Koronabirusa

545 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Positibo tasa %4,8 da, eta kutsatuen kopuruak beheranzko joerari eutsi dio. Hegoaldeko erietxeetako ZIUetan 169 pertsona daude

Osasun langile bat PCR proba bat egiten, Agurainen (Araba). RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 11.350 PCR eta antigeno proba egin zituzten herenegun Hego Euskal Herrian, eta 545 positibo atzeman zituzten. Proba egin dutenen arteko positibo tasa %4,8 izan zen, eta, beraz, aurreko egunetako joerari jarraituz, kopurua OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako mugatik behera dago oraindik. Zehazki, %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko muga. Horrez gain, positiboen kopuruak ere beheranzko joerari eutsi dio, otsailaren 1ean kutsatutakoen kurba beherantz egiten hasi zenetik.

Lurraldeetako datuei dagokienez, Bizkaian detektatu zituzten positibo gehien ostiraleko probetan: 301. Gipuzkoan, 113 izan ziren; Araban, 70, eta Nafarroan, 58. Gainerako hiru kasuak, berriz, EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira, Jaurlaritzak ohartarazi zuenez.

Erietxeetan ospitaleratutako gaixoen kopurua ere beherantz egiten ari da. Ospitaleratze berriei dagokienez, esate baterako, otsailaren 5ean, eta hamalau eguneko batezbestekoa oinarri hartuta, Hegoaldeko erietxeetan 91,86 ospitaleratze zeuden, eta ordutik apaltzen ari da kurba. Herenegun jasotako datuei dagokienez, berriz, beste 61 ospitaleratze egon ziren, eta ZIU zainketa intentsiboetako unitatean, guztira, 169 ospitaleratu daudela ohartarazi zuten gobernuek. Hala ere, Jaurlaritzak bihar eskainiko ditu datu gehiago.

Nafarroan, lau hildako

Nafarroako Gobernuakjakinarazi zuen ostiralean beste hiru pertsona hil zirela: 75 eta 92 urteko bi emakumezko eta 82 urteko gizonezko bat. Horrez gain, aurreko egunetako beste heriotza baten berri ere eman zuen: 92 urteko emakumezko bat, hain justu. Zahar etxeei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiak datuak eskaini zituen, eta, haren arabera, beste bi egoiliar hil dira lurraldeko zahar etxeetan. Hala ere, erantsi zuen adineko zortzi pertsona daudela birusarekin kutsatuta, eta behera egin duela kopuruak aurreko egunekin alderatuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.