Ion Izagirre. Astana taldeko txirrindularia

«Esprintak eserita egin beharko ditugu martxa honetan, arriskua ustez saihesteko»

Besoak altxatzen jarraitu nahi du profesional gisa beteko duen hamabigarren urtean. Garaipenek asetzen dute: «Taldekideei laguntzea ondo dago, baina irabaztea beste zerbait da».

ASTANA.
enaut agirrebengoa
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Pedal kolpe onenetik urrun baina «gustura» hasi du denboraldia Ion Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Indarrak astebeteko itzulietan jarriko ditu berriz ere, eta Frantziako Tourrera etapak ehizatzera joango da. «Zentzugabekeria» iruditzen zaio UCIk bizikleta gainean kokapen jakin batzuk debekatu izana.

Joan den astean hasi zinen berriz lehian, Proventzako Itzulian. Nolakoak izan ziren lehen sentipenak?

Onak. Nolako sasoian gauden ikusteko balio izan digu. Iruditu zaigu garai hauetarako jada jendea oso indartsu dagoela; garbi gelditu zen hori Mont Ventouxeko etapan. Oraindik bidea dugu aurretik, baina lehen lasterketa izateko, gustura nago.

Atseden hartzeko ohi baino denbora gutxiago izan da sasoi batetik bestera. Horrek izan al du eraginik prestaketan?

Ez, esango nuke prestaketa berdintsua izan dela. Egia da epeak aldatu egin direla, beste urte batzuetan hilabete bat lehenago hasi izan garelako entrenatzen: azaro partean. Oraingo honetan, berriz, abenduan hasi behar izan dugu denboraldi berria prestatzen. Horregatik, oraindik denbora behar dugu sasoia hartuz joateko.

Aurkariak, ordea, indartsu ikusi dituzu. Ohi baino indartsuago?

Azken urteotan ikusi da jendea oso fin iristen dela lehen lasterketetara. Ez denak agian, baina indartsu hasten direnek sekulako maila izaten dute. Egia da, era berean, denboraldiaren hasiera honetan proba asko atzeratu egin direla, eta, orain gutxi daudenez, munduko ziklistarik onenak ere lasterketa txiki horietara joaten dira. Hartara, mailak nabarmen egiten du gora.

Garbi gelditu da ziklismoa kirol segurua dela pandemiaren ikuspegitik. Oso garrantzitsua da berme hori izatea, ezta?

Kontrola oso zorrotza da. Test ugari egiten dira, lasterketara joan aurretik eta behin lehiatzen hasita, eta etxera itzultzean ere bai. Azkenean, neurri horiek hartu behar dira lasterketak hartzen dituzten herrialdeetako legeak betetzeko. Gero, kasu bakan batzuk ager daitezke, baina berehala kontrolatzen dira, eta burbuilak ere egiten dira. Azken urte honetan ikusi da segurtasunez lehiatu gaitezkeela tropelaren barruan.

UCIk debekatu egin dizue besaurreak heldulekuan jartzea eta bizikletaren koadroan esertzea, arriskutsua delakoan. Zer deritzozu?

Ez diot zentzurik ikusten. Uste dut askotan txikikeriei garrantzi handiegia ematen zaiela, posizio jakin batzuk debekatuta edo galtzerdien altuera mugatuz. Halakoei erreparatzen diete, baina segurtasunarekin benetan zerikusia duten gauzei ez zaie behar besteko garrantzirik ematen. Amorru pixka bat ematen dit horrek.

Zer alderdi ez dira aintzat hartzen?

Mila gauza daude. Adibidez, helmugak Proventzako Itzulian arriskutsuak izan dira. Oinezkoen babesgune, biribilgune eta bihurgune pila bat zegoen, eta seinalizazioa ez zen batere ona. Halakoetan tentsio handia izaten da, eta ziklistok sentitzen dugu badaudela saihestu daitezkeen arriskuzko egoerak. Askotan ez da erorikorik izaten, baina ezbehar handiak gerta daitezke. Halako gauzetan jarriko nuke arreta.

Orain hartu diren neurrien aldeko argudio gisa, batzuek esan dute txirrindulari profesionalek ez dietela eredu txarrik eman behar zaleei eta gazteei. Zer erantzungo zenuke?

Martxa honetan eserita egin beharko ditugu esprintak, ustez arriskurik ez hartzeko. Norberak kontrolatu behar du bizikletaren gainean zer egiten duen. Eta gu nahiko zentzudunak eta helduak gara ikusteko arriskua dagoen ala ez kokapen jakin bat hartzeko orduan. Eta zentzugabekeria da hori guztia mugatzea zaleentzat eredu izateko.

Har daitezkeen segurtasun neurri guztiak hartuta ere, erorikoak beti izango dira. Ofizioaren parte direla sentitzen duzu?

Bai, aspalditik barneratuta dut gure lanbidearen parte direla. Tentsioa eta arriskua beti egongo da, abiadura handian goazelako eta ibilbidean beti agertzen direlako oztopoak. Erorikorik ez egotea ia ezinezkoa da. Orain dela urte batzuk, txirrindulari kopurua mugatu zuten hiru asteko itzulietan, baina erorikoak ez dira desagertu, eta aurrerantzean ere ez dira desagertuko.

