Zatikatzea eragozteko tresna berririk ez

2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
EBZk diru politikari buruzko bere agiria plazaratu eta berehala, Christine Lagarde presidentea hura irakurri eta kazetarien galderei erantzuten ari zen bitartean, Italiako bonuaren arrisku sariak gora egin zuen zor merkatuan.

Euroguneko iparraldeko herrialdeek bultzatzen dituzten tasa igoeren ikusmiran, hegoaldeko herrialdeen finantzaketa kostuek, Italia eta Espainiaren arrisku sariek, goranzko bidea hartua zuten dagoeneko, eta atzo beste jauzi bat egin zuten.

Bonu merkatuek espero zuten EBZk atzoko Gobernu Kontseiluan tresnaren bat aurkeztuko zuela euroguneko herrialdeen arteko zatikatze hori eragozteko, baina ez zen halakorik iritsi.

Zatikatzearen arriskuari buruz, EBZren agiriak soilik esaten zuen PEPP pandemiako erosketa programaren amortizazioen berrinbertsioak egiteko aukera hor zegoela, «malgutasunez erabilia izateko».

Hitzaldian, Lagarde saiatu zen horri oso adi daudela adierazten, «ez dugu onartuko finantzaketa zatiketarik» esaldi kategorikoarekin. Era berean, esan zuen beti izango dela aukera egon badauden tresnak erabiltzeko edota berriak sortzeko; «EBZk jada frogatu du badakiela tresna berriak sortzen».

Baina,duela hamar urte eurogunea zatikatzeko zorian jarri zuen zor krisi gogorra gogoan dutenentzat, Lagarderen hitzak ez ziren nahikoa izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.