Roberto Zarrabeitia. Argazkilaria

«Egun, argazkiak Disney estilokoak dira»

Erredakzioko laborategian eskuz errebelatzen ziren zuri-beltzeko argazkiak eta egungo kamerak ezagutu ditu Zarrabeitia argazki kazetariak bere ibilbide profesionalean.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Egunkarietako elkarrizketetan argitaratzen diren argazkiak nahitaez elkarrizketatuarekin eta kontatuko duenarekin testuinguruan egon behar direla dio Roberto Zarrabeitia argazkilariak (Buenos Aires, 1953). Horregatik pentsatu egin du elkarrizketa hau non egin. Bilboko udaletxe alboan jarri du hitzordua. «Bilbotar petoa izanik, zein toki hau baino esanguratsuagorik?». Argazki artxibo garrantzitsuaren jabe da Egin eta Deia-n aritutako argazki kazetaria. Duela hamar urte erretiratu bazen ere, kuriositateak eta ikasteko gogoak mugiarazten du gaur egun: Artearen Historia ikasten ari da UNEDen.

Bilbotarrak edonon jaiotzen direla esaten da. Zu ere horren adibide bat zara?

Gurasoek Buenos Airesera emigratu zuten. Garai hartan landan eta etxaldeetan lan egiteko makineria ikaragarria zegoen Argentinan, eta bertan genituen senideei laguntzera joatea erabaki zuten. Etxalde batean bizi ginen, eta gogoan ditut bertan egiten genituen bazkariak; senide andana batzen ginen.

5 urterekin iritsi zinen Bilbora. Zerk harritu zintuen?

Argentinatik Bilborako bidaia itsasontziz egin genuen. Bilbora iristean, lotsa sentimendua gailendu zen nigan. Nik ordura arte ez nuen sekula etxe bat ikusi; Argentinan etxalde batean bizi ginen eta etxez osatutako eraikinek atentzioa ematen zidaten.

Zein da argazkiekin eta kamerekin gogoratzen duzun lehen harremana?

Kasualitatez hasi nintzen argazki kamerak erabiltzen. Argazkigintzan hezi eta 19-20 urte inguru nituenean herri mugimenduan murgildu nintzen. Garai haietan argazkiak gehienbat salaketak egiteko erabiltzen genituen.

Zer salatzen zenuten?

Gaizki zegoela iruditzen zitzaigun guztia argazkitan hartzen genuen eta ia dena zegoen gaizki: espaloiak... Aldarrikapenerako argazkiak ziren, argazki sinpleak. Geroago, bizitzako kontuengatik, Egin-en hasi nintzen argazkilari gisa. Lankide ikaragarriak izan nituen Egin egunkarian: Kepa Urkiza, Alfredo Aldai eta Imanol, besteak beste.

Teknologia gutxiko argazkilariak zineten.

Hala da. Gaur egungo argazkilarien lan prozesuarekin alderatuz, teknologian dago aldea. Garai haietan, dena eskuz egiten genuen, eta beti presaka ibiltzen ginen, egunero arratsaldeko zazpiak baino lehen entregatu behar izaten genituen lanak nahitaez. Erredakzioan laborategi bat genuen, eta bertan kamerak barruan duen bilkaria eskuz errebelatzen zen, errebelatze prozesu horrek 25 minutu iraun zezakeen. Horrez gain, argazki bakoitzaren papera egin behar izaten genuen. Azkenik, egunkariko eguneko lan guztia hartu, gutun azal batean sartu eta autobusean Donostiara, Egin-en erredakzio nagusira bidaltzen genuen.

Estresagarria zen lana?

Batzuetan bai. Baina San Mamesen futbol partidak izaten ziren igandeak oso dibertigarriak ziren. Arratsaldeko bostetan izaten ziren lehiak; Bilbo erdigunea kolapsatu egiten zen, eta autoa hartzea ez zen ideia ona izaten. Orduan, erredakziotik oinez igo, baina korrika jaisten nintzen tramankulu guztiekin. Erredakzioan argazkiak errebelatu eta autobusera iritsi behar izaten ginen, Mazarredo kaletik Urazurrutia kalera.

Oroitzapen onak dituzu?

Asko ikasi nuen. Lanak asko sintetizatu behar genituen, egun 50 argazki atera ahal zaizkio pertsona berari, eta garai hartan gehienez ere lau atera genitzakeen. Hala, lanik ez metatzea lortzen nuen, eta, era berean, hautaketa lana saihesten nuen. Ezinbestekoa zen argi edukitzea zer nahi genuen eta zer ez genuen nahi.

Denbora gaizki erabiltzen da?

Bai. Prozesua erraza izateak argazkilariak gauza gehiago egitea ere ahalbidetzen du, baina, hala ere, denbora sobratzen zaie.

Futbol partiden artxibo garrantzitsua duzu.

Futbolari lotutako argazkiekin ez naiz bereziki ona izan. Gauza txukunak egin ditut, baina ez naiz abila izan. Segur aski ez nuelako futbolaz behar beste ulertzen.

Orduan, zeri gustatzen zitzaizun argazkiak ateratzea?

Jendeari. Gainontzekoak erlatiboki errazak ziren, baina pertsonek bere zailtasuna zuten. Denetariko pertsonak aurkitu ditut, eta batik bat horregatik nago harro argazkilari izateaz: jendearekin sortutako harremanengatik. Egun, etxekoek ez dute nirekin Bilbora etorri nahi izaten; kale bat gurutzatzeko denbora bikoitza behar izaten dut.

Pertsonak ezagutzeaz gain, Euskal Herriko garai garrantzitsu askoren lekuko ere izan zara.

