Elurre Iriarte Bañez.
ELE

Beti-kexu

2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Sekula konforme ez dagoenari deitzen diogu Beti-kexu. Berdin du zein den solasa, punta aterako dio eta alde txarra azpimarratu. Pandemiaz aparte, aroa izan da aurtengo udako gai izarra. Bati entzun nion berriki «ez dago eskubiderik» erraten, bere oporretan egun kukuak eta euritsuak bertzerik ez zituelakoz. Bertze bati «nola da posible!», arropa arinarekin atera eta udan hotza pasatu zuelakoz.

Nik neronek, beti-kexu sumatzen dudalarik neure burua, helduengandik hain baldintzatuak ez dauden haurrei inbidiaz begiratzen diet. Herriko haurrak hor ikusten ditut, berdin du aroa zein den, planak zientoka izaten eta erraz laketzen. Egun eguzkitsuarekin errekan, euria ari duelarik frontoian, kuku delarik plazan edo herritik urrun etxolak egiten... sekula ez eguraldiarekin muker. Bertze kezka batzuk sortzen zaizkie, bistan da.

Berriki iloba guregana etorri zen herriko haur zaharrenekin kexu, joko bateko arau batekin ez sobera konforme. «Beti hala izan da» erantzun omen zioten eta egia ote zen ikertzen zebilen. Beti hori, argumentatzen ez dakigularik erabiltzen dugula ikasiko du, ez dagoela beti hala izan den deus ere.

Ezagun baten amatxiren hitzak gogoratu nituen: famili bazkari batean arraina plater borobilean atera zuten, eta familiako beti-kexuak arraina beti plater luzean ateratzen dela aldarrikatu zuen. Gutxi aski behar izaten dugu halako bazkarietan tira eta bildu hasteko, eta eztabaida hasi zen. Familia osoa kateatu zen, isilik zegoen amatxiri galdegin zioten artio. Erantzun garbia berea: «Arraina beti plater luzean atera izan dugu, bertzerik ez genuelakoz». Akabo kexa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.