Pastor
DARWIN ETA GU

Ikerne Gabonetako parkean

2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Gaur da eguna. Derbia. Athletic-Reala partida, Bilbon. Mundu guztiak daki horren berri. Eta zuk ez badakizu, kontuz: piztia arraroa bazina bezala begiratuko dizute. Lagun bati gertatu zitzaion, duela urte batzuk. Derbi eguna zela esan zion adiskide batek. «Zer derbi?», galdetu zion. Eta futbolzale amorratu hark zur eta lur begiratu zion, ezin sinetsirik.

Futbolaren presentzia gero eta nabarmenagoa da gizartean. Gehiegizko garrantzia ematen zaiola esango nuke. Futbola nonahi, noiznahi. Futbola egunero, 24/7 formatuan. Jokalariak idolo bihurtu ditugu. Edozer onartzen diegu. Pandemiaren aurreko Eguberrietan Bilboko Gabonetako parkera eraman zuen semea gaur San Mamesen seguruenik jokatuko duten kirolarietako batek. Ilara izugarriak, jendea zain. Ezer esan gabe beste ume eta gurasoen aurrean jarri eta hor sartu zuen semea. Eta horrela jolas guztietan. Inor kexatu zen? Bai zera! Alderantziz: txalo egin zioten. Mbappéri halakorik onartuko liokete Parisen? Inork ere ez luke deus esango eta, gainera, txalo egingo liokete? Duda egiten dut. Ez al gara uste baino espainiarragoak izango?

Jokalari batek huts egin du, eta sare sozialetan iraindu dute. Jokaera koldar arbuiagarria. Zaleek pankartak atera dituzte kirolari gaztearen alde zelaian. Ondo da. Alta, halako oihalik ez genuen ikusi duela hilabete batzuk pertsona berak egindako adierazpenen harira: «Ez kexatu zergei buruz»; «izan zaitez solidarioa zurekin solidarioak izan zirenekin». Edo: «Ez egin barre lotsagabeki euskaraz ezer ez dakizula aitortzen duzunean».

Jendea mobilizatzeko indar itzela du futbolak. Gero eta handiagoa. Partiden aurretik milaka eta milaka lagun elkartzen dira estadioaren ondoan edo telebistaren aurrean lehia ikusteko. Poztu egingo nintzateke horietako %10, besterik ez, mobilizatuko balira euren eskubide sozialen alde. Batez ere, zale gazteenak: kapitalaren makinerian haragi xehatua direnak eta izango direnak. Sobera eskatzea da? Futbolak pizten duen grina aipatzen dute haren funtzio soziala goresten dutenek. Futbolak ematen duen poza. Futbolzalea naiz, baina ez dut futbola behar zoriontsua-edo izateko.

Arlo guztietara zabaldu zaigu futbola. Emakumezkoek gero eta maiteago dute. Batez ere, neska gazteek. Futbolean egiten hasi dira. Berdintasuna nahi dute jarduera horretan ere. Hala behar du, besterik ez genuen behar. Hala ere, ikusitakoak ikusita, susmoa dut berdintasunaren izenean ez ote diegun ziria sartu: futbola gustatu, maitatu egiten dute, baina azkenean geure esparrura ekarri ditugu, gizonen ustezko balio tradizionalak ordezkatzen dituen kirolera, alegia: indarra, lehia, ahuleziarik eza... Potroak hitzaren ordez obarioak ipini, eta aurrera. Gora egin du, maskulinitate berria lantzeko garai hauetan, ballet eskoletan izena eman duten mutilen kopuruak?

Nire lagunak ez zekien derbia zegoenik. Ezer gutxi ulertzen du futbolari buruz. Areago: kirol horrek ez dio batere ardurarik. Arlo horretan ez du gizaki zakildun heterosexual tipikoaren klixearekin bat egiten. Hori, bizi garen denboran, ez da oso erraza. Ulergarria ere ez. Gizonezko bat, futbolzalea ez dena? Alaba nerabea du lagun horrek. Futbol zalea da neska, eta ezin du ulertu aitak kirol hori gustukoa ez izatea. «Batzuetan ez duzu gizona ematen, andrazkoa ematen duzu», esan zion egun batean, horretaz hizketan ari zirela. Futbola maite ez baduzu, ez zara benetako gizona, antza. Neskato futbolzale batek barneratua eta etxean esana.

Bide luzea dugu berdintasuna lortzeko. Baikorra izan eta une berezi hori berandu baino lehen ikusiko dugula pentsatu nahi nuke. Eguna iritsiko da, emakume futbolari batek Gabonetako parkera joan eta gizonezko kirolariek bezala jokatuko duena: seme-alabak ilaran dauden beste haurren aurrean jarri eta besterik gabe sartuko dira. Hari ere txalo egingo diote. Ikernek erabateko berdintasuna lortua izango du orduan. Obario pare batekin. Eta guk orain bezain txotxoloak izaten segituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.