Alex Aranburu. Movistar taldeko txirrindularia

«Movistarren, baldintza guztiak betetzen dira ongi eta gustura sentitu nadin»

Bi urtez Astanan aritu ondoren, denboraldi honetan Movistarren elastikoa jantziko du Aranburuk. Elitean urratsak egiten jarraitu nahi du, arreta klasikoetan jarrita. Printzipioz, ez da lehiatuko Euskal Herriko Itzulian.

LUIS ANGEL GOMEZ.
enaut agirrebengoa
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Iritsi berria izan arren, Movistarren etxean bezala sentitzen da jada Alex Aranburu (Ezkio, Gipuzkoa, 1995). Lagungarri izan zaizkio neguko egonaldiak, eta, gainera, taldekide asko ezagunak zituen lehendik ere. Horietako bat Alejandro Valverde izango da, taldeko ikur nagusia, eta Aranburuk klasikoetan maisu izango duena. Gipuzkoarrak egun bakarreko probei erreparatuko die batik bat, profesional gisa abiatuko duen zazpigarren denboraldian.

Alacant, Almeria, Andorra… Batetik bestera ibili zara denboraldiaurrean. Gaur egun, hori da normalena, ezta?

Hala ibiltzen gara, bai. Egonaldi bat hemen, beste bat han, gero etxean egun batzuk... Eguzkiaren atzetik ibiltzen gara beti. Egunero begiratu behar da non egiten duen eguraldi ona. Etxean, euria egiten duenean, zaila izaten da behar bezala lan egitea. Azken egunetan Andorra aldean ibili gara, eta fresko egin duen arren, ondo aprobetxatu ditugu hango mendate handiak.

Lehiarik gabeko hilabeteak luze egiten zaizkizu, edo eskertzen duzu atsedena?

Niri gustatu egiten zait gelditzea. Lehen hilabetean, bizikleta ukitu ere ez dut egiten. Normalean, deskonektatu egiten dut, eta beste kirol batzuk egiteko aprobetxatu: korrika pixka bat, mendi bueltak txakurrarekin, frontenis partida batzuk lagunekin... Jende askori ez zaio bizikleta uztea gustatzen, baina niri oso ondo etortzen zait. Gero, urte osoa ematen dugu eguna joan eguna etorri errepidera irteten. Buruak eskertzen du geldialdia.

Zer moduz joan zaizu denboraldi berriaren prestakuntza?

Nahiko ondo hasi nintzen, baina gero arazo batzuk izan ditut belaunean, eta apur bat atzeratu egin naiz. Ezin izan dut nahi bezala entrenatu: ordu gutxiago egin behar izan dut, eta suabeago ibili naiz. Bere txarrean, pare bat asteko kontua izan da. Material guztia berria da, eta bizikleta eta zapata aldaketek beti eragiten didate, ondo egokitu arte.

Gorputz batzuk beste batzuk baino sentikorragoak dira.

Bai, eta, gainera, gu egunero igotzen gara bizikleta gainera, eta saioak ez dira bi ordukoak izaten: garai honetan, astean 20 eta 30 ordu artean egiten ditugu. Gorputzak aldaketarik txikiena ere nabaritu egiten du. Dena den, jada konpondu da dena, eta presarik ere ez dut, helburua klasikoetara ondo iristea delako.

Otsail hasieran ekingo diozu sasoiari, Valentziako Itzulian. Nolakoak izaten dira itzulerak? Arraro egiten da tropelean lehiatzea?

Bereziak izaten dira lehenengo egunak. Jendea urduri egoten da, eta, ondorioz, handiagoa da erortzeko arriskua. Gainera, norberak ez daki zehazki sasoiz nola dagoen, hori lasterketetan ikusten baita. Zalantzak izaten dira hasieran.

Eta zalantza horiek handiagoak izango dira taldez aldatu ondoren.

Egokitzapenaren arabera. Alde horretatik, egonaldiek asko laguntzen dute, jende berria ezagutzen duzulako: masajistak, mekanikariak, taldekideak, zuzendariak… Bilerak izaten dira, entrenamenduak nolakoak diren azaltzen dizute, eta dietistarekin ere elkartzen zara. Mila gauza jorratzen dira. Dena da berria. Taldea egiteko ere balio izaten dute egonaldiek, urtero izaten baitira txirrindulari aldaketak, eta ona da elkarrekin ordu asko igarotzea.

Zer moduz hartu zaituzte Movistarren?

Oso ondo, egia esan. Etxeko giroa nabaritu dut, gutxiago edo gehiago, denok ezagutzen dugulako elkar. Gainera, Astanatik Gorka Izagirre eta Oscar Rodriguez ere iritsi dira, baita Ivan Velasco ere [arduradun teknikoa]. Gertuko jendea dut inguruan, eta beste hainbat taldekiderekin harreman ona nuen lehendik. Egokitzea nahiko erraza izan da. Astanan gehiago kosta zitzaidan, herrialde askotako jendea baitzegoen, aurrez hainbeste ezagutzen ez nuena.

Hautsak sarri harrotu dira Movistarren azken urteetan, barne arazoen ondorioz. Hori ez al da giroan nabaritzen?

Nik uste gehiago ikusten dela kanpotik. Barruan, iruditzen zait dena askoz sinpleagoa dela. Dirudien baino giro hobea dago. Kanpotik begiratzean, bakoitzak bere irudimena erabiltzen du. Dena lasai dago, eta espero dezagun halaxe jarraitzea.

Zergatik aukeratu zenuen Movistar?

