Baionako ez bestak

Plaza hutsetatik sortuko dena

Egun izan behar luke Baionako besten azken egunak. Aurtengo ez-besten bost egunak lasai igaro dira Baionan, eta geroari buruz begira daude hainbat eragile

Txuri-gorriz beztituriko pertsona bat, eta, inguruan, Baionako ez-bestak. GUILLAUME FAUVEAU.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Zaparradaren «euskal aterkia»; halaxe izan zen Patxa plaza iazko Baionako bestetan. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Nahia Sasko ari izan ziren bertsotan atzo bezalako goiz euritsu batez, eta plaza omendu zuten bertsolariek: «Hau da Baiona euskaldunaren errepublika txikia», Arzallusen esanetan. Saskok ere, tokiaren berezitasuna aipatuz: «Nahi dugun ereduan bideak luze dirau / baina lehen garaipen handi bat da plaza hau».

Aurten, hutsik da plaza, eta hutsik dira inguruko karrikak. Eta besta ofizialen eredutik urrunduz «beste eredu» baten alde ari direnak ondoko hilabeteei buruz ari dira galdezka. Baionako Zizpa gaztetxeko kide da Marilou Lapeyrade, eta, haren esanetan, «alimaleko pena» da bestak ezeztatu behar izana. Badira zortzi urte txosnak muntatzen dituztela Patxa plazan gaztetxeko kideekin, eta Baionako bestak «topaketa handia» direla esplikatu du.

«Euskal giro baten sortzea dugu helburu, zeren Baionako bestetan, eta orokorki Baionan, euskararen presentzia arrunt ahula baita. Euskal kulturari loturiko programazioa eskaintzen dugu; euskal musika, herri jokoak, bertso saioak eta beste». Hala, azken urteetako «arrakasta» azpimarratu du Lapeyradek, eta ohartarazi du geroz eta jende gehiago hurbildu zaiela azken urteetan. Are, inguruko jendeak leku hori «identifikatua» duela uste du Lapeyradek: «Familiek, gazteek, denek badakite eremu horretara etortzean giro berezi bat atzemanen dutela».

«Irla» bat, Baionan

Patxa plazak badu bere sinbolika, eta Baionako besta alternatiboak horri lotu ohi dira. Ez da, ordea, arnasgune horretan den leku bakarra. «Beti Patxa aipatzen da, baina ondoan beste eragile batzuk badira, eta haiekin elkarlanean ari gara; ber eremua da, ber giroa da», azaldu du Lapeyradek.

Patxa plazatik hasten eta Errobi ibaira arte luzatzen da Tonneliers karrika. Urrats batzuk, eta hor da Patxoki. Egun hauetan, itxita. Bizik kudeaturik, Baionako besten garaian euskal kantuaren topagunea antolatzen dute eguerdi guziez, euskararen erabilera sustatzeko. Eta, hortik segi, eta Pontrique karrikak markatzen du perpendikularra, Pannecaura heltzeko. Punta batean, Les Pyrenees ostatua; beste puntan, Epaiska.

«Epaiska gune politiko bat da; ezkertiarra, euskaltzalea, abertzalea, feminista eta internazionalista. Printzipio horiei segi, aitzina eramaten dugu gune hori urtean zehar, hainbat egitasmo antolatuz», azaldu du elkarteko kide den Jenofa Berhokohirigoinek. Ostiral gauero eta ebiakoitz eguerdi guziez irekitzen dute taberna, merkatu eguna kari. Hitzaldiak, kontzertuak, gogoeta uneak eta bestak antolatzen dituzte bertan. Baionako besten garaian, bost egunetan ireki beharra zuten, baina, besteen gisara, ateak hetsiak ditu egunotan.

Berhokohirigoinek erran duenez, Baionako bestak bi puntutan dira inportanteak. Lehena, ekonomikoki diru sartze «handia» baita, eta urtean zeharreko lana eraman ahal izatea segurtatzen baitie. «Gu ez gara bakarrik Baionako bestei begira ari; baliatzen ditugu urte guztian eskaintza posible egiteko, zeren euskarazko gune guti baita, eta esparru politikoak ere geroz eta gutiago». Horrez gain, herritarrentzat eta besta egiten ari direnentzat Epaiskaren gisako guneak izatea «inportantetzat» dauka.

«Nonbait, irla tipi bat da; euskaraz bizitzen ahal dira bestak, guk planteatzen dugun besta ereduan, espazioaren antolaketan, harremanak egiteko moldeetan: ez da Baionako besten eredu ofiziala». Bost egunetan «oxigeno» gune bat dela gehitu du; errespetuan eta elkar zaintzan oinarrituriko gune bat.

Eragiten segitzeko geroan

«Baionako bestak masa besta bat dira, kontsumo besta bat, ez baitezpada errespetuan eta elkar zaintzan oinarritua. Badakigu zer-nolako ondorioak ekartzen dituen horrek, eta, halako izpiritu batean eramaten direlarik bestak, zaila da alde arduratsu hori galdetzea jendeei», dio Berhokohirigoinek.

Hala, herriko etxearen azken informazioak segiturik eta segurtasun neurriak errespetatu ahal izateko, ez dute deus antolatu; ez Epaiskan, ez Patxokin, ezta Patxa plazan ere. «Arduratsu» jokatu nahi izan dutela azaldu dute hirurek. Espaiska berriz irekiko dute datorren ostiraletik goiti, eta urteko lana berriz hasiko dute; «Baionako bestez haratago doa».

Gisa berean, Lapeyradek gehitu du koronabirusaren gaia hurbiletik segitzen dutela, egitasmo bat antolatuko balitz berantago, ikusteko nola parte har lezaketen gaztetxe gisa. Eta, ekonomikoki «zaila» izanen bada ere, geroari begira «gauzak pentsatzen» hasi direla erran du Lapeyradek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.