Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Irrati maratoia

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Hurrengo ostiralean, abenduak 2, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultatean irrati maratoiaren beste edizio bat egingo da. Lau orduz, kazetaritzako ikasleek aukera izango dute benetako programazio bat aurrera eramateko. Ez dute entzule kopuru handirik izango: Leioako campuseko Mikel Laboa plazatik pasatuko diren ikasle eta langileak eta fakultateko Audiolaben inguruan ibiliko direnak, baita Youtuberen bidez streaming bidez jarraituko dutenak ere. Oso ekitaldi xumea. Irratiko ikasle eta irakasleok, ordea, asko gozatzen duguna.

Duela sei urte, Leire Iturregi kazetaritzako irakaslea irratiarekin lotura genuen irakasleongana hurbildu zitzaigun proposamenarekin: Euskararen Eguna ospatzeko irrati maratoia egitekoa, alegia. Bere gogoberotasuna kutsatu zigun, eta bat egitea erabaki genuen. Ordutik aurrera, abenduko hitzordua dugu —soilik pandemiak bertan behera utzi zuen, 2020an—, eta Leirerekin partekatzen ditugu, ez soilik irrati une horiek, baita teknikaren ustekabeen edo gonbidatuen hutsuneen beldurrak azken momentuak sortzen dituen urduritasunak ere —eta kafea eta hamaiketakoa, noski—. Amaitzen denean, berriz, irribarrez aritzen dira parte hartzaileak; irratietan bezala, dena ondo doa, eta kantak zein adierazpenak behar diren momentuan sartzen dira.

Ikasleek berek aukeratzen dituzte gaiak. Hasieran Leirek jartzen zituen —lehenengo saioan unibertsitatean euskarak duen presentzia izan zen hari gidaria—, baina ondoren erabaki zuen gazteek berek egin zezatela, eta konturatu da urtez urte antzeko edukiak lantzen dituztela. Eskola praktikoetan prestatzen dute eta emisio egunean zuzenekoaren kilimak bizitzeko aukera dute. Gehienentzat lehenengo aldia da.

Fakultateak izan zuen programazio oso bat eskaintzen zuen irrati bat 1980ko hamarkadan eta 1990ekoaren hasieran. Teilatuan zegoen igorgailu batetik uhinetaratzen zen, eta garai hartako errektoretzak baimen bat sinatu behar izan zuen Poliziak ixtea eragozteko. Orduan, oso gutxi ziren euskaraz eskaintzen ziren saioak, «euskal adarra» deitzen zeneko ikasleek egindakoak. Aurrerago, irrati emanaldien ideia bi alditan berreskuratu zen, baina eraikinaren moldaketak eta ikasketa plan berriek asko zaildu zuten unibertsitate-irrati bat izateko aukera. Orain, sikiera egun batez, Audiolab ikasgela irrati estudio bilakatzen da. Euskaraz, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.