«Soldata igo arren, prekarioa izango da»

Lanbide arteko gutxieneko soldata %8 igoko dute Hego Euskal Herrian. Asko dira gutxieneko kopuru hori irabazten duten langileak, eta, halako igoerak ongi etorriak izan ohi diren arren, «ez dira nahikoa».

maddi iztueta olano
2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Lehen begi kolpean, irudi du lanbide arteko gutxieneko soldataren igoerak langile askoren patrikak gizendu —eta lasaitu— ditzakeela. Zenbait sektoretan, ordea, bestelakoa da errealitatea. Gutxieneko soldataren bueltan irabazten duten zenbait langilerekin hitz egin du BERRIAk. Beren izen osoa ez aipatzeko eskatu dute.

JOSE (ALSE)
«Lanera joan eta dirua galtzeko, hobe dugu etxean gelditu»

Mercabilbaoko sarreren kontrola kudeatzen duen ALSE enpresako langilea da Jose. Gutxieneko soldata irabazten du. Igoeraren inguruan galdetuta, esan du aldaketak ez diela «arazorik konponduko» ez berari, ezta bere lankideei ere. «SMIa handitu duten heinean, enpresak zenbait gainsari kendu dizkigu, hala nola gaueko lanaren, garraioaren, jantzien eta antzinakotasunaren plusa. Eta erdira murriztu dituzte Eguberrietan eta jaiegunetan lan egiteagatik ematen dizkigutenak», azaldu du. Are, salatu du lankide askok 80 kilometro inguru egiten dituztela lanerako joan-etorrian: «Lanera joan eta dirua galtzeko, hobe dugu etxean gelditu».

Horiek hala, haiek ere «erosteko ahalmen handia galdu» dute, bizitzaren garestitzearen ondorioz. Urte hasieran, Espainia mailako hitzarmen berri bat sinatu zuten ALSEk eta sindikatuek. Joseren arabera, «langileen kalterako» izan zen, eta gehitu du ez dela berdin «Cuencako edo Cadizko bizi maila eta hemengoa».

Bilboko Udalaren esku dago Mercabilbao, eta «etekin handiak» izaten ditu urtero. Josek salatu du etekin horiek «langileen kontura» irabazten dituztela, baita «pribatizazioa eta prekarizazioa» sustatzen dutela ere, «mileuristak diren azpikontratekin» egiten baitute lan.

PELLO (GUREAK)
«Bizimodu duina eta erosoa izateko, 1.000 edo 1.100 euro ez dira nahikoa»

Pello LAB sindikatuko ordezkaria da Gureak enpresan. Ez da bere soldatarekin kexu, baina lankide askoren «egoera prekarioa» salatu du. Enplegu zentro berezia da Gureak: elbarritasunen bat duten langile askok egiten dute lan hor. «Desgaitasunen bat duten langile askok osagarri bat jasotzen dute lanbide arteko gutxieneko soldatara iritsi ahal izateko, baina kopuru hori oso txikia da».

Enpresa barruko langileen arteko arrakala azpimarratu du. «Langile horien soldata 780 euro ingurukoa da, baina goi kargudunek 3.000 eta 4.000 euro artean irabazten dute». Are, gehitu du desgaitasunen bat duen langile bat bera ere ez dagoela goiko postuetan.

Igoerak igoera, Pelloren arabera, «bizimodu duin eta erosoa izateko, 1.000 edo 1.100 euro ez dira nahikoa» .

TAMARA (INDITEX)
«Soldata handiagoa izango banu, lasaiago ordainduko nuke hipoteka»

Tamarak hamazazpi urte daramatza arropa denden sektorean lanean, Inditex konpainiaren denda batean. Bere lankideen alboan, «zorte oneko» sentitzen da, lanaldi osoa duten gutxi batzuetako bat delako. Hain justu, nabarmendu du sektorean «oso ohikoak» direla aldizkako lanaldiak. «Nire lankide gehienek gutxieneko soldataren bueltan irabazten dute. Nik zertxobait gehiago irabazten dut, baina miseria bat da berdin-berdin».

Goibela da haren abagune ekonomikoa. Inflazioaren gorakadaren eta bizitzaren garestitzearen ondorioz, lehen sarri egiten zituen zenbait gauzari uko egin behar izan die Tamarak: «Orain ez dut ia etxetik kanpo jaten, ez naiz asko irteten, eta bidaiatzeari eta zenbait gauza erosteari utzi behar izan diot. Soldata handiagoa izango banu, gauza horiek guztiak egingo nituzke; lasaiago ordainduko nuke hipoteka, eta familiari lagunduko nioke», azaldu du.

Are, azpimarratu du sektoreko langile gehienak emakumeak direla. Haren ustez, «esanguratsua» da emakumeak gehiengo diren sektoreetan «baldintzak eta soldatak bereziki eskasak izatea».

RAFA (EULEN)
«Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko, lan osagarriak aurkitu behar izan ditut»

Zerbitzu osagarrietan egiten du lan Rafak, Eulen taldearen azpikontrata batean. Lanaldi osoan egiten du lan, eta gutxieneko soldata irabazten du. Azken bi urteotan, lan osagarriak bilatu behar izan ditu bizitzaren garestitzeari aurre egiteko. «Aldizkako txandak izaten ditut Eulenen, eta, horren arabera, osagarriak izan daitezkeen lanak bilatzen ditut; lau edo bost ordukoak. Hipoteka ordaindu behar dut, baita fakturak ere», esan du.

«Hilean 940 eta 950 euro artean irabazten ditut. Erosketak egin behar dira, eta abiadura handian ari dira igotzen prezio guztiak. Kostuei aurre egiteko, lan osagarriak aurkitu behar izan ditut». Rafaren ustez, igoera oro da «positiboa», baina, unean uneko abagune ekonomikoa kontuan hartuta, ez du uste Espainiako Gobernuak iragarritako igoerak aldaketa handirik ekarriko duenik bere egunerokoan, bizitza asko garestitu baita: «Erosketak egin behar dira, eta fakturak ordaindu. Soldata igo arren, prekarioak prekario izaten jarraituko du», azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.