Momentu gutxi galdu ditut,; txarrak eta onak jaso ditut. Txarrak, adibidez: Sabino Aranako zubitik behin kamioi bat erori zen, eta azpian ijito familia bat bizi zen, argazkia ateratzera joan eta bertan zegoen usaina gogoratzen dut. Bestalde, ondo gogoan ditut Oizko tragedia izugarria eta Ortuellako eskola batean galdara bat lehertu zenekoa. Ortuellakoan, egunean bertakoa baino gehiago ondorengo egunetako hileta elizkizunetako isiltasuna dut buruan. Hiletara bertaratutakoen oinkatzeen zaratak legar xehe gainean sortzen zuen zirrara zehazki.

Bilbotarra izanik, hiriari buruzko erakusketa bat egin zenuen duela hamabost urte.

Bilbori jarri behar zaion kuriositatearen inguruko erakusketa izan zen. Kuriositateari keinu bat egin nahi izan nion Bilbori buruz egin nuen elkarrizketan. Bilboren eraldaketa nahiko aurreratua zegoenez, normalean ikusten ez diren txokoak ezagutarazi nahi nituen.

Ibilbide profesionaleko anekdotak gordetzen dituzu?

Nire hutsegiteez gehiago akordatzen naiz ondo egindakoez baino. Hala ere, argazkilariok anekdota asko izaten ditugu. Behin Atxartera igo behar izan nuen bertan eroritako mendizale baten bila joan zirenean, eta, mendizaleaz gain, ni erreskatatu behar izan ninduten bertigoak jota. Bestalde, elizkizun batean hilobi batera erori nintzen; ez nuen izan behar zen diskrezioa, baina hilobi batetik bizirik atera naizela esan dezaket.

Arrisku horiek orain ere hartzen dira?

Baietz esango nuke. Garaiak asko aldatu dira, segurtasun handia dago, baina bai, oraindik ere argazkilariok burugabeak gara. Oizko tragediara, adibidez, orduko 223 kilometroko abiaduran joan ginen. Halere, korrika egitea egiteagatik ez du ezertarako balio.

Zer behar du kazetaritza argazkilari on batek?

Argazkilariak erredaktoreak baino gehiago jakin behar du elkarrizketa batera doanean. Gero eta datu gehiago izan, orduan eta hobea izango da argazkia. Bestalde, argazkilariak sinesgarritasuna eta seriotasuna erakutsi behar ditu. Diskrezioa. Hala, elkarrizketatuak konfiantza izango du argazkilariarengan. Ni beti saiatzen nintzen edozein elkarrizketaren aurretik elkarrizketatuarekin kafe bat hartzen.

Eta etorkizunean zein da kazetaritza argazkilarien lana?

Ez dut uste honetaz hitz egiteko baimenik dudanik, ez baitut egunerokoan egunkari asko irakurtzen. Baina baliteke espezializazioa areagotzea.

Zertan bereizten dira gaur egungo argazkilariak?

Egungo argazkilariek prestakuntza tekniko ona dute, baina kazetaritza prestakuntza falta zaie. Telebistako zuzenekoetan askotan horma bat edo gaua bera azaltzen dira, eta agian 50 kilometro egin dituzte lekura bertara joateko. Ez dituzte baliabideak bilatzen, ez dakitelako zer ari diren egiten.

Argazki kamerarekin bidaiatzen duzu?

Ez dut kamerarik. Argazkigintzatik argazki kazetaritza gustatzen zait. Paisaiek ez didate ezer esaten. Paisaia idilikoak erretratatzeko goizean goiz esnatu beharko nuke; oso aspergarria iruditzen zait.

Egin-etik Deia-ra aldatu zinen gero.

Bederatzi-hamar urte egin nituen Egin-en, Deia-tik deitu ninduten arte. Beste ezaugarri batzuk zituen Deia-k, eta egunkariaren erredakzioa Bilbon egoteak asko errazten zuen gure lana. Agian politikoki ez da zuzena hau esatea, baina Athleticen edo Chelsean jokatzea bezala zen.

Ez du edonork Chelsean jokatzen.

Onenek bakarrik.

Garai gogorrak bizi izan zenituen argazkilari gisa.

Bai. Egungo tentsio soziala ez da berdina. Duela zenbait urte pentsaezina zen aurreko asteetan udaletxean ikusi ditugun zinegotzien agurrak ikustea, pentsamolde erabat desberdina duten politikariak elkar besarkatzen ikustea. Asko gustatuko zitzaidakeen argazki horiek egitea. Argazki horiek erakusten dute pertsonak politikaren gainetik daudela.

Zuri-beltzetik kolorerako aldaketa ere ezagutu izan zenuen.

Normaltasun osoz gertatu zen aldaketa izan zen. Zuri-beltzeko argazkiak dramatikoagoak ziren.Egun, argazkiak Disney estilokoak dira.

Deia-ko argazkilari bat jo zuten joan den asteburuan. Halakoak bizitzea egokitu zitzaizun?

Joan den larunbatekoa onartezina da, errore zentsuragarri bat. Garai batean, guk ere kolpeak jaso genituen, zailtasunak izan genituen, eta pistolaren bat ere izan dugu buruan.

Zer eman dizu argazkigintzak?

Bilboren eraldaketa ikusi dut gertutik, eta lagun asko egin ditut. Bestalde, Bilboko metroa inauguratzeko aukera eman zidan. Hedabide grafikoen arduradun izan nintzen.

Zer sumatzen duzu faltan gehien?

Gutxi sumatzen dut faltan. Bilbora etortzea gustatzen zait, baina laneko erritmo biziek azken urteetan asko nekatu ninduten, eta gustura erretiratu nintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.