Biolentzia, mamuak eta komunitatea

Kolonbian gay izateak dakarren biolentzia erretratatzen duTheo Montoya zinemagilearen lehen film luzeak

Theo Montoyaren Anhell69 film luzeko protagonistak. ANHELL69.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
«Non ikusten duzu zeure burua bost urte barru?»: Theo Montoya zuzendariak castingean parte hartu zuten gazteei egin zizkien galderetako bat zen. Montoyakbere lehen film laburrak egiteko castingak antolatu zituen 2016. urtean. LGTBI komunitateko pertsonen bila zebilen, bere filmeko protagonista izan zitezen. Filmak zientzia fikzio queer bat izan behar zuen: Medellin distopiko batean biolentzia horren da handia, non hilerrian ez dagoen gorpu gehiagorentzako tokirik, eta izpirituak hiritik dabiltza, bizidunekin bizitzen. Testuinguru horretan hasiko dira ugaritzen espektrofilikoak deiturikoak: mamuekin sexu harremanak dituzten pertsonak. Narkoak, paramilitarrak eta Polizia gazte horiei jazartzen eta haiek hiltzen hasiko dira.

Montoya ez zen iritsi film hura filmatzera. Protagonista izan behar zuen Camilo Najar gaztea castinga egin eta egun gutxira hil zen, heroina gaindosi baten ondorioz. Urte gutxiren buruan, zinemagile kolonbiarraren gertuko pertsona ugari hil ziren; horietako asko, Medellinen bizi ziren mutil gayak. Filmari titulua ematen dion Anhell69aingeru eta infernu hitzen arteko jokoa— Najarren Instagram kontuaren izena da.

Son of Sodom bere lehen film laburrarekin, Theo Montoyak jaialdi ugari bisitatu zituen: Cannes eta Clemont-Ferrand, esaterako; eta hainbat sari eskuratu ere bai. Anhell69-ren laburrarekin hasi zuen istorio hura zabaldu egin nahi izan du, eta zuzendari, gidoilari eta argazki zuzendari lanak egin ditu bertan. Veneziako jaialdiko Kritikaren Asteko Sari Nagusia, Gijongo jaialdiko Fipresci saria eta Zinebiko film onenaren saria jaso ditu, besteak beste.

Zuzendariaren hitzetan, bere lehen film luzea manifestu politiko edo poetiko bat da, psikomagia ekintza bat, olerki bat, abesti bat edo pentsamenduen collage bat. Dokumentala eta fikzioa nahastu ditu, eta, Montoyak berak off-ean dioen bezala, mugarik gabeko filma egin du, generorik gabekoa: film trans bat.

Medellingo queer gazte talde bat du protagonistatzat kolonbiarraren istorioak. Biolentziak jotako hiri batean bizi diren gazteen ametsak eta beldurrak ditu abiapuntu, eta Medellinen gay izanik bizirik irauten saiatzen direnen errealitatea erretratatzen du. 2016an egindako casting horretatik abiatuz, Montoya errealitatearekin eta fikzioarekin jolasten da, eta, bere lehen laburra Camilo Najar gaztean zentratzen bazen ere, film luzeak komunitatera zabaltzen du begirada, eta filmatutako gazteen izaera ez-konformista hori aplikatzen du bere narrazioan. Horrela, Montoyaren lanak eguneroko pertsonal baten tankera hartzen du zenbaitetan, saiakera soziopolitikoa bilakatzen da beste batzuetan, dokumental samina, eta baita fantasia zantzuak dituen fikzioa ere.

Errealitate gogorra erretratatzen du zinemagile kolonbiarrak; heriotzaz, beldurrez, zalantzaz, biolentziaz eta saminez beteriko errealitatea. «Non ikusten duzu zeure burua bost urte barru?» galderaren erantzuna bizitzera iritsi diren gazteek ez dute bide erraza izan, eta aurrean duten etorkizuna ere ezinegonez eta beldurrez itxaroten dute, baina Montoyak, iluntasun hori ezkutatu gabe, komunitatea eta zaintzak erdigunean jartzeari garrantzia emanez, argi txiki bat piztea lortuko du.

'ANHELL69'
Zuzendaria: Theo Montoya.
Gidoilaria: Theo Montoya.
Aktoreak: Camilo Najar, Sergio Perez, Juan Perez.
Argazkia: Theo Montoya.
Generoa: Drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 75 minutu.
Herrialdea: Kolonbia.
Estreinaldia: Maiatzaren 26an estreinatuko dute Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.