Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Plisti-plasta

2023ko uztailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ia urtebete falta da getxoztarrok Txonbo egin dezagun Algortako San Nikolas ikastolak antolaturiko Ibilaldian, baina dagoeneko udako denboraldia hasi da, eta hitzok idazten dituen honek Arrigunaga hondartza du bigarren etxea. Hondartzazale amorratua, ezin atera etxetik itsasgora noiz izango den eta banderen koloreak ezagutu gabe. Beroarekin batera, errepideen informazioa ordezkatzen du hareatzen egoerari buruzkoak, eta edukiak ere arintzen dira irrati kateetan, nahiz eta aurten Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeen deialdiak horretan ere eragina izan duen eta, tamalez, eztabaida politikoak inoiz baino pisu handiagoa izango duen, udako betiko sugeekin batera.

Hala ere, poliki-poliki saio edo atal batzuk agurtzen doaz, haien artean Euskadi Irratiko Baipasa-n eskaintzen den emakume kazetarien tertulia zoragarria. Futbol emanaldien ordez, estropadek eragingo dute ohiko programazioan, saio batzuen iraupena txikiagotuz. Aurten, gainera, albistegiak laburtuko omen dira euskarazko irrati publikoan, eta gerta liteke gaueko ordutegian buletin batzuk ere desagertzea; antza, udarako kontratazioak ezin egin izana dago erabaki horren oinarrian. Gaztelaniazko katean, aldiz, ez dira halako murrizketak iragarri oraingoz...

Ez dakit nork erabaki duen ere ume ospitaleratuek egindako Tirita Irratia podcastaren hizkuntza nagusia gaztelania izatea. Ideia bikaina da irratiaren bidez Gurutzetako ospitaleko umeei adierazpidea eskaintzea, baina ez da oso ulergarria ia eduki guztiak gaztelaniaz eskaintzea, are gutxiago kontuan hartuta ume gehienak euskal ereduetan eskolatuta daudela. Proiektua urtearen hasieran abiatu zen Gazteen Gurutze Gorriaren eskutik, eta, asteazkenero, 17:00etatik 19:00etara, Scape Gelara biltzen diren haurrei aukera ematen die bizitzen ari diren egoeratik ihes egiteko eta irratsaio bat egiteko.

Tirita Irratia kasualitatez topatu nuen. Izan ere, uda ere bada podcastak kontsumitzeko garai bikaina, toallaren gainean etzanda, ikasturteko errutinatik ihesiz. Eta, dudarik gabe, hau ere sasoi ona da tokian tokiko irratientzat, bertako jaiek hartzen baitute diala, eta, horrekin batera, merkataritzak, herriko elkarteek, udalek eta beste eragileek ere publizitatea jartzen dute, festekin bat egiten dutela adierazteko. Bitarte hau hurrengo denboraldirako programazioa diseinatzeko denbora ere bada...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.