Europako Parlamenturako hauteskundeak. Euskal hautagaiak

Europa. Urruneko arriskua, hurbil

Europako hauteskundeez eztabaidatu dute euskal hautagaiek EHUn antolatutako mahai inguru batean, eta, besteak beste, eskuin muturraren gorakada izan dute mintzagai.

Ezkerretik, Eider Gardiazabal, Iñigo Martinez, Izaskun Bilbao, Pernando Barrena eta Zoe Nubla, atzo, Leioan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Leioa
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Europako Parlamenturako hauteskundeetara aurkezten diren euskal alderdien ordezkariek mahai ingurua izan dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Leioan (Bizkaia) duen campusean. Europa eta gazteria zen eztabaidaren izenburua, eta gazteen eguneroko bizimoduan eragina duten hainbat gai eta arazo izan dituzte hautagaiek mintzagai, baina bestelakoak ere jorratu dituzte; den-denek —EAJren Izaskun Bilbaok, EH Bilduren Pernando Barrenak, PSE-EEren Eider Gardiazabalek, Elkarrekin Podemosen Iñigo Martinezek eta PPren Zoe Nublak— nabarmendu dute Europako egitasmoa suntsitu nahi duten indar erreakzionarioen mehatxua inoiz baino agerikoagoa dela boz hauetan.

Bat etorri dira horretan hautagai guztiak, baina ñabardura oso garrantzitsuak eginda: izan ere, Nublak «populismoaz» hitz egin du, eta izendapen horren azpian berdin deitoratu ditu eskuineko indar ultranazionalistak eta ezkerreko jarreretatik Europako gaur egungo diseinuarekin kritiko direnak. Bilbaok ere nabarmendu du Europako Parlamentuko zenbait bozketatan berdin bozkatzen dutela «muturreko eskuinak eta muturreko ezkerrak». Martinez, berriz, ez da ados agertu planteamendu horrekin: «Niri ez zait gustatzen populismo berba erabiltzea. Bakoitzari berea: eskuin muturra da, neofaxismoa, eta austeritatearen ondorioa da».

Gardiazabalek eta Barrenak ere nabarmendu dute talde eurofoboen goraldiaren eta austeritatean oinarritutako politiken arteko harremana. «Horrelakoen kontrako antidotorik onena gizarte politiketan sakontzea da», esan du Gardiazabalek. Barrena, berriz, argi mintzatu da: «Guretzat marra gorri bat dago hor. Ez gara inoiz jolasean ibiliko eskuin muturrarekin. Ez dugu geure egingo bazterkeriaren, arrazakeriaren eta gorrotoaren diskurtsoa».

Gazteen egoera

PSE-EEko ordezkari Eider Gardiazabalek esan du gazteei buruzko politikak ez direla «sektorialak», eta Europan hartzen diren erabaki ia guztiek eragina dutela gazteengan. Beharbada horregatik, gazteen arazoez hitz egin dutenean, langabezia, prekaritatea eta bestelako gaiak ere agertu dira hautagaien mintzaldietan.

Egoeraren diagnostikoan, baina, ikusmolde desberdinak agertu dira: «Europan ez da egon gureak adinako aberastasun eta ongizatea izan duen belaunaldirik», esan du PPren ordezkariak. Oso bestela pentsatzen du Elkarrekin Podemosekoak: gogora ekarri du garai batean Barakaldon (Bizkaia) industria jarduera zela nagusi, eta, gaur egun, jarduera osoaren %3 baino ez dela industriari dagokiona: «Hori ere Europaren erabaki bat izan zen», esan du, «bere garaian PSOEren gobernuak ontzat eman zuena».

Barrenak aitortu du egoera iluna dela gazte gehienentzat, eta EH Bildun «oso kritikoak» direla Europa eraikitzeko erabiltzen ari den moduarekin, baina uste du «esperantzarako arrazoiak» badaudela: «Gazteak mobilizatzen ari dira, Euskal Herriko beste sektore batzuk egiten ari diren bezala». Mobilizazio horri maiatzaren 26an botoaren bidez jarraipena emateko deia egin du: «Norberak betetzen ez duen tokia beste batzuek beteko dute», esan du.

Izaskun Bilbaok ere «porrot» gisa definitu ditu Europako austeritate politikak, eta neurriak proposatu ditu: «Diru sarrerak bermatzeko errenta Europan ere ezartzearen alde gaude», esan du.

Nazio auzia

Nazioek Europaren eraikuntzan izan behar duten lekuaz galdetuta, erantzunak mota guztietakoak izan dira. Gardiazabalek esan du «Euskadik jada parte hartu» egiten duela Europako erabakietan, zenbait batzordetan ordezkaritza zuzena dutelako Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, eta horrela jarraitzearen alde dagoela «baina Europako erakundeen funtzionamendua konplikatu gabe, berez aski konplikatua delako».

Izaskun Bilbaok ez du bat egin iritzi horrekin: «Ez dut uste Euskadik Europan parte hartzea gauzak konplikatzea denik», esan du. Onartu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek Europako zenbait batzordetan parte hartzen dutela, baina, halaber, gogora ekarri du maiz batzorde horien txosten eta ebazpenak «aholku» hutsak direla eta ez direla «lotesleak». Parte hartze hori areagotzearen alde dago: «Gure erregimen ekonomikoaren berezitasunak kontuan hartuta, zenbait erakundetan estatu baten pare egon beharko genuke».

Barrenak uste du nazioen auziak garrantzi handia hartuko duela Europan datorren legegintzaldian: «Brexit-ak zabalduko du Europako Batasunaren instituzio egituratzearen eztabaida», esan du. Haren ustetan, brexit-a gauzatzeak ekarriko du independentziari buruzko bigarren erreferenduma Eskozian eta Irlanda batzeari buruzko galdeketa, eta Kataluniako prozesua ere hor dago: «Euskaldunok asmatu behar dugu gure taula olatu horren gainean jartzen», azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.