Munduko jaialdi onenen pare

Bilboko Mendi Film jaialdia ostiralean hasiko da. Euskal herritarren batek parte hartu du emango dituzten 60 filmetatik 11tan. Jaialdiak Banffekoaren (Kanada) eta Trentokoaren (Italia) pareko sona lortu du

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun

«Gaur egun leku gutxi geratzen dira munduan Kamchatka bezalakoak»

Iker Larrañaga 'Kamchatka' filmaren zuzendaria

Mendi Film festibalean egotea «izugarria» dela dio Iker Larrañagak (Donostia, 1986), Kamchatka film laburraren zuzendariak. Ahalik eta leku gehienetan ematea da haien nahia.

Nondik etorri zen Kamtchatka grabatzeko aukera?

Zazpi lagunek bidaia bat egin behar zuten Errusiako penintsula bolkaniko hartara, eta tartean nire adiskide bat zegoen. Harekin hitz egin ondoren, Bideolaneko lankidearekin erabaki nuen zerbait polita egin genezakeela, eta lanean hasi ginen.

Eskien gainean ibili zara grabaketan?

Bai. Gainera, besteek baino motxila handiagoa ibiltzea tokatu zitzaidan: 26 kilo inguruko motxila bat erabili nuen.

Zaila izan al da eskiatzaileekin grabatzea?

Bai, Kamtchatkari buruz oso informazio gutxi genuelako. Nire lan plangintza unean unekoa izaten zen askotan. Horrek asko zailtzen ditu gauzak. Ez genekien askotan non jarri, nondik jaitsi behar zuten...

Nola antolatu zineten?

Gu nahiko urruti ginen sumendietatik. Beheko kanpalekura eraman gintuzten, eta han bost egun pasatu genituen. Askotan, bateriak kargatzeko ere arazoak izaten genituen, kanpoaldean zero azpiko hamabost edo hogei graduan egoten ginelako.

Zer aurkitu zenuten Kamtchatkan?

Leku izugarriak, oso basatiak. Ia ez genuen jenderik topatu. Asko harritu ninduen. Oso leku gutxi gelditzen dira horrelakoak munduan.

Zer erakusten du dokumentalak?

Hamalau minutuko film labur bat da. Bertan, sumendietako kraterrak nola eskiatzen diren ikusteko aukera dago. Hango paisaiak eta ingurumena ikusteko aukera paregabea ematen du dokumentalak.

Bilbon estreinatuko duzue lana. Zenbat egunetan muntatu duzue?

Bertan, 22 egun pasatu genituen. Egunero grabatzen genuen zerbait. Handik itzulita, lau hilabete inguru pasatu ditugu edizioan; buelta asko eman dizkiogu. Aurrena era batera egin genuen, gero aldatu... Denera sei hilabete inguruko lana izan da guztia muntatzea.

Zer ibilbide izango du dokumentalak?

Bilbon estreinatzeak ilusio berezia egiten digu. Dokumentala euskaraz izan arren, ikusi dugu beste jaialdi batzuetarako ere balio dezakeela. Gure partetik, ahalik eta jaialdi gehienetara aurkeztea izango da helburua.

Zer iritzi jaso duzue gertukoen artetik?

Ingurukoak oso gertuko jendea izanik, dena primerakoa iruditu zaie [barrezka]. Prozesu ezberdinak ikusi dituzte, eta badirudi azkeneko bertsio hau asko gustatu zaiela. Oso ekoiztetxe txikia gara. Bi lagun gaude bertan bakarrik lanean, eta Bilbon egotea izugarria da guretzat. Aurkeztu genuenean, beldurra genuen, ikusita beste urteetan zer-nolako maila izan den Bilbon. Guretzat Bilbon izatea izugarrizko gorakada da.

Zuek, ekoiztetxe moduan, zerekin geratuko zinatekete gustura?

Jendeari gustatzearekin nahikoa litzateke. Emanalditik ateratzean sentsazio ona badute, lorpen bat izango da. Gauza bat dugu argi gutxienez: txaloak jasoko ditugula, joango direnen erdiak ezagunak izango dira eta [barrezka].

