UEFAk ez du Joseph Blatter babestuko FIFAren gaurko batzarrean

Azken egunetako atxiloketek nazioarteko federazioko presidentea zipriztindu dute, eta baliteke kargua berritzeko bozketa galtzea

Michel Platini UEFAko presidentea, atzoko agerpenean. WALTER BIERI / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
FIFA nazioarteko futbol federazioak buru berria izan dezake gaur. Presidentea aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte gaurko batzar orokorrean, Zurigon (Suitza), eta Joseph Blatterrek kargua gal dezake. Azken egunetako ustelkeria eskandaluak eta delegatuen atxiloketek, azken 16 urteetan presidente izan dena zipriztindu dute, eta, esaterako, UEFA Europako Federazioak hura ez duela babestuko jakinarazi du Michel Platini bere presidentearen ahotik. Ali bin Al-Huseein Jordaniako printzea da beste hautagaia.

«Blatterrek kargua utzi beharra dauka, eta hauteskundeak gal ditzakeela uste dut. Azken egunetako atxiloketen aurretik ez nuen uste gerta zitekeenik, baina orain bai. Nekatuta nago», adierazi zuen atzo Platinik. Blatterrek kontinente mailako federazioekin bildu zen goizean, eta Platinik ondoren egin zituen adierazpenak. Frantziako selekzioko jokalari ohiak kargua uzteko eskatu zion Blaterri, eta haren ezezkoaren ondoren Europako federazio gehienek Al-Huseeinen alde bozkatuko dutela esan zuen. FIFAK 209 federaziok osatzen dute, eta Europakoak 53 dira bakarrik, baina eragin ahalmen handia dute.

FIFA krisi betean murgilduta dago. AEBetako justiziak hala eskatuta herenegun FIFAko zazpi ordezkari atxilotu zituzten Suitzan eta beste hamalau inputatu egin zituzten. Besteak beste, 2018ko eta 2022ko Munduko Kopetako egoitza izateko bozketetan euren boza saldu izana leporatzen diete. Blatterrek kasu horiekin zer ikusik ez duela adierazi du. «FIFAn ez dago ustelkeriarentzako tokirik. Badakit batzuek ni errudun jo nautela, baina ezin duzu mundu guztia une oro kontrolatu. Inputatuak zigortuak izango dira».

Putin alde, Cameron aurka

FIFAren eskandalua kirol eremutik haratago zabaldu da, eta, esaterako, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Blatterren dimisioa eskatu du. Ingalaterrak 2018ko Munduko Kopa hartzeko itxaropena zuen. Txapelketa hori, baina, Errusian jokatuko da, eta Vladimir Putin presidenteak Blatter babestu du. «Atxiloketen helburua Errusiako Munduko Kopa eragoztea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.