Gorka Azkune.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Ahotsa ematea ez duenari

2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Beste ezer baino lehen, urte berri on guztioi! 2020. urte hau ongi hasteko, gai interesgarri bat dakarkizuedalakoan nago, teknologiak behar handienak dituztenen bizitza nola hobetu dezakeen adibide ezin hobea. Gaixotasun ezberdinen ondorioz, pertsonok gure ahotsa gal dezakegu. Hitz egiteko ahalmena. Ondorioak oso latzak dira, maila askotan. Ahotsa komunikatzeko eta sozializatzeko tresna nagusia da gizakiontzat. Ahalmen hori galtzeak gure egunerokoa asko baldintzatzen du. Gaur egun, ordea, ahots sintetizadoreak edonoren esku daude eskuko telefonoetan bertan. Hitz egin ezin duenak esan nahi duena idatz dezake teklatua erabiliz, eta eskuko telefonoak ahots bihurtuko du idatzitako testua. Teknologia horiei esker pertsona askoren bizitza dezente errazagoa bilakatu da.

Baina sintetizadore horiek ahots robotikoak izaten dituzte. Guztiz inpertsonalak. Gure sakelako telefonoetako hainbat aplikaziotan entzun ditzakegunak dira. Ahotsa galdu dutenek ez dute beren burua identifikatzen sintetizadorearen soinuan, eta hori psikologikoki gogorra egiten zaie. Bada, gaur, pertsona horiei gure ahotsak emateko gai gara. Are gehiago, endekapenezko-gaixotasunak sufritzen dituztenen kasuan, oraindik hitz egiteko gai direnean beren ahotsa graba dezakete, etorkizunean erabili ahal izateko. Ideia horren atzean Euskal Herriko Unibertsitateko Inma Hernaez irakasle eta ikerlaria dago. Inmak EHUko Hitz zentroan garatzen du bere ikerkuntza lana. Ikerketa zentro hori Informatika fakultateko Ixa taldeaz eta Ingeniaritza Eskolako Aholab taldeez osatuta dago. Zuk ere behar duenari zure ahotsa eman nahi badiozu, sartu webgune honetan (https://aholab.ehu.eus/ zuretts/), prestatu zure mikrofonoa eta ordu erdi inguruan osa dezakezu lana. Esaldi batzuk grabatzeko eskatuko dizute, zure ahotsaren ezaugarriak automatikoki erregistratzeko. Horrela, zure ahotsa ahots-banku batean sartuko da, zure baimenarekin, noski. Ahotsik ez dutenek banku horretara jo dezakete, beren antzeko ezaugarriak dituzten pertsonen ahotsak bilatzeko. Ahotsen batekin identifikatuta sentitzen badira, beraien sakelakoetara deskarga dezakete eta beraien sintetizadoreetan erabili. Gezurra badirudi ere, beraientzat jauzi handia da. Beren burua errekonozitu dezakete ahotsa entzutean, eta horrek asko laguntzen die berez zaila den egoerari aurre egiten.

Badirudi proiektu honek sona handia izan duela azken boladan, estatu mailako hainbat komunikabidetan irten baita. Asko pozten naiz. Gogoratzen dut Inmak berak aurkeztu zigula proiektu hau, beste batzuen artean, Hitz zentroaren barnean egin genuen mintegi batean. Orduan azaldu zigun bere ahizpa zela ahotsa galdu zuten pertsona horietako bat. Kontatu zigun ere proiektu honetan zehar ez zuela diru laguntza askorik lortu, baina, hala ere, aurrera jarraitzeko indarra eta denbora atera zuela. Espero dezagun orain lortu duen oihartzunak bidea erraztea. Beragatik, baina, batez ere, ahotsa galdu duten pertsona horiengatik guztiengatik. Inmak eta bere taldekideek dena prestatu dute urte askoren lanaren poderioz. Orain gure txanda da: teknologia erabil dezakegu beste batzuen bizitza hobetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.