Manex Mantxola Urrate.
ELE

Donostiatik pasieran

2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Donostiatik pasieran eta Axier Lopezen Elkanori bira hitzaldia gogoan, zail egiten da kaleen izenei jaramonik ez egitea. Jakina denez, historia irabazleek idazten dute eta euskaldunak, izatez, galtzaileak gara. Orduan, zein irabazlek zor zien kaleetan euren izenak jartzeko ohorea euskaldun hauei?

Ibiliaren ibiliz topo egiten dugu Elkano bezalako espainiar koroaren lekaio entrepeneur eta esklabozalearekin. Lopez de Legazpi eta Urdaneta ikusten ditugu filipinarrak ebanjelizatzen. Blas de Lezo Bartzelona setiatzen. Okendo eta Txurruka erreinuagatik bizitzak kendu eta bizitza ematen. Loiolako IƱazio, gure patroi handia, Coca-Cola txiki uzten duen ekonomia modernoaren historiako korporazio multinazional zahar eta arrakastatsuena martxan jartzen. Zeruko zergazainak eta jaunaren armada, a ze gonorrea. Matiarena ere ez da kale makala, esklabotzatik aberastu, fundazioa sortu eta zaharren egoitzak kudeatzen amaitu. Ezin esan negozio eredua askorik aldatu duenik.

Orain arte behintzat, denak gizonak eta denak agintari arrotzen meneko.

Esperantza printza bat pizten zaigu emakumetik gizonera eta mojatik alferezera trantsizioa egin zuen Katalina Erausorekin topo egitean. Egia da bidean makina bat maputxe garbitu zituela, baina genero rolei emandako jipoia ere hor dago. Norberak bere balantzan epai beza.

Hala ere, kale luze hauetan ez dago inor bere garaiko agintarien aurka altxatu zenik. Botereak hegemonia baitakar eta honek errelatoa. Desio dugun etorkizunaren arabera irakurri behar bada historia, merezi dugun oraina daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.