Zuk Frantziako Tourrean izan zenuen azkena, eta ematen zuen hortxe bukatuko zitzaizula denboraldia. Alta, Espainiako Vueltara joan, eta etapa bat irabazi zenuen. Sasoiko garaipen bakarra izan zen, baina a zer-nolako garaipena.

Asko kostatu zitzaidan sentipen onak izatea denboraldiaren bigarren zatian, konfinamendua eta gero. Ez nuen esperotako maila eman ahal izan, eta Tourreko erorikoak kolokan jarri zuen Vueltan aritzea. Baina garaiz eta ongi osatu nintzen, eta etapa bat sartu ahal izan nuen poltsikoan. Oso garaipen berezia izan zen niretzat, nola lortu nuen ikusita [biribildu egin zuen Gorka anaiak abiatutako talde estrategia].

Dagoeneko hiru itzuli handietan altxatu dituzu besoak. Aspalditik zinen helburu horren atzetik?

Egia esan, ez neukan helburu gisa jarrita. Ilusio handia egiten du, noski, baina ni gustura naiz garaipenak edozein tokitan lortuta. Izan ere, konturatzen ari naiz gero eta zailagoa dela irabaztea, aurkarien kirol maila gero eta hobea baita. Hori bai, hiru handietan etapak lortu izanak beste ikuspegi bat eta beste izen bat ematen dizkizu; oso pozik nago.

Eta zer erronka izango duzu denboraldi honetan?

Erronka betikoa da: besoak altxatzea. Ondo ibiltzea oso ongi dago, eta taldekideei laguntzea ere bai, baina irabaztea beste zerbait da. Euskal Herriko Itzulia berriro lehiatzea gustatuko litzaidake, jomugan sailkapen nagusia izanda. Ederra litzateke berriz ere irabaztea [2019an nagusitu zen].

Baztertu egin duzu jada itzuli handietan sailkapen nagusia lortzeko helburua?

Bai, ikusi dut ez dela nire tokia. Aukera lehen hamarren artean sartzea izango litzateke, bere garaian Vueltan egin nuen bezala. Baina errealista izan behar dut, eta ikusi nire mugak eta gaitasunak zeintzuk diren. Astebeteko itzulietan bai, garaipenaren lehian egon naiteke, eta hor jarriko ditut indarrak.

Ardenetako klasikoetan ere saiatuko zara distira egiten?

Hirugarren alaba data horietarako dator, eta ez dakit lehiatzeko moduan izango naizen. Aukera izango banu, gogor ahaleginduko nintzateke, noski. Oso lasterketa bereziak dira niretzat, duten historiarengatik, izaten den giroarengatik, ibilbidearengatik...

Bestelakoan, zer egutegi izango duzu?

Bi klasiko izango ditut Frantzian hemendik bi astera, eta, gero, Paris-Niza eta Itzulia lehiatuko nituzke. Gero, ea gure neska txikia noiz datorren: horren arabera ikusiko dut klasikoren bat lehiatzen dudan edo Dauphine eta Tourra prestatzen hasten naizen.

Astana taldean, aipatzekoa da Miguel Angel Lopezek utzi duen hutsunea, Movistarrera joan ostean. Nola berregituratuko da taldearen lidergoa?

Hiru asteko itzulietan, Fuglsang eta Vlasov izango dira liderrak. Vlasov Girora joango da, eta uste dut oso ongi aritu daitekeela: igotzaile petoa eta txirrindulari erregularra da. Fuglsangek Tourra lehiatuko du, baina hasieran ez gara sailkapen nagusia lehiatzera joango. Alde horretatik, denok izango dugu askatasuna etapen ehizan jarduteko.

Hirugarren urtea duzu Astanan. Ematen du egonkortasuna topatu duzula talde horretan.

Nabaritzen da ibilbide luzea duen talde bat dela, eta arduradunek eskarmentu handia dutela. Gainera, euskal herritar asko gaude, eta oso giro ona dugu.

Aleksandr Vinokurov dirudien bezain nagusi zorrotza da?

Ez pentsa harekin askorik egoten garenik. Nahiko hotza da, baina ez da oso zorrotza gurekin. Txirrindulari gisa nortasun handia zeukan, eta eman zezakeen oso gogorra zela. Baina nagusi gisa, ez da asko sartzen taldearen estrategietan. Aholku batzuk eman ohi ditu, baina bestela, lasai eta gure kasa lan egiten uzten digu.

Dagoeneko hamabigarren denboraldia duzu profesionaletan. Zure burua luzaroan ikusten duzu onenen artean lehiatzen?

Hemen jarraituko dut osasunak laguntzen didan bitartean eta ilusioz lan egiten jarraitzen dudan bitartean. Eta maila izaten jarraitzen dudan bitartean, noski. Gustatzen zaidana egiten dudanez, eta pozarren egiten dudanez, beste zenbait urtez jarraitzea gustatuko litzaidake.

Edonola ere, beteranoak gero eta zailtasun handiagoak izaten ari zarete nabarmentzeko, indarrez iritsi baitira gazteak.

Anaiarekin hitz egin izan dut horretaz. Gazte hauen adinarekin non geunden ikusita, jabetzen gara alde handia dagoela. Oso zailduta iristen dira, eta oso goiz hasten dira distira egiten. Baina agian zaila izango zaie maila hori urteetan mantentzea. Guk gure maila ematen jarraitzen badugu, oraindik emango dugu zeresana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.