Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Firfiran

2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Podcast umel gisa aurkezten da Naiz Irratiko Bigarren Kafea-n bi astean behin eskaintzen duten Firfiran saioa. Kaixo Maitiak (euskaldunon harremanetarako guneak) antolaturiko II. Kontaketa Erotikoen Lehiaketaren finalera iritsi ziren ipuinak hartu eta soinu bihurtu dituzte. Irailaren 26an estreinatu zen, eta dagoeneko bi kontakizun eskaini dituzte: Irati Goikoetxea Asurabarrenak idatzitako Inspirazio Basa eta Mikel Casusoren Vänköpingeko sauna. Kalitate handiko lokuzio eta audio-errealizazioarekin, entzuleak goza ditzan pentsaturiko kontakizun iradokitzaileak dira. Saio dramatikoak entzuleen gustukoak diren arren, kostu handia exijitzen dutela-eta, ez dira ohikoak irratietan. Horri sexua edo erotismoa gehitzen badiogu, atrebentzia behar da halakorik egiteko. Beraz, apustu ausarta, eta euskaraz. Ez da erronka makala!

Hau ez da, ordea, Kaixo Maitiak egiten duen lehenengo podcasta. Izan ere, Zuzeu agerkariarekin batera, Uda Erotikoak izenburupean, 2021eko eta 2022ko uztail eta abuztuan Aratz Begiristainek idatzitako Hondartzako Eneritz eta Bizilagunak kontakizunak atalka eskaini zituen hurrenez hurren. Bietan, Iñaki Beraetxek ahotsa jarri zien pertsonaia maskulinoei; Ainhoa Aierbek lehen ipuineko Eneritzi.

Horren aurretik, Kaixo Maitia Zer Duzu? eskaini zuten. Horretan, harremanetarako webguneak egindako inkestako datuak oinarri hartuta, Iñigo Arandia eta Olatz Berastegi sexologo eta psikoterapeuta lagun, euskaldunon sexu ohituren inguruan hitz egiteaz gainera, testu erotikoak ere irakurtzen ziren. Hamaika ataletan, sexuari buruzko askotariko gaiak jorratu zituzten: masturbazioa, desleialtasuna, sexu-harremanen maiztasuna...

1990eko hamarkadan arrakasta handia izan zuten nerabeen artean gurasoei galdetzera ausartzen ez ziren gaiak jorratzen zituzten sexuari buruzko aholku saioak. Gazteen gustuko musika-kateetan eskaintzen ziren. Arrakastatsua izan zen Kataluniako Flaixback irratiak 2003tik 2007ra eskainitako Prohibit als Pares (debekatuta gurasoei) saioa, 2018an desagertu zen arte —formatua kopiatu egin zuten Kataluniatik kanpo—.

Sexualitatea(k) magazinetan eta beste saio motetan ere hizpide d(it)ugu (afektibitate, zientzia, identitateen ikuspegitik batik bat), baina ez erotismoa. Ahots xuxurlari edo antzeztutako hasperenetatik harago, zirrarak sortzeko ahalmena izan behar da, baita lotsagabekeria puntu bat ere. Eta hori ez da erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.