Oso aukera polita da niretzat. Hemen nire tokia egin dezakedala sentitzen dut, arreta klasikoetan jarrita. Asmo horrekin egin dute apustu nire alde. Talde polita eta gertukoa iruditzen zait, etxekoa bezalakoa, eta gogotsu nago hasteko.

Kirol arloan, zehazki zer eskaini zizuten zurekin harremanetan jarri zirenean?

Gehienbat klasikoetarako nahi naute. Eta gero, astebeteko itzulietan ere aukerak izan ditzaket. Astanan egindakoaren bidetik jarraitzea nahi dute. Egia da Movistarrek itzuli handietan jartzen duela indar handiena, baina ematen du klasikoetan ere urratsa egin nahi dutela. Egutegian helburu garrantzitsutzat dauzkat Milan-Sanremo eta Flandriako lasterketak. Valverde alboan izango dut maiz, eta asko ikasiko dut harengandik. Hari laguntzea ere tokatuko zait.

Presioa sentiarazten dizu taldearen fitxaketa nagusia izateak?

Aukera bat bezala ikusten dut. Akaso ez aurten bezala, baina iaz ere ardura izan nuen klasikoetan. Nire onena ematen, eta, iaz bezala, aurreko postuetan izaten saiatuko naiz.

Astanan bi urte egin ondoren, aurrerapausotzat jotzen duzu Movistarrekin fitxatzea?

Baietz uste dut. Oso talde ona da, eta baldintza guztiak betetzen dira ongi eta gustura sentitu nadin. Esparru guztietan ongi aritzeko moduko jendea daukagu; taldearen maila oso handia da.

Nola ikusten duzu azken urteetan izan duzun bilakaera?

Urtetik urtera pausoak ematen ari naiz, lasterketa onenetan lehiatuz eta esperientzia hartuz noan heinean. Pixkanaka gora egin dut, eta hala jarraitu nahiko nuke. Jauzi handiena iaz eman nuen; duela bi urte zailagoa izan zen, proba gutxiago izan genituelako. Eta maila lasterketa handienetan lortzen duzu. Zure gorputza gehiago estutzen duzu, txirrindulari onenekin lehiatzen baitzara. Iaz egutegi osoagoa izan nuen, eta hobekuntza handiagoa nabaritu.

Itzulian lortu zenuen World Tour mailako lehen garaipena. Mugarria izan zen zure ibilbidean?

Ematen du izena garaipenek bakarrik ematen dizutela, baina uste dut urte hasieratik oso erregular aritu nintzela. Aurrean izan nintzen nahi nuen lasterketetan, eta gakoa hori da: aurrean bazabiltza, lehenago edo beranduago garaipenak iristen dira. Baina hor egon beharra dago, onenekin borrokatzen, eta ez da batere erraza.

Frantziako Tourreko debuta ere ez zen batere makala izan, lehen aldia izan arren: aurreneko hamarren artean sartu zinen hiru etapatan.

Egia esan, Dauphinen gusturago gelditu nintzen. Ondo nenbilen, baina eroriko bat izan nuen, eta Tourrera ez nintzen horren ongi iritsi. Haize kontra ibili behar izan nuen. Halere, asko ikasteko balio izan zidan.

Zein da eman nahi duzun hurrengo pausoa?

Berdintsu jarraitu behar dut. Klasikoetan borrokatzea da asmoa. Oso zaila da proba horietan zeure burua erakustea, baina badakit gai naizela. Eta etapaka lehiatzen diren lasterketetan ere, aurrean egon nahi dut. Eta lan egitea tokatzen denean, ahalik eta ondoena egiten saiatuko naiz. Lehengo bidetik jarraitu behar dut, pixkanaka gorantz egiteko helburuarekin. Garaipenak baino gehiago, maila hobetzea exijituko diot neure buruari.

Zein egutegi izango duzu zehazki?

Denboraldia Valentziako itzulian hasiko dut, gero Kuurne-Brusela-Kuurne eta halako klasiko batzuk izango ditut, eta ondoren, Tirreno-Adriatikoan lehiatuko naiz, klasiko handietan parte hartu aurretik. Euskal Herriko Itzulian, printzipioz, ez naiz egotekoa. Pena apur bat ematen dit, baina klasikoak ere asko gustatzen zaizkit, eta taldeak ere gogoak ditu ni proba horietan zentratu nadin.

Eta itzuli handien artean, zeinetan hartuko duzu parte?

Oraindik ez dakit. Egutegia klasikoak bukatu arte dakit bakarrik. Ikusiz joango gara. Pentsatzen dut denetarik egitea tokatuko zaidala: batzuetan lan egin, eta beste batzuetan garaipenak bilatu. Liderraren eta sailkapeneko egoeraren arabera izango da, beti bezala.

Sasoi hau Valverderen azkena izango da. Erreferente handi bat galduko du taldeak.

Bizikletaren maisu bat da Valverde, eta azken urtea izanda, detaile guztiei erreparatzen saiatuko naiz. Oso pertsona jatorra eta apala iruditu zait. Eta oso profesionala da: asko zaintzen da, eta oso gustuko du entrenatzea. Talde barruan bere indarra dauka, noski, sekulako ibilbidea egin baitu hemen, baina, era berean, beste bat gehiago da. Oso giro ona transmititzen du.

Itzuli handietan, Enric Masek hartuko dio lekukoa. Eta klasikoetan, zuk bete beharko duzu haren lekua?

Valverde Valverde da. Harengana gerturatzera ere ez dakit iritsiko naizen egunen batean. Ahalik eta gehien ikasten saiatuko naiz denboraldi honetan, baina uste dut nire bide propioa egin behar dudala. Hori bai, badakit taldeak konfiantza handia duela nirekiko, eta ni ere gogotsu nago urtez urte hazten jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.