KRITIKA. Antzerkia

Jaungoikoa bezain ikusezinak

Agus Perez.
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun

'Más de 45.000'

Konpainia: Seguidor de Pleyades. Dramaturgia eta zuzendaritza: Aldebaran Casasola Tello. Antzezleak: Tatiana del Real, Luis Ernesto Verdin, Andrea Mendez, Juan Carlos Saenz, Aldebaran Casasola Tello. Lekua: Donostiako Viktoria Klub aretoa. Eguna: Martxoak 12.

Urte guztietan bezala, dFerian izan dugu Latinoamerikako antzerkigintzak eman ahal duenaren berri, aurten proposamen bakarrean izan den arren. Mexikotik etorritako Seguidor de Pleyades konpainiak Más de 45.000 (45.000 baino gehiago) antzezlana ekarri digu, eta haren bidez berritu dugu antzerki txiroari diogun fedea, eta begien bistakoa egin zaigu, berriz ere, antzerkiak kontzientziak astintzeko eta munduko gordinkeriak salatzeko daukan gaitasun ikaragarria.

Jaungoikoa bezalakoak direla esaten omen dute Mexikon, existitu ere existitzen direlako baina hura bezain ikusezintzat jotzen dituelako gizarteak, hau da, erabateko patriarkatuaren morroi den diskurtso nagusiak. Prostitutak dira, bai, eta kalean jarduten dute, baina negozioaren jabearen etengabeko zaintza zorrotz eta bortitzaren pean, inola ere ez erantzungailu baten kontura beste antzezlan batean egunotan aurkeztu diguten prostituzio idilikoaren parametroetan.

Eta antzezlanaren izenburua kontuan hartuta, 45.000 baino gehiago dira honezkero emakume protagonistak jasan dituen bortxaketak: hogeita bost bezero eguneko.

Datu ikaragarriak, zinez, are gehiago gure begien aurrean ikusi ostean errekrutatze prozesuaren mekanismo xehatua eta haren partaide diren maila guztietako gizonezko eta emakume konplizeen rola, proxeneta eta sikarioetatik hasi eta administrazioko goi-mailako funtzionarioetan amaitu, bezero arruntak eta pederastian jarduten dutenak nahiz kongresu edo gertakizun handietara joan eta haien zerbitzuak eskatzen dituztenak barne.

Emakumeen prostituzioaren hasierako fasea da proxenetarekin seme edo alaba bat izatea, haurtxoaren bidez xantaia emozional etengabea egin ahal zaiolako amari haurraren desagerpenaren, tratu txar fisikoen edo balizko prostituzioaren bidez.

Berri gogorrak, benetan, antzezlan ausart honen bidez jaso ditugunak. Edo ez hain berriak seguruenik, baina gure erosotasunetik ez zaigu komeni hain era gordinean jasotzea. Alde horretatik, mexikar taldeak oso dramaturgia irudimentsua baliatu du biolentzia fisiko guztiak era metaforikoan aurkezteko, eta nolabaiteko amaiera ona bilatu du, ikusleok tripak besaulkien artean bota ez genitzan, hain zen gogorra entzuten eta antzezpenen bidez irudikatzen genuena.

Benetakotasun horretan zerikusi handia izan du bost antzezleen lan harrigarriak, gure begietara zuzenean begiratuta eta txano edo jaka aldaketa soil batez beste pertsonaia baten azalean sartuta. Haien inplikazioa hain izan da handia, txalo bero-beroen txandan neska protagonistak —ama prostituituarena eta haren alabarena egin du aldiro-aldiro—, negarrari ezin eutsiz geratu, eta lanak izan dituela bere onera etortzeko, zuzendariaren babes-besarkada luzea jaso arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.