'KAMCHATKA'

Ekoizlea: Bideolan ikus-entzunezko zerbitzuak (Zarautz, Gipuzkoa).

Zuzendaria: Iker Larrañaga.

Emanaldia: Abenduaren 14an, 11:30ean, BBK aretoan.

Sinopsia: Kamchatka Errusiako lurralde bakarti eta basatia da. Zortzi abenturazalek aukera izango dute sua eta elurra uztartzen dituzten mendietan eskiatzeko, beren ametsa bete eta paradisu berriak ezagutzeko.

'Chhaupadi' filmeko fotograma bat. BERRIA

«Kirol erronkaren gainetik, errealitate soziala erakustea izan da helburua»

Migeltxo Molina 'Chhaupadi' filmaren zuzendaria

Edurne Pasaban izan da Chhaupadi filma egiteko zutarrietako bat, Migeltxo Molina zuzendariak (Iruñea, 1978) azaldu duenez. Chhaupadi Nepalgo hitz bat da, hilekoa dutenean emakumeek jasaten duten bazterkeria izendatzeko erabitzen dutena.

Nola sortu zen Edurne Pasabanekin lan egiteko aukera?

Lehen ere harekin egonak ginen Everesten [8.848 metro]. Hamalau zortzimilakoak igo ondoren, Everest igo nahi zuen, baina oxigenorik gabe. Telebistarako programa batzuk egin genituen orduan, eta geroztik kontaktuan egon gara harekin. Iaz, espedizio honen berri izan zuenean, harremanetan jarri zen gurekin. Berak hara joateko asmoa adierazi zigun, eta argi zeukan Nepalgo gune bakartuenetako batean zegoen errealitatea erakutsi nahi zuela.

Zer esan nahi du Chhaupadi hitzak?

Emakumeek hilekoa dutenean Nepalgo inguru jakin batean egiten dieten bazterketa. Hilekoaren hurrengo lau edo bost egunetan bakartuta edukitzen dituzte, haien sinesmenen arabera ez direlako emakume garbiak. Ez diete ezer egiten uzten, ezta ezer ukitzen ere. Chaugod izeneko txabola zahar txiki-txikietan edukitzen dituzte apartatuta egun horietan.

Zer errealitate erakusten du dokumentalak?

Hango lau emakumek arau horiek hautsi nahi zituzten, eta haien eskubideak aldarrikatu. Horretarako, Saipal mendia [7.031 metro, Nepal] igotzen ahaleginduko dira lehenik. Horretaz gainera, esan behar da emakume asko hil egiten direla chhaupadia-ren garaian, hotzarengatik, su hartuta edo sugeek hozka eginda. Egoera hori ere salatu nahi izan dute. Kirol erronkaren gainetik, errealitate soziala erakustea izan da helburua.

Zenbateko taldea izan zen grabazioan?

Talde handia ibili da honen atzean: Pasabanez gainera, lau amerikar eta Martin Ramos eta Jorge Egocheaga alpinistak ere han izan dira. Izugarrizko lana egin dute denek.

Zuk bakarrik osatu omen duzu dokumentala.

Bai. Oraingo honetan ni bakarrik ibili naiz kamerari moduan. Oso gauza gutxi eraman nituen: kamera bat, hiru lente, ordenagailua eta bateria mordo bat, badaezpada. Behin Iruñera iritsita, dena muntatzea tokatu zitzaidan. Hala ere, esan dezaket Pasaban dela dokumentalaren ardatzetako bat.

'CHHAUPADI'

Ekoizlea: Arena Comunicacion Audiovisual (Iruñea).

Zuzendaria: Migeltxo Molina.

Emanaldia: Abenduaren 13an, 17:30ean, BBK aretoan.

Sinopsia: Nepalgo Saipal mendia (7.031 metro) igotzea helburu duen espedizio baten burua da Edurne Pasaban. Tokiko lau neska gazte ditu espediziokide. Hura eskualde urruna eta ezezaguna da, eta emakumeak baztertuta bizi izan dira urte askotan. Pabitra, Saraswoti, Laxmi eta Sangitarekin mendi gailurrera iritsiko balitz, inspirazio iturri izango litzateke hango emakume guztientzat. Horrek iraultza piztuko luke, munduan ere beharrezkoa den iraultza.

