Imanol Pascual. ELAko koordinatzailea

«Ez da bateragarri kontrako mezua eman eta organo horietan egotea»

IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Imanol Pascualen ustez, gizarte elkarrizketak mezu okerra ematen die langileei, eta haren aurkako jarrera izateko kanpoan egon behar da.

Zein da ELAren posizioa?

Guk ez dugu parte hartuko, langileentzat iruzur bat delako. Atzera joz gero, historikoki, finantzaketa publikoa eman zaie CCOO, UGT eta CENi, bake sozialaren truke. Gainera, maiz esaten da ontzi berean gaudela denok, enpresaburuek, sindikatuek eta gobernuak interes berak bagenitu bezala.

Organoaren izena da arazo, ala horrelako foroak ez dira beharrezkoak, ELAren ustez?

Proposamenak egiteko eta negoziatzeko prest gaude Beti, baina ez gaude prest hori gizarte elkarrizketaren agertoki barruan egiteko. 2014an, kontseilu hori sortzeko legea egin zenean, honako hau zioen hitzaurreak: «Gizarte elkarrizketaren inguruan Nafarroak duen esperientziak fruitu emankorrak eman ditu». Inongo kritikarik ez egitea ez da bidezkoa.

Autokritika falta da?

Nafarroako Gobernuak negoziaziorako hiru esparru ireki ditu: enplegu planari buruzko Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan egingo da lehena; bigarrena lan osasunaren ingurukoa da, eta hori lan osasunaren kontseiluan izango da —handik atera egin gara ELA eta LAB—; azkenik, enplegu politika aktiboak Nafar Lansarean emango dira. Hori da errealitatea, eta hiru esparru horietan hartzen diren erabakiak Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan berretsi behar dira. Guretzat ez da bateragarria kontrako mezua ematea eta organo horietan parte hartzea.

Iraganeko sistemara itzuli nahi dute?

Bai, Sanzen eta Barcinaren garaietara itzultzen gaitu honek. Langileei mezu okerra ematen zaie. CEN patronala lan erreforma indargabetzearen aurka dago, eta lan erreforma hori oso kaltegarria da langileentzat. Gainera, gobernuak langileen kontrako neurriak hartu ditu: bat egiten du austeritate politikekin, enpresen ondasunen gaineko zerga kendu dute, eta abiadura handiko trenarekin jarraitu nahi dute.

Eraginkorrak al dira enplegu planak?

Garrantzitsua da jakitea zertarako balio duten. Aurrekoetan 1.500 milioi baino gehiago bideratu dira. Oraingoak iraganean bezala jardungo du: ez dute irizpide eta helburu zehatzik jarriko, eta anbiguotasun horretaz baliatu izan dira, ezin daitekeelako egiaztatu bete diren edo ez, eta zer abantaila duten.

Sindikatu abertzaleei blokeatzea egozten dizuete.

Akordioak lortzen ditugu Nafarroako hainbat sektore eta enpresatan, baina ez gara sartuko eskema horretan, Nafarroako Gobernua eta CEN zuritzeko. Langileei helarazi nahi diegun mezua da haien onurarako gauzak antolakuntza bidez lortuko ditugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.