Jarraitzaile berriak izan ditut Instagram sare sozialean. Kasualitatea ala ez, guztiek zuten amatasunarekin zerikusia. Gertutik bizi dudan gaia da, bereziki nire inguruan modan dagoelako ama izatea. Horrek eraman izan nau ni ere amatasunari buruz hausnartzera, eta parean tokatu zait Ama(t)asuna izeneko podcasta.
Sabeletik Mundura proiektuaren sortzaileak, Nahia Alkortak, ekin dio ama izateak dituen asunak azaleratzeari. Orain arte egin dituen saioetan gai desberdinak jarri ditu mahai gainean: amen osasun mentala, plazetan dagoen amen hutsunea, isiltasuna...
Horretarako elkarrizketatu ditu gaietan adituak diren emakumeak, amatasunari buruz eta amatasunak dituen egoera eta bizipen desberdinei buruz hausnartu dutenak. Argi dago Alkortak berak badakiela zer tekla ukitu nahi dituen elkarrizketatuekin, eta atsegin handiz hartu dut bere galderak egiteko modua.
Podcastetako batean Ines Osinaga musikariak esandakoak zer hausnartua eman zidan. Arrasatekoaren (Gipuzkoa) arabera, maitasun erromantikoa deseraikitzen ari garen moduan, deseraiki egin behar genuke amatasunak duen maitasun erromantikoa ere. Eta, hara non, hau ere, pare-parean Berria FM-ko podcast feministaren gaia: maitasun erromantikoa eta plazera.
Maider Galardik gidatutako saioko lehen zatian aritu dira maitasunaren kontzeptualizazio berriaz Zuriñe Rodriguez ikerlariarekin. Amodio erromantikoa deseraikitzeaz, bere bizitzan egindako krakek zer esan nahi izan duten eta amodioa mundua mugitzen duen entitate politiko eta emozional oso pontentea dela argi utziz. Iraultza egiten hasteko gogoa pizten dute Rodriguezen hitzek; berek esan bezala, amodioaren iraultza ordenatu eta politikoa.
Laura Muelas de Ayala antropologoarekin, plazerari buruz aritu dira. Hemen ere hausnarketa, gure plazerari buruz hausnartzeko gonbita. Plazera testuinguruaren araberakoa dela eta eraldatu egiten dela gogoraraziz. Plazerarekin ditugun gatazkek beste gatazka sozial batzuk erakusten dituztela azpimarratuz.
Maddi Ane Txoperenak jarri dio azken puntua saioari, eta nire hausnarketen zurrunbilo horretan Lohitzunek umorez jarri nau ispiluaren aurrean. Gogoraraziz ni ere zer hetero-basika naizen, baina ez da nire errua. Horregatik behar ditugu horrelako podcastak. Hausnartzeko eta deseraikitzeko.

PLAY ETA ENTZUN
Hausnarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu