Erdi Arotik datorren bidea

Donejakueren historia ezagutzeko erakusketa bat dago Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian; hilaren 31ra arte ikusi ahal izango da, eta irailean Maulen ezarriko dute erakusketa bera.

Jean-Louis Aspirot, erakusketaren inguruko azalpenak ematen. I. MIQUELESTORENA.
Donibane Garazi
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Donejakue bidearen jatorria eta bilakaera azaltzen dituen hogei panel jarri ditu Pirinio Atlantikoetako Compostelako Donejakueren Lagunak elkarteak. Compostelako bidea historian zehar izeneko erakusketa Zitadela karrikan dago, Apezpikuen Presondegian.

Elkarteko kide Jean-Louis Aspirotek eman ditu azalpenak paneletako informazioari buruz: «Hiru mendetan, kristauak jarraituak izan ziren, eta katakonbatan otoitz egiten zuten, martirien hilobietan. Hori izan zen erlikiei gurtza egitearen jatorria». Bertan jasotako historiaren arabera, Santiago apostoluak Jainkoaren hitza erromatarren Hispaniatik zabaldu zuen, Palestinan hil baino lehen. Haren bi dizipuluek gorpuzkiak Galiziara eraman zituzten, Libredon mendira.

«Erdi Aroan, Santiago apostoluaren gorpuzkiak atzeman zituzten, eta Alfontso II.a erregeak basilika bat eraikitzeko agindu zuen», kontatu du Aspirotek. Urte batzuk geroago, 899. urtean, Alfontso III.a erregeak basilika handiago bat eraiki zezaten agindu zuen. Santiago apostolua bertan lurperatuta zegoela zabaltzen hasi zen berehala kristauen artean, eta orduan hasi ziren lehen erromesaldiak. Santiagora Al-Mansur —kristauentzat Almanzor— sartu zenean, hiria zein basilika suntsitu zituzten 997. urtean. «Gerora berreraiki zuten, eta historian zehar moldatuz joan da estiloari dagokionez», azaldu du Aspirotek.

Lehen gida turistikoa

Erakusketako panel batean Kalistoren Kodexari (Codex Calixtinus) buruzko informazioa ageri da, Aspiroten arabera, «Donejakueko bideari dagokion lehen gida turistikoa izan zen». Kodexak bost liburu ditu, eta laugarrena baliatzen zuten erromesek Santiago de Compostelara iristeko. Kalisto II.ak 1122. urtea Jakuetar Urte Santua izango zela erabaki zuen, eta gerora Santiago eguna (uztailak 25) igandea zen urteak Done Jakueren urteak izango zirela erabaki zuten.

Donejakue bidea egiteko «motibazioek» ere badute tokia erakusketan: «Hastapenean, erromesek erlijio arrazoiengatik egiten zuten bidea, eta gero motibazioak aldatuz joan dira; norberaren burua ezagutzeko aukera, kirola egiteko besterik gabe...». Beste panelak Santiago de Compostelara iristeko dauden bideek osatzen dituzte, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.