Patxi Larrion Galdeano.
ELE

Iturtxipia

2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Herrian naiz udan. Larunbata da, gau iluna akitzear altxatu naiz, sukaldeko txorrota irekia dago, urik ez. Komunean ere gauza bera. Ama lo dago. Aita zenaren larrainera abiatu naiz. Egun baratza nahi duen horretan ere ur emaririk ez. Gaur ez ditugu ensaladeriak eta piper berdiak ureztatuko. Goizeko zazpietarako, otsaileko astearte batean lotara dozena bat biztanle biltzen ez dituen herrian, iturri ondoko askaren eremuan hamar bat lagun elkartu gara balde eta pitxerrak eskuetan, gazteena ni. Iturtxipiak eta urrutiko baratzak ureztatzeko erreguek emaria dute. Joakin dutxatu omen da, baina ezin izan du lekak egosten utzi. Solasean ari gara ura etxera eraman dugunok, ordu bete falta da okina furgonetaz etor dadin, ia denok musukoa daramagu. Kontzeju-burua iturrira hurbildu da. Ur-zerbitzua kontzejua eta udalaren artean gobernatzen dute. Haraneko alkateak ez du erantzuten. Hipotesien garaia da, gaur edonor da aditu, zorionez iturginak telefonoa hartu du.

Okinaren furgonetarekin gurutzatu da iturgina. Matxura goiko ur-tangan gertatu da, buia zaborrez beterik aurkitu du. Zerbitzua martxan jar daiteke, hori bai, etxeko hoditeria lokatzez betetzeko arriskuaz ohartarazi digu, etxe guztietan karrikako ur-gakoak ixteko eskatu du. Auzolan txiki bat apailatu dugu giltza horiek ixteko. Herrian azken hiru hamarkadetan ez da pulamentuzko auzolanik egin, gaurkoa ez da munta handikoa izan.

Arratsean baratza ureztatu ondotik Iturtxipiara bidean Joakinekin elkartu naiz, euria hartu dugu hizpide, apiriletik ez du pulamentuzko euririk bota. Hau guzti hau duela bi aste gertatu zen.

Herenegun goizaldean euriak esnarazi ninduen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.