Ane Aseginolaza. Bikoizlea

«Bikoizketa jaiotzen ikusi dut; eta, orain, ez al dut hiltzen ikusiko»

Nahiago zukeen aurpegirik ez erakustea; ahotsaren atzean dago bera eroso. Hamaika pertsonaia bikoitzi ditu, tartean, eta luzez, Doraemon. Plantoan dago orain; kezkatuta, hazten ikusitakoa itzaltzen sumatuta.

JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Denera 35 bat urte egin ditu bikoizketan Ane Aseginolazak (Idiazabal, Gipuzkoa, 1950). Horietatik hogei pasa Doraemoni ahotsa jartzen. Erretiroa hartua du, aldiro lanen bat egiten duen arren. Baina orain ez, BIEUSEko kide da, eta plantoan dago bera ere. «Oso gustukoa izan dut lana. Baina beti ezin zara burumakur ibili; noizbait 'nahikoa da' ere esan beharra dago».

Nola heldu zinen bikoizketara?

Jakinaren gainean geunden ETB euskaraz hastekoa zela, eta jendea behar zutela. Azterketak egin zituzten aurkezpen lanetarako eta bikoizketarako, eta bikoizketarako aurkeztu nintzen ni. Zer zen ere ez nekien orduan. Ikastaro batzuk egin genituen Donostian, eta 1982an hasi ginen.

Asko zineten hasiera haietan?

Ez dakit esaten zenbat, baina jende saldo bat bai. Hamabosti baino gehiagori kontratu finkoa egin ziguten, eta lan asko egiten genuen. Ordu pila bat zegoen betetzeko.

Nolakoa izan da lana egunerokoan?

Bikoiztu beharreko testua itzulita eta egokituta izaten dugu atrilean. Pertsonaiaren erritmora hitzak egokituz hasten zara entseatzen. Ondoren, grabatu egiten da. Aurrean pantailan bikoiztu beharreko pelikula ikusten dugu. Zutik, orduak mikrofono aurrean, leher eginda amaitzen genuen askotan. Baina hurrengorako deseatzen, ze lana oso polita da. Zailtasun gehiago edo gutxiago izaten dira: pertsonaien ahoak zenbat ikusten dituzun, azkar hitz egiten duten... Baina moldatzen duzu.

Nolako pertsonaiak izan dira, oro har, ahotsa jarri diezunak?

Hasieratan, pelikula ugari egin ziren, eta horietan Ava Gardner, Elizabeth Taylor, Bette Davis eta halakoei jarri nien ahotsa. Marrazki bizidunetan, gehienetan, nire ahotsaren tesiturarengatik, beti egin ditut adinekoak, pertsonaia erretxinduak: Sorgin aspertua, Heidiko Rottenmeier anderea... Egin dudan potoloena Doraemon izan da. 22 bat urtez jarri diot ahotsa. Gaur egun, Joxe Kruz Gurrutxagak egiten du. Baina atal berri gutxi daude bikoiztuak, eta zaharrak behin eta berriz errepikatzen dituzte. Inoiz pentsatu izan dut zahar hiltzen banaiz ere, hil eta gero ere nire ahotsa entzungo dela.

Batez ere umeentzako lanak bikoitzi dituzu?

Azken urteetan hori egin da, batez ere. Hasieran denetik egiten genuen, baina euskarazko bikoizketa gaztetxoentzako zein helduentzako filmetan aspaldi gelditu zen hankamotz; pelikula erakargarri gutxitxo eta lardats gehiegi bikoiztu dira.

Nola bizi izan duzu sektorea urtez urte beheraka ikustea?

Nik, esaterako, Doraemon egiteari utzi nion Mixer enpresa Donostiatik Bilbora eraman zutelako, eta niri hara joateak zekarkidan arazoengatik. Goizeko zortzietarako han egoteko eskatzen zidaten. Eskakizun pare bat egin nion Mixerri, eta ez zizkidaten onartu. Nire ustez, borondate kontu bat zen, baina niretzat ez zen borondaterik izan. Guk esandako guztia egin dugu beti, beste lantegi guztietan bezala, eta horrelako eskasia ikustea, eta berriz ere prezioak jaitsi nahi izatea, ba ez. Ziurgabetasuna erabatekoa da. Lehen, ez; lehen, gutxi gorabehera, egunero zenuen lana. Nik bikoizketa jaiotzen ikusi dut, eta, orain, ikusitakoak ikusita, ez al dut hiltzen ikusiko. Ez nuen sekula pentsatuko hain desiratua izan zena hona heltzen ikusiko nuenik.

Jatorrizko bertsioaren eta azpidatzien aukeraz, zer iritzi duzu?

Jatorrizko bertsioa bai, ondo dago eta nik ere ikusten dut, baina euskarazko bikoizketa ere bai, behar da. ETB1ek zergatik ez dio herri honi aukera hori eman nahi? Gure ogibidea hau izan da, eta egun ez dago hemendik bizitzerik.

Lehen urteetan ez?

Ez. Kontratatuta egon nintzenean, soldata finko bat neukan, eta horretaz aparte, lan asko egiten nuenean, oinarrizko soldata hori gehitu egiten zen. Gero murriztuz joan da, eta askotan eman diegu amore jaitsierei. Bilerak egin, grebak egin... baina orain heldu da une bat non sakon heldu behar zaion honi: ezin da horrela utzi. Bikoizketa bai edo ez erabaki behar da. Baiezkoa bada, hogei pertsonarekin ezin da ezer egin. Jendea behar da, askotariko ahotsak.

Ahots asko galdu dira bidean?

Horixe. Euskaraz bikoiztuko bada, horri eusteko beste jokabide bat erabili beharko da. Bikoizle dezentek beste lan batzuetara egokitu behar izan dute. Neronek ere beste hiru ofiziotan lan egin behar izan dut azken 15 urte hauetan, bikoizketarekin batera.

Plantoak izan du eraginik orain artean?

Oraingoz egoerari oihartzuna ematen ari gara, konponketa bidea hasi nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.