Iñaki Alegria. Informatikaria eta UEUko zuzendari ohia

«Alferrik da elitearekin lehiatu nahi izatea, oinarririk ez badago»

EHUtik UEUra, eta atzera buelta. Alegriak euskarazko unibertsitatea izan du helburu, fakultatean zein sarean. Uste du unibertsitateek «elitismora» jotzen dutela, eta UEUn ikusten du horretarako alternatiba.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Andoni Imaz -

2019ko urriak 6
Ogibidea ikastera joan zenean, Iñaki Alegriak (Donostia, 1958) apenas zekien zer zen informatika, eta euskaraz ez zuen hitz egiten. Gerora, ordea, horiek izan dira haren ibilbidearen ardatzak: EHU Euskal Herriko Unibertsitatean hizkuntza prozesamenduarekin lan egiten duen Ixa ikerkuntza taldearen sortzaileetako bat da; Xuxen zuzentzailea izan zen haren doktore tesia; eta UEU Udako Euskal Unibertsitateko zuzendaria izan zen 2014. urtetik 2018.era. Erretiroa hartu berri du.

Twitterreko profilean jarri duzu erretiroa hartu duzula, baina ez zarela erretiratu. Ez duzu gelditzeko asmorik?

Uda pasatu arte, zintzilik zeuden azken kontuak lotzen egon naiz, eta oraindik geratzen zait gauzaren bat. Gainera, UEUko zuzendaritzan jarraitzen dut, eta tesi bat zuzentzen ari naiz oraindik. Proiektu berriak ere hasteko ditut. Aspertzeko denborarik ez: topiko bat erretiratuen artean.

Akademiaren alde guztiak ezagutu dituzu gertutik. Nola iritsi zinen hara?

Oso gazte, eta pixka bat ustekabean. Garai hartan apenas zegoen unibertsitaterik. Guk informatika ikasi genuen ia-ia jakin gabe zer zen informatika. Ikasi bitartean, fakultatean ez zen ordenagailurik egon. Gehienok lan egiten genuen, praktikatze aldera, batez ere. Soldaduska bukatutakoan, IBMrekin programa batzuk egiten egon nintzen, baina garai hartan ere krisia iritsi zen, eta irakasle hasi nintzen lanean.

Zergatik informatika, orduan?

Nik zientzietako zerbait egin nahi nuen; aukeran, matematika. Informatika zer zenik ere! Matematikatik bazuela-eta, abentura moduan iritsi ginen gehienok. Bi gauza genekizkien: zer ez genuen egin nahi, eta matematikan ondo aritu beharko genuela.

Informatika hizkuntzarekin uztartu izan duzu. Zergatik euskara?

Euskaldun berria naiz. Amak bazekien, baina aitak ez. Fakultatean, ikasleon artean antolatu ginen euskara ikasteko, eta Xabier Artola izan zen gure lehenengo irakaslea. AEKren euskalduntze metodoarekin hasi nintzen, eta, HABE sortu zenean, lanean eta euskara ikasten nenbilen aldi berean. Kepa Sarasola UEUra joaten zen, eta gonbidatu egin ninduen. Harrituta geratu nintzen mentalitate horrekin: edozertaz egin zitekeen euskaraz, informatikaz ere bai. Kepa eta biok bero itzuli ginen, eta liburu bana prestatzen hasi ginen, lehen kurtsoan ikasgai bana emateko; gureez gain, ez zigutelako kontatzen.

Zer da Ixa taldea zuretzat?

Hori ere jarri dut Twitterreko profilean: «Ixakidea beti» [barrez]. Beste abentura bat izan da hori. Unibertsitatean ez zegoen informatikaririk; gu izan ginen lehenengoak. Bazen fisika eta matematika ikasitako jendea, eta hiruzpalau doktore zeuden; gaur egun, doktore ez diren hiruzpalau egongo dira! Esan ziguten etorkizuna izateko tesia behar genuela, ikertu egin behar zela. «Ikertu? Zer da hori?». Orduan hasi ginen pixka bat pentsatzen. Kepak eta Arantza Diaz de Ilarrazak hizkuntza prozesamenduaz egin zuten tesia. Ikertzen hastean, ikusi zuten euskaraz ez zegoela ezer. Zero. «Guk egiten ez badugu, ez du inork egingo», pentsatu genuen. Xabier Artola ikasle izandakoarekin eta Xabier Arregirekin sortu genuen Ixa taldea.

Zer helbururekin?

Erabaki genuen euskararen inguruan argitaratuko genuela, baina nazioarteko testuinguru zientifikoan. Eta talde bat ginen. Oraindik ere, zoritxarrez, askotan esaten da «ez dakit noren taldea», beti katedradunen batena. Gu, hasieratik, talde bat izan ginen; izena eman genion, eta abentura bat izan zen. Oso ondo atera zen, gainera: garaiz aritu ginen; beste hizkuntza nagusi askotan mugitzen ari ez zirela hasi ginen mugitzen.

Dena zenuten egiteko.

Garai hartan, jendeak itzulpen automatikoa zuen buruan. Klasiko bat da, baina adimen artifizialean planteatu ziren bi problema zailenak izan ziren xake jokoa eta itzulpena. Eta pentsatzen zen errazagoa zela itzulpena xake jokoa baino. Gero ikusi da ezetz, xake jokoa zehatzagoa dela, eta errazagoa konputagailuentzat. Itzulpenean, ebazteko zailagoak diren problemak daude, gaur egun ia-ia ebatzi direnak. Makina batek hizkuntza batzuen artean egiten duena gizaki batek egin dezakeenarekin konparatzeko modukoa izatera iristen ari da.

