia) taldeari: Euskal Herriko txapel guztiak irabazi ditu, Getxon hiru domina, eta, nazioen artekoan, Euskal Herriko selekzioa ordezkatu, eta bi urre lortu ditu.

Eguneko bigarren urrea emakumezkoen 500 kilotan lortu zuten euskal tiratzaileek. Osteguneko talde bera osatu zuen Gaztedik selekzioan aritzeko, eta ongi atera zitzaion. Tiraldi bat bera ere galdu gabe lortu zuen txapela. Bigarren Suitza izan zen, eta hirugarren Herbehereak.

Gehien sufritu zutenetako bat Batirtze Ispizua (Bermeo, Bizkaia, 1983) izan zen. Suitzarren aurkako finala oso gogorra izan zen, lehen tiraldian ia etsitzeraino: «Nahiko tiraldi nahasia izan da, eta asko gogortu da. Uste nuen galdua genuela, aurrera joaten hasi garelako, baina azken indarrak agortu ditut, eta gure aldera etorri da».

Bigarren tiraldia azkarragoa izan zen, hobeki tiratu, eta errazago ekarri zuen atzera Euskal Herriko selekzioak. Hori lortu zuenean, zalez beteta zeuden Fadurako harmailetan garrasi latza entzun zen: «Falta zitzaidan domina zen urrea, eta etxean lortzea gauzarik handiena da niretzat. Ederra izan da ereserkia podium gainean entzutea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.