Eibarrek beste urrats bat egin nahi du, eta Realak, suspertu

Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Konfiantzaz iritsi da Eibar Granadara (Espainia). Mesede handia egin dio joan den ostegunean Ipuruan Valentziari irabazi izanak. Garaipenari esker, urratsa egin du mailari eusteko bidean. Eta gaur, beste pauso bat eman nahi du; izan ere, irabaziko balu, bideratuta utziko luke salbazioa, bederatzi punturen aldea izango bailuke jaitsierarekiko, sei jardunaldiren faltan.

Baina gaur ez du lan samurra izango, aurkari zaila baita Granada. Ondo ari da etenalditik bueltan: partida bat irabazi du, bi berdindu, eta bat galdu. Horri esker, zazpigarren izateko borrokan da.

Realak, ordea, suspertu egin nahi du, ez baitu irabazi etenalditik bueltan: bi partida berdindu ditu, eta beste bi galdu. Ez du irabazi, ezta itxura ona eman ere. Horren ondorioz, izugarri zaildu zaio Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Horrenbeste, ezen Europa liga baitu orain begiz joa. Eta helburu hori lortzeko, oso norgehiagoka garrantzitsua da gaurkoa, aurkari zuzen bati egingo baitio bisita: Getaferi. Bolada txarrean egon arren, gogotsu dago Imanol Alguacil. «Inoiz baino ilusio handiagoa dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.