Futbola. Eurokopa

Aspaldiko bi ezagun zahar

Italiak eta Espainiak Eurokopako lehen finalerdia jokatuko dute gaur, Londresen, Wembleyn

Gianluigi Donnarumma Italiako atezaina, luze-luze eginda, Belgikaren aurkako partidan jaurtiketa bateko baloia urruntzen. PHILIPP GUELLAND / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Eurokopan lau talde baino ez dira geratzen. Heldu da, beraz, finalerdien txanda, eta bi partida horietako lehendabizikoan Italia eta Espainia jarriko dira parez pare, gaur. Londresen izango da, Wembley estadioan, 21:00etan. Ezagun zaharrak dira bi selekzio horiek,hainbatetan jokatu dutelako elkarren aurka txapelketa handietan. Azkenekoa Eurokopan izan zen, hain justu: duela bost urte, finalerdietan orduan ere, Italiak menderatu egin zuen Espainia (2-0). Atzerago joanez gero, 2012ko txapelketan, finalean Espainia izan zen garaile (4-0), eta 2008koan ere irabazle bera izan zen bien arteko norgehiagokan: Espainia igaro zen finalerdietara, penalti jaurtiketetan.

Iraganeko kontuak dira horiek guztiak, eta gaurkoa ere denboraren atal horretara igaroko da partida amaitzen denean. Orduan aztertu ahal izango da zehaztasunez zer gertatu den. Jokatu aurretik, eta daturik berrienetara joz, Eurokopa honetakoak dira zehatzenak. Hobeak dira Italiarenak, bai behintzat gehien nabarmendu ohi den zenbaki sorta batean. Esate baterako, aurreko bost partidetan garaipenak baino ez ditu pilatu Roberto Manciniren taldeak; Luis Enriquerenak, berriz, bi baino ez, multzoen faseko azkena Eslovakiaren aurka (5-0) eta final-laurdenetakoa, penaltietan Suitzaren aurka. Berdinduta daude, ordea, beste datu honetan: ez dute alerik galdu oraindik. Italiari Espainiari baino hiru gol gutxiago sartu dizkiote (2 eta 5, hurrenez hurren), eta Espainia honetan da hobea: gol bat gehiago dauka sartuta (12 ditu alde, eta Italiak, 11). Datuak datu dira, baina islatzen dute oraingoan zer-nolako aurreikuspenak dauden partidaren atarian: Italia jotzen da faboritotzat, baina Espainiak ere baditu aukerak.

Jokalarien lanak zehaztuko du Italiak ustezko nagusitasuna berretsiko duen ala Espainiak bazterrean utziko duen. Ondo landutako bi talde dira, bakoitzak berea ondo egiten duena. Italiak sendoagoa dela erakutsi du orain arte, Espainiari errazago eta gehiagotan iristen zaizkiolako aurkariak areara. Baloia galdu ondorengo lanean gauzak hobeto egin beharko ditu, Italia kontraerasoan trebea baita; edo, bestela, erasoan ari denean, baloirik gabe dagoen jokalari multzoko zenbaitek defentsarako ere prest egon beharko du. Italia faborito egiten duen beste ezaugarri bat ondorengoa da: Espainia zalea da baloia paseen bidez erabiliz erasotzen, eta ez du ematen Manciniren taldeak arazo handirik izango duenik hori geratzeko. Gero, aurreikuspen horiek guztiak alda daitezke, emaitzaren bilakaeraren arabera.

Italiak badu hutsune handi bat betetzeko gaur: Leonardo Spinazzola ezker hegaleko atzelariak ezkerreko orpazurda hautsi zuen final-laurdenetako partidan, Belgikaren aurka. Taldeko jokalari onena izaten ari zen. Haren ordez Emersonek jokatuko duela ematen du. Espainian, zalantza bakarra du Luis Enriquek: Pablo Sarabiarena, minez delako.

60.000 zale harmailetan

Partida ikusten 60.000 ikusle batuko dira Wembleyn. Pandemia garaian kirol ekitaldi batean izan den kopururik handiena da. Ia guztiak bertakoak izango dira. Izan ere, kutsatzeak gora doazela-eta, Britainia Handiko Gobernuak neurriak zorroztu ditu kanpoko zale ahalik eta gutxien joateko.

ITALIA-ESPAINIA
Italia. Donnarumma; Di Lorenzo, Bonucci, Chiellini, Emerson; Barella, Jorginho, Verratti; Insigne, Chiesa eta Immobile.
Espainia. Unai Simon; Azpilikueta, Eric Garcia, Laporte, Jordi Alba; Busquets; Koke, Pedri; Ferran Torres, Morata eta Dani Olmo.
Epailea. Felix Brych (Alemania).
Ordua. 21:00 (Tele 5).
Lekua. Wembley estadioa (Londres).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.