'Cholitas' filmeko fotograma bat. BERRIA

«Gidari gisa lan egiteko duten nahian lagun diezaieke filmak Cholitasko emakumeei»

Pablo Iraburu'Cholitas' filmaren zuzendaria

Javier Murciegok eta Pablo Iraburuk egin dute Cholitas filma, elkarlanean. Boliviako emakumeekin lan egitea «oso erraza» izan dela nabarmendu du Iraburuk (Iruñea, 1969).

Nolako esperientzia izan da Cholitas grabatzea?

Jaime Murciegorekin batera aritu naiz dena zehazten. Hark ekarri zuen lehen ideia ekoiztetxera, baina bien arteko langintza izan da. Grabaketarako talde berezi bat prestatu genuen. Dena ikusi nahi genuen: espedizioak emakume haiei nola aldatzen dien bizimodua, handik etortzean izan zuten harrera...

Nondik lortu duzue filma egiteko diru laguntza?

Guk ez dugu filmaren produkzioa bakarrik egin: espedizioa ere guk lortutako diruarekin osatu dugu. Lehenik, Nafarroako Gobernuaren diru laguntza bat jaso genuen. Gero,aldez aurreko produkzio bat sinatu genuen Japoniako telebista publikoarekin. Ondoren etorri zen Movistarren laguntza ere. Arriskatu egin gara espedizio honekin. Aurreratu dugun dirua berreskuratzea espero dugu, 400.000 euro inguruko aurrekontua baitu filmak.

Nola antolatu zenuten espedizioa?

Hilabete pasatu zuten Bolivian, La Pazen, hain zuzen. Haien bizimodua eta errealitatea ikusi zuten, eta are garrantzitsuagoa: haien konfiantza irabazi zuten. Espedizioak hilabete iraun zuen, eta, amaitzean, ia beste hilabete pasatu zuten Bolivian. Gero lan guztia nire eskuetan gelditu zen.

Zer izan da denetan gogorrena?

Haien erritmoari ezin jarraitzea zen gure beldurrik handiena. Nahiz eta askotan txankletekin ibili, izugarrizko sasoia dute, Lantaldeak asko prestatu behar izan zuen fisikoki. Urteetan baztertuak izan dira, eta ez zen erraza haien konfiantza lortzea.

Zerekin amesten zuten?

Aconcaguara [6.962 metro] igotzea zen haien betiko ametsa. Baina bazekiten beren esku ez zegoela.

Erraza izan al da haiekin lan egitea?

Hizkuntza bera dugun arren, askotan ez genuen elkar ulertzen. Bestalde, haiek beren ohiturak dituzte eguraldiarekin; erritualen bidez gidatzen dira. Gure iragarpenak ez zituzten sinesten. Magia beltza iruditzen zitzaien. Baina dena oso ondo atera zen.

Zer lortu nahi duzue filmarekin?

Gidari gisa lan egin nahi dute emakume horiek, eta hara doazen turistek kontratatzea nahi dute. Filmak asko lagundu diezaieke asmo horretan.

Bilbora etorriko al dira?

Bai. Egun batzuk pasatuko dituzte hemen.

'CHOLITAS'

Ekoizlea: Arena Comunicacion Audiovisual (Iruñea).

Zuzendariak: Jaime Murciego eta Pablo Iraburu.

Saioa: Abenduaren 8an 17:15ean, BBK aretoan, eta abenduaren 9an 20:00etan, Golem zinema aretoetan.

Sinopsia: Boliviako bost emakume indigenak Aconcagua igo nahi dute, ahalduntzeko bide gisa. Gona tradizionalak jantzita eskalatzen dute. Mendian libre, zoriontsu eta bizirik sentitzen dira. Abentura honek emakume izaera inspiratzailea erakutsiko dio munduari, eta tradizioa zaintzeko eta ama lurrarekin harremanetan jartzeko bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.