Baxurako arrantza. Errelebo falta

«Duela 100 urteko baldintzetan ari dira lanean»

Ez du axola zer egunetan eta zer ordutan, eta eguraldiari gehiegi erreparatu gabe ere irteten dira itsasora. Soldata harrapaketen araberakoa da: erdia, patroiarentzat; gainerakoa, eskifaiarentzat.

jokin sagarzazu
2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Erreleboa ziurtatzeko gakoetako bat formakuntza da; bestea, lan baldintzak hobetzea. «Nagusia»,sindikatuen arabera. «Funtsean duela 100 urteko berberak dira; hori horrela izanik, pentsaezina da inor arrantzara erakartzea», azpimarratu du LABeko Bittor Pesok. Begi bistakoa da itsasoan lan egiteak, arrainaren atzetik ibili behar izateak, beste edozein lanbidek ez dituen berezitasunak dituela, baina «oso-oso oinarrizko» lege babesarekin aritzeak are bereziago egiten du sektorea. Adibidez, soldatak banatzeko moduan, lan egutegian, eta barkuetako barruko bizitzan; den-denean da ezohikoa.

ELAko Gotzon Basarasek gogoratu duenez, enpresa txikiak dira baxurako barkuak, gehienak enpresa familiarrak, orain arte behintzat; barkuen tamainaren arabera, hiru eta hamabost langile artekoak. Marinel arruntek aldizkako kontratu finkoak dituzte: alegia, kontratuek hasiera data dute, baina ez amaierakoa. Une jakin batzuetan eteten dute jarduna, kostera bat amaitu eta bestea hasi bitartean, eta tarte horietan langabezia sari berezi bat jasotzen dute.

Horraino, beste sektore batzuen antzera. Baina, hortik aurrera, dena ezberdina da arrantzan. Baxurakoan ez dute lan hitzarmenik, eta, sindikatuek diotenez, Langileen Estatutuan jasotako oinarrizko babesa izan beharko lukete, baina hori ere ez da puntu guztietan betetzen: atseden orduetan, gutxieneko soldatan... «Estatutuan esaten den guztia aplikatu balitz sektorea desagertuko litzatekeela esaten digute armadoreek eta kofradiek». Pesok azaldu du orain gutxi Getariakoekin (Gipuzkoa) bildu zirela eta erantzun hori jaso zutela. «Gutxieneko hobekuntza batzuk adosteko keinu txikiena ere ez dute egiten».

Soldata, arraina badago

Soldatak banatzeko moduari dagokionez, Basarasek azaldu du baxurako arrantzan «betidanik erabili den sistema» aplikatzen dutela. Harrapaketengatik irabazikoari arrantzaldiko elikaduraren eta erregaiaren gastuak kentzen zaizkio, eta geratzen denaren erdia ontziaren jabeek edo armadoreek jasotzen dute —baxurakoan ohikoena izaten da patroi eta mekaniko titulua dutenak izatea jabeak—; beste erdia eskifaiako gainerako kideen artean banatzen da. Horiek hala, gerta daiteke, gertatu denez, deus ez harrapatzea eta etxera dirurik ez eramatea, ezta patroiek ere. «Egia da arrantza ona denean, eta hala gertatu izan da azken urteetan, soldatak onak edo duinak direla. Baina kontuan hartu behar da arraina enkantean jartzen den prezioaren araberakoak izaten direla irabaziak. Presio horrekin lanera irtetea ez da inorentzat erakargarria».

Itsas zabaleko ontzietan, adibidez, beste era batera zehazten dira soldatak. Zati bat finkoa da—1.000 eta 2.200 euro ingurukoa, marinel bakoitzak duen arduraren arabera—, eta horri, kontratuen arabera, irabazien ehuneko bat gehitu ahal zaio, %1 eta %3 artekoa izan ohi dena. «Askotan proposatu dugu antzeko zerbait baxurako, baina beti erantzuten digute ezinezkoa dela», azaldu du Pesok. Sindikatuen arabera, marinelek, halaber, aparteko bi ordainsari eta ordaindutako 30 opor egun jaso beharko lituzkete, «baina hori ere ez da betetzen».

Soldatekin batera beste puntu batzuk nabarmendu dituzte. Jaiegunei dagokienez, kanpaina batetik bestera zazpi eguneko atsedenerako eskubidea ez dela betetzen, adibidez. «Beste kapitulu» bat osatuko lukete segurtasunarekin loturiko baldintzek. «Eguraldia edozein izanda ere, patroiek langileak behartu ditzake itsasoratzera, eta horrek lan istripuen arriskua handitzen du», ohartarazi du LABeko kideak.

Iaz, Ondarroako barku bateko langile bat hil zen, «kostatik ez oso urrun». «Helikopteroa ezin izan zen joan, eta barkuko baliabideekin ezinezkoa izan zen artatzea». Pesok salatu du alor horretan ere ez dela inbertsiorik egiten, ezta «oso oinarrizkoak» ere. «Eskatu dugu barku guztiek derrigor desfibriladoreak eramatea, baina hori ere ez dute bermatu nahi».

Pentsio «oso eskasak»

Lan baldintza horiekin, beraz, «oso arraroa» da gaur egun bizitza profesional guztia baxurako arrantzan egingo duen langilerik aurkitzea. «Besterik ez dutenek jotzen dute, migratzaileek bereziki, eta, ahal badute, denbora labur batez», azpimarratu du Basarasek. Gainera, norbaitek hori egitea erabakiko balu, beste eragozpen bati egin beharko lioke aurre. Erretiroa hartzean, pentsio «oso eskasak» izango lituzke. Kotizazio finkoa dute arrantzaleek —sindikatuen arabera, 16.000 euro ingurukoa urtean—, baina kopuru hori ez da erreala, urtean irabazten dutena baino «askoz ere gutxiago» kotizatzen baitute arrantzaleek, Pesok azpimarratu duenez. Horrek ondorio negatibo asko ditu: erretiroa hartzean, gaixotasun baimen eta pentsioetan, langabezia sarietan... «Adibidez, 40 urtez itsasoan aritu ondoren iaz erretiroa hartu zuen arrantzale batek 1.100 euroko pentsioa jasoko luke».

Arrantzaleen lan baldintzen inguruan «ezjakintasun handia» dagoela azpimarratu dute bi sindikatuek, eta hori gertatzen dela, hein handi batean, kanpokoak direlako, «gehienak Senegaldik edo Galiziatik etorritakoak, eta denbora baterako». Horrek ere «asko zailtzen» du sindikatuen lana. «Asko kostatzen zaigu haiengana iristea, eta, salaketa bat jarri behar badute, beldur handia dute», azaldu du Basarasek. Haren ustez, duela urte batzuk oso bestelakoa zen egoera. «Bertako jende gehiago aritzen zen arrantzan; mugimendua zegoen, eta gauzak egin zitezkeen modu kolektiboan».

Pesok auzi horretan kofradiek duten jarrera salatu du. Azaldu du Erdi Aroan sortutako erakunde horiek, «berez», marinel «guztien» alde egiteko sortu zirela, baina egun «batzuen interesak» baino ez dituztela defendatzen. «Haiek diote sektorea bizirik mantendu nahi badugu kudeaketa eta merkaturatzea aldatu beharko direla, eta guk diogu lan baldintzak ere aldatu behar direla. Hiru ardatz horien gainean hitz egin behar dugu; bestela, berandu izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.