Albistea entzun

Brasilgo Munduko Kopa

Aberriarekin bakea egiteko

Lionel Messik harreman gorabeheratsua izan du Argentinako zaleekin. Egotzi diote urteetan selekzioarekin ez zuela onena ematen; finalean, baina, hura agertzea da itxaropen nagusia.

Imanol Magro Eizmendi -

2014ko uztailak 13

Urteak zeramatzan gaurkoaren moduko egun baten zain. Lionel Messik ibilbide osoa zeraman bere jaioterrian jarritako gurutzearen karga gainetik kendu nahian. 13 urterekin joan zen Bartzelonara, eta Argentinan betidanik egotzi diote selekzioarekin ez duela bere onena ematen. Bartzelonan, bere taldean, distira handiagoa egiten du, eta hori ez diote barkatu. Bartzelonan kide hobeak dituelako izango da akaso, baina Argentinan futbolaz mintzatzean aitzakiek ez dute balio. Selekzioak, gainera, mago txikia —1,69 metro da luze— behar du gaur Alemaniari irabazteko, eta Messik Munduko Kopa bat behar du historiako jokalari onenen klubean sartu ahal izateko.

Brasilgo Munduko Kopa ez da izan Messiren bertuteen erakusleihorik onena. Finalerdietan, utzikeria apur bat ere leporatu zioten. Partida bukatu berritan, baina, izan zezakeen abokaturik onena irten zitzaion. «Nekea pilatu du; ulertzekoa da», defendatu zuen Diego Maradonak bere telebista programan. Zaleek egun txar bat barkatuko diote, baina gaur Argentinak galtzen badu, berriz ere jo puntuan jarriko dute Messi.

Denboraldia ez da erraza izan aurrelariarentzat. Bartzelonaren urtea gorabeheratsua izan da, eta esku hutsik bukatu du. Lesioari egotzi diote askok sasoi txarra, bi hilabetez jokatu gabe egon baitzen izterreko arazoekin. Argentinara itzuli zen sendatzeko, eta handik aurrera bere gorputza nahita zaintzen ari zela zabaldu zen Kataluniako prentsan. Munduko Koparako ezkutatzen ari zela, alegia.

Messik urrezko lau baloi ditu etxeko egongelan, eta garai bateko izar handiak jokatzen ikusi zituztenek Maradona, Pele eta enparauen parean jartzen dute. Messiri, baina, selekzio mailako titulurik handiena falta zaio, eta hor dago ibilbideen arteko aldea. Historia Munduko Kopa irabazi gabeko jokalari handiz josita dago: Platini, Di Stefano, Cruyff...eta denek jotzen dute orbaintzat hutsune hori.

Messik, izan ere, ez baitu ia ezer irabazi selekzioarekin. 2008ko Olinpiar Jokoak irabazi zituen, baina, nagusien mailan, esku-hutsik dago. 2010eko Munduko Kopan final-laurdenetara iritsi zen. Amerika Kopan, aldiz, txapeldunorde izan zen 2007an, eta final-laurdenetara arte iritsi zen 2011n. Argentinako zaleek dioten herra hor oinarritzen da; jokalari bikaina da, baina ez da hurreratu ere egin Maradonak, esaterako, selekzioarekin eginikoetara.

Erabateko argentinar?

Gaia soziologikoki ikertu dute Argentinan. Amodio-gorrotoaren oinarrian Messiren izaera «europarra» omen dago, inoiz ez baitu Argentinako ligan jokatu. Bere herrialdean ez dute ezagutzen Messi; noizean behin selekzioaren elastikoa jartzen duen tipo zozo «bular hotz» bat da. Maradona, edo Tevez, esaterako, aldiz, auzo txiroetatik irtendako morroi gogorrak dira. Argentinako prentsan ez da zaila Messiren inguruko inkestak aurkitzea. Munduko Koparen aurretik 1.000 futbolzaleri galdetu, eta %35,2k «nahiko argentinartzat» jo zuten, eta %13,9k argentinarretik «gutxi» daukala nabarmendu zuten. %37,1entzat bakarrik da «erabateko argentinar». %93k uste dute Europan gehiago baloratzen dutela. Baina zergatik? %44k uste dute selekzioarekin ez dutela ondo jokatzen. Halere, aitorpena ere egiten diote, %81,6k uste baitute munduko futbolari onena dela.

Estatistikak, baina, egun batetik bestera iraul daitezke. Argentina gaur ez da faborito, kostata iritsi delako finalera; Alemania, aldiz sasoi betean dago, Brasilen aurka erakustaldia eman ondoren. Argentina azken partidetako joera aldatu beharrean dago, eta, defentsa sistema zorrotzaz gain, jokalarien talentuan du jarria fedea. Eta talentua mahai gainean jartzen denean da Messi teknikari batek izan dezakeen kartarik onena. Gaur du aberriaren bakea egiteko aukera, Argentina osoa seduzitzeko eguna. Gaur ala inoiz ez. Badaki hala dela. Erne gaur Messirekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskariansek eta Irlandako Munster taldeak 2006an Miarritzeko Aguilera estadioan jokatutako partida. ©BOB EDME

Euskal errugbia batuz

Iñaki Berastegi

Sei urteren ostean, Euskariansek lagunarteko partida bat jokatuko du gaur: Kataluniako selekzioa izango du arerio Donostian, Anoetako estadio txikian. Zazpiko errugbian ere «anbizio handiko egitasmoa» osatu nahi dute.

Simone Inzaghi Inter Milaneko entrenatzailea eta Pep Guardiola Manchester Cityko entrenatzailea. RONALD WITTEK / efe - Adam Vaughan / EFE ©BERRIA

Cityk Txapeldunen Liga aurrenekoz irabaz dezake gaur

Eñaut Agirrebengoa

Cityk Txapeldunen Liga aurrenekoz irabaz dezake gaur, eta sasoi honetako hirugarren titulu handia lortu. Ezustean harrapatu nahi du Interrek (21:00, La 1 eta TF1).

 ©JULIO MUÑOZ / EFE

Catenak Osasunan jokatuko du, eta Traorek, Realean

Berria

Talde txuri-urdinak jakinarazi du Cecilia Marcosek beste bi urtez jarraituko duela klubean, 2025eko ekainera arte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...