Mendilibarrek uste du baduela gaia Alavesen egoera iraultzeko

Teknikariak «ilusioz eta pozik» hartu du taldea zuzentzeko ardura. Ezarri nahi duten jokoan jokalariek sinestea jarri du lehen helburutzat

Jose Luis Mendilibar, atzoko aurkezpenean. DAVID AGUILAR / EFE.
ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Ilusioz eta itxaropentsu azaldu zen atzo Jose Luis Mendilibar Alaveseko entrenatzailea. Zaldibarkoa atzo aurkeztu zuten, eta argi adierazi zuen zein izango den bere helburu nagusia lehen egun hauetan: «Nola jokatzea nahi dugun konbentzitu behar ditugu jokalariak, eta hala egiten badute dena ondo irtengo dela. Sinetsi egin behar dute».

Esker hitzak izan zituen Alavesentzat, aukera hau emateagatik. «Aurretik ere egon zen aukeraren bat hona etortzeko, baina ez zen gauzatu. Orain, bai. Aukera ederra da. Alaves historia mardula duen klub bat da, eta entrenatzaile askok nahiko lukete nire lekuan egon. Oso gogotsu eta pozik nago».

Taldea jaitsiera postuetan egon arren, teknikaria baikor da. Atzo herenegun baino gusturago amaitu zuen entrenamenduarekin.«Hori ona da». Uste du baduela gaia hori lortzeko. «Jaitsiera postuetatik irten eta mailari eusteko multzoa daukagu». Argi dauka nolako taldea nahi duen helburu hori lortzeko: «Talde oldarkorra izatea nahi dugu, aurkariaren zelaian jokatzen duena».

Datorren astelehenean zabalduko da neguko merkatua, eta ohikoa izaten da sailkapenaren zuloan dauden taldeek fitxaketak egitea. Horren inguruan galdetuta, zera erantzun zuen Mendilibarrek: «Kirol zuzendaritzan lan egiten dutenak beti daude horretarako prest, taldea ondo egon zein gaizki egon. Ikusi beharko da zer mugimendu dauden, eta horren arabera hartuko ditugu erabakiak».

Bestalde, Athletic atzo itzuli zen entrenamenduetara, eta aurretikantigeno probak egin zizkieten jokalariei eta entrenatzaile multzoko kideei. Bertan Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak, eta Oier Zarraga jokalariak positibo eman zuten COVID-19an. Beraz, ezingo dira astelehenean Sadarren egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.