Euskal Herriko Itzulia

Faborito nagusien artean borroka bizia eta irekia izatea espero da

enaut agirrebengoa
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Ikuskizunaren berme da Itzulia. Ibilbide jostarietan, gauzak oso serio hartzen dituzte txirrindulariek. Itzal handikoak izaten dira horietako asko; aurten, Jonas Vingegaard (Jumbo Visma) ageri da kartelburu. Kamuts aritu zen Paris-Nizan, eta Itzulian ez du huts egin nahi. Laugarren aldiz lehiatuko da bertan. Oraindik ez du irabazi.

Ikusi gehiago:«Gero eta zailtasun gehiago dugu, baina aurre egin behar diogu joera horri»

Danimarkarra ezkutari ahaltsuz inguratuta egongo da. Baina baita goi mailako aurkari ugariz ere. Besteak beste, lehian izango da iazko irabazlea, Daniel Felipe Martinez (Ineos), baita David Gaudu ere (Groupama). Frantziarra Vingegaarden gainetik aritu zen Paris-Nizan. Orduko pedal kolpeari eusten badio, irabazteko faborito garbia izango da. Enric Masek ere (Movistar) fin hasi du sasoia. Maldan gora, inor gutxi dabil hura bezain arin.

Simon Yates da gutxi horietako bat (Jayco). Haren anaia Adam ere lehiatzekoa zen, baina orain ez da zerrendan ageri. Haren eta Pogacarren faltan, Brandon McNulty izan liteke UAE taldeko liderra. Maillot horia jantzita izan zen 2021eko Itzulian. Bora taldeak Emanuel Buchmann eta Sergio Higuita izango ditu lemazain, eta Education Firstek, Rigoberto Uran eta Richard Carapaz.

Hiru euskal herritar ariko dira irabazteko borrokan: Ion Izagirre (Cofidis) 2019ko garailea, eta Mikel Landa eta Pello Bilbao (Bahrain). Izagirre Miguel Indurain Sari Nagusia irabazi berritan iritsiko da; Landa eta Bilbao egurrean aritu dira, eta mailari eutsi nahi diote etxeko errepideetan. Haiekin batera, Euskal Herriko beste hemeretzi ziklista agertuko dira Gasteizko irteeran.

Ibilbideak berritasun nagusi bat izango du: erlojupekorik eza. Etapak, oro har, gorabehera handikoak izango dira, eta gogorrena, ohiko legez, azken egunean jokatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.