Behar ezberdinak, xede bera

Realak eta Eibarrek derbia jokatuko dute, Donostian. Azken neurketetako makalaldiari amaiera eman nahi diete bi taldeek. Soropil berria du Anoetak

Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Garaipen gogoz dira Reala eta Eibar. Espainiako Ligan aritzen diren bi talde gipuzkoarrek nahi baino emaitza kaskarragoak eskuratu dituzte azken jardunaldietan, eta makalaldiari amaiera emateko probestu nahi dute gaur arratsaldeko derbia. Behar ezberdinak asetzen saiatuko dira biak. Txuri-urdinek lehendabiziko postuei heldu nahi diete berriz;eibartarrek, ostera, sailkapeneko atzealdetik ihes egin.

Dinamika aldatzeko hiru puntuak eskuratu behar dituzte bi taldeek, eta, horretarako, aurkaria ezustean hartu. Ez dute lan erraza izango; Realeko nahiz Eibarreko jokalariek eta teknikariek ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar.

Horren adibide dira Imanol Alguacil donostiarren prestatzaileak atzoko prentsa agerraldian egin zituen adierazpenak: «Ia aurkari guztiak estutzen ditu Eibarrek. Gai dira 30 segundoan lau erdiraketa egin, eta errematatzeko jendea izateko. Talde guztiek bizitu dute hori; erdiraketa gehien egiten duen taldea da».

Orioko prestatzailearen arabera, zelai erdian «jokalari onak» ditu Eibarrek, eta sasoi honetan ere ez du txinparta faltarik: «Aurrelariak aldatzen ari dira, eta edozertarako prest gaude. Badakigu une oro zer egin behar dugun, eta bi aurrelarirekin aritu daitezkeela uste dugu. Ez liguke ezustean harrapatuko».

Jose Luis Mendilibar Eibarko entrenatzaileak, berriz, uste du jokalari biziak dituztela txuri-urdinek: «Sasoi honetan beste denboraldietan ez zuten abiadura dute. Atzetik jokatzen ahalegintzen dira, ondoren aurkariaren bizkarrak hartu, eta aurkako atera iristeko».

Zaldibarko prestatzaileak argi du bere taldeak badituela Donostian irabazteko aukerak, baina horretarako gauzak ondo egiteko premia dutela azpimarratu du: «Aurkaria eroso badago, gaizki egongo gara, arriskua sortuko digutelako. Presio ona egiteko gai bagara, eta behar denean lerroa atzeratzen badugu, irabazteko aukerak izango ditugu». Horretarako, partida osoan «kontzentrazioa mantentzea» gako izango dela uste du Mendilibarrek.

Aukeratzeko ordua

Eibarrek aldaketa bat egin beharko du ezinbestean: Anaitz Arbilla zigortuta dago, eta ez da ariko. Ezta Luca Sangalli ere; Imanolek deialditik kanpo utzi du donostiarra, eta Ander Barrenetxea deitu du haren ordez.

Hala, aukera izan dezake Anoetako zelai berria bere oinpean izateko. Azken egunetan belarra aldatu dute Realaren estadioan, eta biharko aldaketa egin osteko lehen neurketa. Atzo han entrenatu zuten etxekoek; soropilarekin «gustura» agertu zen Imanol.

REALA-EIBAR

Reala. Remiro; Zaldua, Aritz, Llorente, Monreal; Zubeldia, Merino, Odegaard; Oiartzabal, Portu, eta Willian Jose.

Eibar. Dimitrovic; De Blasis, Oliveira, Ramis, Cote; Escalante, Diop, Inui; Enrich, Orellana, eta Kike.

Epailea. Del Cerro Grande.

Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).

Ordua. 16:00 (Movistar LaLiga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.