Zure tesiarekin hasi zen Xuxen zuzentzailearen proiektua?

Gipuzkoako Foru Aldundiak galdegin zigun itzultzaile automatiko bat egiteko, baina ikusi genuen ezin zela, oinarrizko gauzetatik hasi behar zela. Euskararen kasuan, morfologiatik. Xuxen azpiproduktu bat da, analizatzaile morfologikoa du oinarrian. Arantxak, Kepak eta Xabier Artolak egina zuten tesia, baina ez euskararen gainean, eta hori izan zen taldean egin genuen lehenengoa. UZEIko Miriam Urkiak egin zuen zati linguistikoa, eta nik informatikoa, besteen laguntzarekin.

Ezinbesteko tresna bilakatu da egun.

Oso gauza inportantea lortu genuen: tresna eta marka gauza bera izatea. Orain badaude Xuxen ez diren zuzentzaileak, baina jendeak Xuxen esaten die. Bat baino gehiago dago, gainera. Guk software librea jarri genuen, eta batzuek gurea erabiliko dute segur aski, nahiz eta guk ez jakin.

Nabaritzen duzu software librearen gabeziarik hezkuntzan?

Lotsagarria da administrazioak nola utzi dituen gauza asko enpresa batzuen menpe. Eskoletan Chromebookak eta Microsoft jartzea akats handia izan da. EHU gauza batzuk aldatzen saiatu da, baina diru asko inbertitu behar da; batez ere, inoiz inbertitu ez baduzu. Ez da egon horretarako proiektu nazional bat. Gero eta zailagoa da, noski. Informazio digitalerako ere inbertitu egin behar da. Bibliotekak sortu zirenean, arduratu ziren argitaratzen zen ia guztia gordetzeaz. Digitalean errazagoa da, baina inor ez da arduratu horretaz, eta bibliotekek ere ez dute jarraitu gordailu lan hori egiten.

Unibertsitatean, EHUren eta UEUren artean aritu zara. Nola bizi izan duzu bitasun hori?

Beti esan izan dut UEUn aurrera atera daitezkeela EHUn egin ezin daitezkeen proiektu batzuk. EHUk bide interesgarria egin du denbora nahiko laburrean, beste sektoreekin konparatuta. Halere, bi kontu aipatuko nituzke: elebiduna izanik, azkenean gaztelaniak dauka lehentasuna gauza askotan. Eta homologazioarekin, burokrazia handia dago. UEUko zuzendaria nintzenean, baten batek esan zuen estilo alpinoko unibertsitatea dela: oxigenorik gabe, baina proiektu berriekin aurrera.

Online unibertsitatearen arantzarekin utzi zenuen kargua.

Konbentzituta nengoen sortuko zela halako unibertsitate bat, nahiz eta UEUk ez egin, edo euskara hutsez ez izan. Zoritxarrez, duela zazpi urte gauzatzear ikusten nuen hori ez dut ikusten orain.

Zer aldatu da?

Krisiaz geroztik, proiektu potoloak aurrera ateratzea lehen baino zailagoa da, administrazioa eustera dagoelako. Espero ez nituen kontrakotasun batzuk ere ikusi ditut: «Nik egingo ez dudanez, ez dizut ezer emango, eta, mugitzen bazara, kontrolatu egingo zaitut». UEU txikia da, eta proiektu hori lankidetzan egin beharko litzateke. Unibertsitate bakoitza berera dago, eta administrazioak ere beste lehentasun batzuk ditu.

Nola antzematen duzu unibertsitatearen mundua?

Oro har, mundu mailan ere, unibertsitatean elitismo batera jotzen da bikaintasunaren izenean. Ixa taldean beti izan gara euskalgintzaren parte, eta, herrigintzatik, garai batean, unibertsitatea ikusten zen behar bat duzunean hara jotzeko zerbait bezala. Orain, urruntasun bat dago; helburua da nazioarteko rankingetan egotea. Euskararena adierazgarria da: askoz ere irakasle euskaldun gehiago dago, askoz eta klase ordu gehiago ematen dira euskaraz, eta ez da gehiago argitaratzen.

Zergatik?

Ez dutelako lanerako eskatzen. Eskatzen dute nazioarteko aldizkarietan argitaratzea. Garai batean, liburu bat argitaratzea bazen zerbait, euskaraz izanda ere; gaur egun, ez da ezer, gazteleraz izanda ere. Alferrik da elitearekin lehiatu nahi izatea, oinarririk ez badago. Gainera, frustrazio handia ekartzen du: zure lana ondo egiteko, hor egon behar duzu, baina denak hor egotea ez da batere errealista.

Gladys Gogoan mugimenduan parte hartu duzu. Antinuklearretan ezagutu zenuen?

Gladysek [del Estal] informatika ikasi zuen nik baino urtebete lehenago. Biok egiten genuen lan IBMrekin, ikasi bitartean. Fakultatea bukatu eta hurrengo urtean hil zuten. Gainera, hil aurreko egunean, Donostian bizikleta manifestazio batean argazki bat egin ziguten elkarrekin. Ez nintzen haren laguna, baina militantzian eta laneko kontuetan elkarrekin aritu ginen. Hil zutenean, ni ere Tuteran [Nafarroa] nengoen, eserialdi horretan. Aurten, gainera, lortu dugu fakultateko areto bati haren izena jartzea, hilketaren 40. urteurrenean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna